Reading-eko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Mark Gasson ikerlariak txip bat jarri zuen bere ezker eskuko gainazalaren azpian 2009an. Txipak hamabi milimetro luze eta bi milimetro zabal ditu, eta irrati-frekuentzia bidez identifikatzen da. Hainbat aplikazio du horrek. Laborategian sartzeko atean dagoen RFID sistemak, esaterako, eskuko txipa irakurri eta atea zabaltzen dio Gassoni.
Sistema hori gauza askotarako erabiltzen da; besteak beste, animalien migrazioak aztertu eta kontrolatzeko, edo, pertsonen gorputzean, medikuntza-helburuekin. Baina Gassoni ezustekoa gertatu zaio bere sisteman: laborategiko ateko RFID sistemak birus informatiko bat txertatu du haren txipean. Ondorioz, txipak transmititzen dituen datuak ez dira fidagarriak jada. Hori bai, Gassonen osasuna ez dago arriskuan.