argia.eus
INPRIMATU
Udarako lanak

GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2013ko ekainaren 27a

Sei hilabete igaro dira Eusko Legebiltzarra eta Jaurlaritza berriak osatu zirenetik. Erakunde hauek herria ordezkatzen dutenez, herriaren eskaerei erantzun behar diete. Agintariek eta herri ordezkari guztiek badakite zer den herriak eskatzen duena: planeta honetatik kanpoko biztanle bat ere berehala ohartuko zen pare bat egun gurekin biziz gero. Jendeak egunero luzatzen ditu bere kezkak, eskaerak eta itxaropenak. Gaur, kezka horiek hiru gai hauei lotuta daude: krisia eta eman zaion irtenbidearen ondoriorik larriena. Pobrezia, bakea eta elkarbizitza indartzea. Burujabetza eta Estatuarekiko lotura edo harremana.

Sei hilabete horietan izan dira hainbat gertaera. Latzena, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak erretiratu behar izatea, inolako babesik jaso ez zuelako Legebiltzarrean. Eta beste batzuk: bake eta elkarbizitzarako ponentzia martxan jarri da hankamotz, PPk, momentuz, parte hartu nahi ez duelako; bertan eta kanpoan Estatuarekin eduki nahi den harremanari buruzko eztabaidak.

Hiru arlo horietan gertaera horietatik zerbait ikasiko zuten, batzuek zein besteek. Bestela, gureak egin du. Esaera batek dio porrot guztietatik ikasten dela. Hilabete horietan porrot bat baino gehiago gertatu da, eta ez bakarrik Jaurlaritzarenak. Denek egin dute porrot herriaren eskaerei oraindik erantzun sendorik eman ez dietelako. Beraz, denek ikasiko zuten.

Horretarako balio dute azterketek, zenbat ikasi den neurtzeko eta egindako esfortzua baloratzeko. Azterketek, gainera, errepikatzen direnez, aukera berriak ematen dizkigute ikasgaia barneratu dela froga ahal izateko. Unibertsitatean, Bolonia sistema berriarekin betiko iraileko azterketak uztailaren hasieran egiten dira eta uda igaro bezain pronto ikasturte berriari ematen zaio hasiera.

Gure ordezkariak Bolonia sistematik kanpo daude oraindik. Oraintxe ari dira ekaineko azterketak egiten: bilerak noiznahi akordioetara iristeko hainbat arlotan, datorren 2014rako aurrekontuentzat oinarriak jarri eta irudi berria eman nahian, adibidez.

Baina mundua ez dago geldirik. Bitartean, kanpotik iristen zaizkigu hots berriak. Egia esan, berriak bozeramaileagatik, baina ez edukiagatik, hara non, orain Kontzertu Ekonomikoa bertan behera utzi behar den pribilegio onartezina omen da. Ez dakit –alferkeria sartzen zait horretaz pentsatzerakoan–, baina pribilegio izateaz gain, itun baten alde bat ere bada eta alde hau gabe, beharbada, itun osoa lehertuko edo leherraraziko da.

Bitartean ere, eta hau bada benetan pozgarria, hementxe bertan batzuk ari dira lanean, jo eta ke, irabazi arte, helburu sendoak lortu arte. Jonan Fernandez gai izan da talde anitza eta trinkoa osatzeko Elkarbizitzaren alde lana egiteko. Talde honek, orain arte egindako lanari jarraituz, lehen emaitza eman du eta 1960. eta 2013. urteen  arteko giza eskubideen urraketa guztien “argazkia” aurkeztu du, etorkizunari begira, iragana ahaztu gabe eta, batez ere, justizia gauzatzeko gure herri maite honetan.

Hau posible izan da erakundeek bultzatuta, baina erakundeetatik kanpo. Orduan, zergatik ez horrelako eskuordetze gehiago beste arlo batzuetan. Gure ordezkariak zuzenean ez badira gai horrelako emaitzak lortzeko, hobe lukete ikasten jarraitzea eta dakitenei lana egiten uztea. Unibertsitatean, Bolonia sistemarekin ere, posible da “Ez aurkeztua” kalifikazioa ematea. Horrela ez da irakasgaia gainditzen, baina ez da deialdirik galtzen eta, are gutxiago, denbora eta herritarron ilusioak alferrik botatzen. Ondo prestatuta daudenean, azterketetara aurkeztu eta kito. Baina, horretarako, datozen uda eta ikasturte berria aprobetxatu beharko dute ondo-ondo ikasteko.