Aukera berri bat birziklapenari

Ordiziarekin, Gipuzkoako hamazazpi herri izango dira atez ateko bilketa sistemarekin funtzionatzen dutenak.
Ordiziarekin, Gipuzkoako hamazazpi herri izango dira atez ateko bilketa sistemarekin funtzionatzen dutenak.Aiurri.

ORDIZIA izango da, datorren hilaren 12an, hondakinen atez ateko bilketari ekingo dion Gipuzkoako hamazazpigarren udalerria. Horrela, herri horietako biztanleekin eta Nafarroako Sakanan ekin diotenekin, Euskal Herrian 100.000 bat dira beren hondakinak atez ate biltzen dituzten herritarrak.

Datua ez da txantxetakoa, 2009an Usurbilek eredu honi ekin zionean, molde horrek ez zuela etorkizunik aipatu baitzen euskal gizarteko eremu politiko eta mediatiko zabaletan. Hilabete gutxitan iritsi zen hondakinen %80 modu sailkatuan biltzera eta gaur egun %82ra iristen da.

Bilketa molde hori eraginkorra zela frogatu zenean, atez atekoaren aurkako oposizioak onartu zuen herri txikietarako balio zezakeela, baina ez handietarako. Hernanik –19.000 biztanle– hautsi zuen teoria hori, eta Euskal Herriko herri gehienetan posible litzatekeela erakutsi du. 2013ko uztailean, Gipuzkoan, zazpi biztanletik ia batek atez ate kudeatzen ditu bere hondakinak. Kataluniako 100 udalerritako 560.000 biztanlek bezala; edo Italiako 18 milioi biztanlek moduan; edo San Frantzisko (AEB), Liverpool eta munduko hainbat herritan moduan.

Baina ezin da ukatu atez ateko eredua, arrakastatsua bezain eztabaidatua izan dela Gipuzkoan, eta herritarren zati oso esanguratsua honen aurka azaldu dela: atez atekoaren aurkako plataformek 73.000 sinadura bildu dituzte, haiek emandako datuen arabera. Herritarren talde hauek, gehienetan EAJ eta talde mediatiko handien sostengu zabalarekin, erreferendumak ere antolatu izan dituzte hainbat herritan eta, ika-mika ugari tartean, hauetako emaitzek oposizio honen tamaina handia erakutsi dute.

Ez hori bakarrik, atez ateko prozesua bultzatu duen Bilduren baitan ere zalantza ugari piztu da berau gauzatzerako orduan, hainbat arrazoirengatik gainera: batetik, bere boto emaileen artean badira zalantzak; bestetik, atez atekoaren oposizioak lortu du Bilduko hainbat udalek atzera egitea atez atekoan; eta, besteren artea, Sorturen baitan badu garrantzia datozen hauteskundeetan eredu honek ekar diezaiokeen boto galeraren beldurrak.

KORAPILOAREN aurrean izan da akordioaren bidetik egitea erabaki duen udalik, batez ere Bildu eta EAJko indarren adostasunez: Urnieta, Legazpia, Azpeitia, Zumaia eta Elgeta izan daitezke udal akordio berrien erakusgarri. Hainbat formularen bidez, oraingoz atez atekoa baztertzea eta birziklapena nagusiki edukiontzien bidez bultzatzea izan da egindako hautua.

Akordio hauek badituzte beren argi-itzalak. Argien artean legoke arazoak elkarrizketa eta kontsentsu bidez konpontzeko ahalegina. Bilketa kontzeptuari dagokionez, eta edukiontzien orain arteko moldearekin alderatuta, aldaketa esanguratsuenak bi dira bereziki eta hauek ere argien artean kokatzeko modukoak: birziklatzea derrigorrezkoa izatea eta –txip bidez– era kontrolatuan egitea.

Itzal nagusiak eraginkortasunari dagozkio. Orain arteko edukiontzien ereduan, borondatezko bosgarren edukiontzia gehituz, sailkapen tasak nekez iristen dira %40-45era (Lazkao, Urnieta). Zumaian uneren batean iritsi izan dira %60ra, baina derrigorrezkoa ez izatean, kontzientziazio kanpainak desagertzean, pikoak behera egiten du. Esperimentu berritzaile hauen itzalen artean zerrenda daiteke baita ere birziklatze tasa ahalik eta handiena lortzeko ez dela plangintza eta epe zehatzik finkatu, horrek dakarren arriskuarekin.

Laburbilduz, eztabaida guztiaren erdian azaleratu den kontzepturik garrantzitsuena zera da: ez da garrantzitsuena biltzeko sistema, baizik eta birziklatze tasa handienera iristea. Edo bestela esanda, helburua da ahalik eta gutxien kutsatzea –hondakinak nahasian biltzea kutsadura da–. Eta helburu hau betetzeko, oraingoz argi dago biderik eraginkorrena atez ateko bilketa dela (%80-85eko sailkapen tasa). Eredu honek, gainera, beste gauza oso garrantzitsu bat ere erakusten du, indarrean jartzen den herrietan, herritarren gehiengoak normaltasun osoz sailkatzen ditu hondakinak eta eztabaida hau lehen planoetatik desagertzen da.

Lortuko al dute halakorik bilketa saio berriek? Ikusgai da, baina begirunerik handiena eta emaitzik onena merezi dute saio berri hauen bultzagileek. Atez ateko saioak merezi duen, eta orain arte izan ez duen, begirune eta arrakasta bera. Birziklatzeak merezi du orain arte izan ez duen aukera.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude