Nostalgia Sistematikoa

  • Tortura Sistematika ::Todos somos culpables

    Live & Demo collection 84-85

    Truco Espárrago, 2013

Tortura Sistematika hardcore rock talde tolosarra sortu zenetik 28 urte igaro diren honetan, Asturiaseko tipo ausart batek, Truco Espárrago zigiluaren arduradunak, taldearen “maketa” deiturikoak argitaratu dizkigu. Gaur eta hemen, youtubek, googlek eta sare sozialek osatzen duten gure mundu honetan.

Ez dakit zenbat izango ginen garai hartan haiek entzunez sistematikoki torturatzen ginenak. Kalkulatzen dut agian berrogeita hamar bat izango ginela, Tolosaldekoak gehienak; eta eskuzabalago jokatuta, beharbada bostehun edo milara ere helduko ginen, modu global, mundial, unibertsal eta estratosferaz gaindikoan esanda.

Ekar dezagun gogora orduko teknologia musikala. Maketa, zinta magnetikozko kasette, binilozko single, Ep eta Lp-en sasoiak ziren; tocatek orratzaz eta bozgorailuz funtzionatzen zuten, eta irrati-kasetteei tekla lodikoteak sakatu behar izaten zitzaizkien soinua erreproduzitzeko edo zinta atzera eta aurrera biltzeko. Maketarik grabatzen bazenuen, postaz igorri behar izaten zenion entzuletzat nahiko zenukeen horri, edota kontzertuetan saldu eta banatu behar izaten zenuen maketa. Kontzertuak lortzeko ordea, lehenik eta behin maketa zabaldu beharra zegoen, edo taldea nolabait ezagutzera eman. Hain zuzen, T.S.ren kasuan, jardun horretan buru-belarri aritu zen Javi, Destruye fanzinearen editorea. Hari esker lortu zituzten kontzertu mordoa bai herrietako festetan eta bai gaztetxeetan –garai hartako “proto” gaztetxeetan–.

Artean askotxo falta zen etxeko grabazioak egin bezain laster Mendebaldeko gizartearen gailu pribatu eta niminoetan entzuteko aukera sor zedin, egun den legez. Tortura Sistematika bezalako “banda” narras eta bitartekorik gabekoek, egin zerorrek filosofiaren muturraren muturreko praktikatzaileek, buruz burukoa izaten zuten salbazioa, loria eta miseria. Alegia, kontzertuak. Paradoxikoki, gaurko edozein bandari gertatu ohi zaion moduan.

Kontzertuei esker erdietsi ziren bostehun, beharbada mila, edo bi mila jarraitzaile horiek, eta haiei esker sortu zen hardcore talde tolosarraren “legenda”. Izan ere, etxeko grabazioen soinu kalitateak, alegia teknologiak, nekez limurtuko baitzituen entzuleak.
Tortura Sistematika taldearen kontzertuak bere kideen eta lortzen zuten sonoritatearen ispilu ziren: gogorrak, murritzak, kaotikoak, soinu gonbitoak. Shanti bezain teatralak, Lanber bezain kaotikoak, Joxi bezain zuzenak, Txanpi bezain gogorrak. Drakek eta Enekok ere jotzen zuten bateria. Biak ala biak, Txanpi bezala, BAP! taldeko kideak ziren. Kontzertu ikaragarriak eskaini zituzten elkarrekin. Bazuten, gainera, “himnoa” ere. Alegia, kontzertuen amaieran eskaini ohi zuten abestia, denok espero genuena, biltzen ginen guztiok (berrogeita hamar inguru horiek, gizonezkoak gehienak) buruz genekiena, eta, normalean mozkor-mozkor eginda, koruan kantatzen genuena: Guazen etxera… Lanberren amonaren hitzez sortua, Lanberren beraren riff amaiezinez osatua, hain zuzen ere Torturaren gainerako abestien estiloarekin bat ez zetozen punteoez osatua. Punteo hauek hain ziren luzeak, hain heavy-sinfoniko motakoak, ezen Shantik “Bukatu abestia” erantsi ziola hitzari. Piezarik tolosarrena zen zentzu guztietan, ganberroa zelako, eta inauteri betekoa.

Grabazioak berreditatu ahal dira, baiki, baina ezinezkoa izango da kontzertu ikaragarri haiek berriro ematea, lau kideak “Hardcoreko dinosauroak ez dira sekula hilen” moduko ekimen baterako elkartuta ere. Orain eta hemen, Lanberrek giltzurrun bat transplantatua izateaz gain margotzen ematen du eguna; Shantik kateme bat dauka eta Lobo Eléctrico taldeko frontmana da; Joxi kazetaria da ofizioz eta bi haurren aita; eta Txanpi soinu-teknikariak, bi seme-alaba eta baratzea ditu.

Nolanahi dela ere, Tortura Sistematikak izan zuen dimentsioa kontuan izanik, meritua du haien soinua beste batzuen gozamenerako berreskuratu izana 2013an, grabazio paregabe haien DVD edizio honen bitartez. Nahiz eta, ondo pentsatuta, ez den meritu kontua. Tortura Sistematikakoek garai hartan zirena egiten zuten, ez beste. Eta horrek, iraun egiten du.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude