Zinema zale rockeroak giro eta esperimentazioan sakontzen

  • Norman ::Perkins

    Gaztelupeko Hotsak, 2013

Pozgarria da noizbehinka genero itxietatik kanpo, aurreiritzirik gabe eta modei uko eginez, barrenera soilik begiratuta, Euskal Herriko rockari, erritmo biziei eta amorruari buelta erdia ematea. Beraien krimenak Norman izenpean egiten dituzten eibartarrek –ondarrutar eta soraluzetar bana arduratzen da biktimak lotzeaz– disfrutatzea dute helburu bakarra. 2007an Eibarreko Legarreko lokaletan Electric Dolls punk-rock taldean aritutako Alex eta Kobi; The Gominols eta Skandalu Publikun gaizkile gisa aritu zen Kepa; eta oraindik fitxa polizialik ez duen Beñat elkarrekin gauaren erdian irteten hasi ziren inork zehatz ez dakien lekuetara. Baina bat-batean, 2008an, Danbaka musika lehiaketako finalera heldu ziren. Eta 2009an Bilbo Hiria lehiaketarako ere sailkatu ziren. Hori guztia, inongo lanik kaleratu gabe zirela. Zertan demontre ibiltzen dira gauetan?

Gaizkile hauek musika asko eta oso anitza entzuten dute. Ezin dute ezkutatu nolabaiteko iragan hardcorea dutela, melodiaren zaleak direla eta euskal musika ere apreziatzen dakitela; ezohiko ezaugarriak hirurak, eta guztiak batuta, are eta bereziagoa emaitza. Beraien lehenengo lana (Norman, Gaztelupeko Hotsak, 2009) haize fresko bezala definitu genezake, baina kantu guztiek Psicosis filma dute oinarri. Garapen eta erritmo aldaketa handiko kantuak dira, psikodelia eta giro oso ilunez josiak, eta aldi berean oso melodikoak. Izan ere, askotan beraien burua balazta gabe maldan behera bota izan dute punk-rock ilun, melodiko eta skizoaren bila. Korapilatsuegiak punk-rock zaleentzat eta rockeroegiak esperimentazioaren jarraitzaileentzat.

Kontzertu batzuk –gutxi– eman ostean, Legarreko lokalean berriro ezkutatu eta jende ondratuak lo egiten duen bitartean abestiak idazteari ekin eta gaizkide duten Ander Barriusoren laguntzarekin grabatzen hasi ziren. Sasoi hartan Kobi bateria jotzaileak taldea utzi zuen eta Kaosaren erasoak taldeko Peñalbak ordezkatu zuen. Beñaten esperimentazio nahiak iturburu handiagoa aurkitu zuen, iraganean azal azpian bizi zen 50eko hamarkadako rocka ia alboratu eta Peñalbak kolpe are eta kaotikoagoa, are eta bortitzagoa, eman dio lanari.

Perkins diskoak (Biniloan plazaratu da, CDa barruan opari duela) Psicosis-en erruz jaio zenari jarraipena ematen dio eta B seriean eta zine beltzean inspiratuta, erregistro, sonoritate eta giro gehiagorekin jolasten dute ia mugarik gabe. Era berean, musikari moduan hazi egin dira, Beñat abeslariak lan itzela egin du eta beraien musikak transmititzen duen ezinegona –oso talde gutxik lortzen dutena– areagotu egin da. Bada oraindik Dead Kennedys, Zen Guerrilla, Mike Watt eta psikodeliatik edaten duen punk-rock skizo delakorik, baina giro desberdinak lortzearen bidean Union Carbide Productions, Fantomas, Gun Club, perkusio afrikarra, theremina, Zirkoa eta AmRep zigiluko taldeak ere bidelagun izan dituzte. Lan itzela!

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude