Ondare ez-materialen artean, segur aski denbora izanen da altxor preziatuena gutako askorentzat: guztiok nahi dugu ez omen dugun denbora gauza gehiago egiteko. Alde horretatik, ekintza erradikala bihurtzen ari da egunerokoak –sistemak– ematen ez duen denbora hartzea: nork bere inguruari begiratzeko denbora; nork bere gorputza haztatzekoa; nork bere harremanak zaintzekoa.
Ez da kasualitatea, beraz, sistema –egunerokoa– astindu gogo dutenek denboraren kudeaketan enfasia jartzea, indibidualki nola kolektiboki. Beste mundu bat aldarrikatzen duten lagunak beste erritmo bat ere eskatzen ari dira, mendebalean bereziki. Gure biziak zeharkatzen dituzten Abiadura Handiko Trenak bat baino gehiago dira, haien burdinbiderik ikusten ez badugu ere.
Egunotan bizi gaituen pragmatismo zitalak bere erroak nonahi ezarriak ditu, hausnartzeko beharrezkoa den denbora irentsiz. Zientziaz eta ezagutzaz arduratzen den unibertsitatean, esaterako, inoiz baino ikerlan gehiago argitaratzen ari dira. Produkzioak gora egin du; ezagutzak, ordea, ez dakit. Zinezko ezagutzak denbora eskatzen baitu beti.