Omenaldi paregabea

Sortuko dira besteak
Joxan Lizarribar gogoan


Abeslariak: Mikel Urdangarin, Petti, Olatz Prat, Arantxa Irazusta, Alex Sardui, Mixel Ducau, Eñaut Elorrieta. Errezitatzen: Harkaitz Cano.
Noiz: ekainaren 21ean Non: Tolosako Leidor antzokian.

Emozio handiz bizi izan genuen Tolosako Leidor Aretoan Sortuko dira besteak ikuskizun berezia. Joxan Lizarribar, Berriako administrazio kontseiluko lehendakaria izandakoa omendu zen ekainaren 21eko ekitaldian, egunkari honen hamargarren urteurrenarekin batera gauzatu zena, hain zuzen.

Ezinbestean, karga emozional handiko kontzertua espero genuen eta zenbait momentutan giro hunkigarriak gailendu ziren, batez ere Joxan ezagutu zuten abeslarien gogoetak entzuterakoan.

Kutsu malenkoniatsua presente egon bazen ere, abeslariek egindako ekarpenekin bestelako sentipenak ere nahasi ziren, eta aspaldian izan den kontzerturik ederrenetakoa entzuteko aukera izan genuen Leidor Aretora hurbildu ginenok. Euskal kulturan ezagunak diren hainbat lagun ikusi nituen entzuleen artean.

Eszenatoki xumea, eta aldi berean, dotorea. Proiektu honen berezitasunetara egokitzen den ekipo profesionala izan zuten haien alde. Gainera, Leidor Aretoaren eraberritzearekin lortutako akustika ezin hobeak soinu kalitate maila gorena bermatzen lagundu zuen, eta soinu-teknikarien lana erraztu zuen. Argi-jokoen kontrasteekin, itzalen artean sortutako bolumenekin, taula gainean zeuden artistek distira egiteko osagaiak bazituzten.

Estitxu Pinatxoren ahots ikaragarriak eman zion hasiera kontzertuari, Bitoriano Gandiagaren Hemen euskaldun izatea… hitzekin. Poetaren hitzek sortzen duten zirrara berehala piztu zuen entzuleengan.

Kontzertu honetako luxuzko gonbidatuetako bat Mixel Ducau izan zen. Duela 35 urte Errobi taldeak Tolosan grabatutako diskoko Nire lekukotasuna abestia kantatu zuen Eñaut Elorrietarekin batera, eta Olatz Pratekin bikotea osatuz, Lurra abestia. Gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta saxoa jo zituen artista aldartetsuak eta taula gainean gozatu egin zuen Xanet Arozena konplize zuela.

Eszenatokian abeslariak tartekatzen joan ziren bakarlari, bikote nahiz hirukote gisa. Pasarte batzuk aipatzekotan, Arantxa Irazusta mezzosopranoaren ahots eztia Mikel Urdangarinen ahots leunarekin bat etorri zenekoa adibidez, edota Pettik eta Estitxuk batera abestu zutenekoa, bakarlari bezala duten garra bikote bezala bikoiztu zenekoa, alegia. Aparteko tinbrea duen Eñaut Elorrietak berezko sentsibilitatea azaleratu zuen kantetan eta Alex Sarduiren espresibitateak behin eta berriz atera zituen jendearen txaloak eta oihuak. Bero-bero jarri zuen aretoa.

Molde ugaritako abestiak

Estilo eta erritmo anitzeko kantak abestu zituzten: tangoa, pasodoblea, bluesa, rocka... Denek izan zuten beren une gorena, abeslari bakoitzaren erregistroetara ederkien egokitzen zen abestiaren hautaketa ongi egin izanaren ondorio. Behin baino gehiagotan izan zuten luzitzeko aukera bai euskal autoreen kantu ezagunekin –Laboa, Lete, Imanol, Lertxundi–, baita nazioarteko abestien euskarazko bertsioekin ere –Joe Cocker, Janes Joplin, James Brown–. Abesti propiorik ere kantatu zuten. Zuzeneko emanaldi honetan jendearengana iristeko behar den espiritua sumatu genuen, batzuengan besteengan baino gehiago baina, bakoitzak bere modura, bizi zuena transmititzeko ahalegin hori ailegatu zitzaigun.

Goraipatzekoa da Joxean Goikoetxeak, eskusoinua eta teklatua jotzeaz gain, abestien moldaketekin eta taldearen gidaritzan egindako lana. Hernaniarrak eskarmentu handiko musikariak batu zituen: Txema Garces baxuan, Xanet Arocena gitarran, Luis Fernandez txeloan, Nika Bitchiashvili biolinean eta Oriol Flores baterian.

Iaz Euskal Herrian barrena Xabier Lete gogoan izan zuen emanaldiak jarraipena du, bizitza luzea izateko jaioa den ikustaldi berri honekin. Oraingoan askeagoak izan dira, bai abestiak aukeratzeko garaian, bai eta estilo musikalak jorratzerakoan ere, batez ere hauen moldaketetan. Euskal kantarien obrak berreskuratzearekin batera klasiko bihurtu diren nazioarteko hainbat abesti euskarara moldatu dira Sortuko dira besteak ikuskizun berrian. Abeslari ezberdinak batzearen aldeko apustuarekin jarraitu dute, eszenatokian zenbait belaunaldi bilduz, euskal ikuspegi musikaleko puntako artisten erakusleiho. Belaunaldi berriekin zubia eraikitzearekin bat, lurraldetasuna ere aintzat hartu dute oraingoan ere. Kantaldi kolektiboa, anitza, ikustaldiz ikustaldi berritzen joango dena eta emanaldiz emanaldi jendea asetzeko irrikaz berpizten doana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude