argia.eus
INPRIMATU
Merenge frantsesa Nafarroako AHT proiektua baino sendoagoa?

Julio Villanueva 2013ko ekainaren 27a

Duela gutxi Nafarroako gobernuburu den Yolanda Barcina andereak holako “perla” bitxia bota zuen: “Historiak Leitzarango autobidea, Itoizko urtegia, Nafarroako ubidea, AHT (Abiadura Handiko Trena) eta beste azpiegitura handien aurkariak barregarri utziko ditu”.

Castejon eta Arrizabalaga arteko AHT iragarri ondoren ikusi beharko da historiak bera nola uzten duen. Izan ere, 60 km eskaseko AHTren tartea eraikitzea, hurrenez hurren 4.316 eta 177 biztanle dituzten eta geltokirik gabe geldituko diren bi herriak lotzeko ez dirudi oso erabaki arrazoizkoa denik, ezta euren ikusmolde garapen zaleetan ere, are gehiago defizit politikak lupaz begiratzen diren garaiotan. Teoriaz behintzat, AHTren bultzatzaileek kilometro askotara dauden hirigune populatuak lotzeko garraiobide egokiena AHT dela azpimarratzen dute. Ez dirudi, antza, kasu honetan bi baldintza horiek ematen direnik.

Shakespearek behin esan zuen Nafarroak mundu osoa harrituko zuela. Pentsatzen jarrita, idazle ona izateaz gain, igarle oso ona ere bazela begitantzen zait. Idazle ingelesak, segur aski, Errekorren Guinness Liburuan munduko AHT linearik motzena izanen den Foru Txutxu–AHT linea hau aurreikusi zuen eta.

Estatuak Euskal Yrekiko eta Zaragozarekiko lotuneak abiadura handian baztertu ondoren nafar korridorea inoizko krisirik gorriena jasaten ari da: AHTren aldeko alderdi politikoak ez dira ados jartzen, inprobisazioa eta lardaskeria inoiz baino ageriago gelditzen ari da, proiektuaren funsgabetasuna eta ahuleziak nabarmenak dira eta jendeak adarra jotzen ari zaiolako sentsazioa gero eta barneratuagoa du. Nahiz eta aldekoak hirugarren haria behin behineko irtenbidea dela eta krisia gainditutakoan nafar korridore guztia abiadura handian izanen dela behin eta berriro errepikatu, inork ez du sinesten, ezta eurek ere. AHT Nafarroan etorkizunik gabeko proiektua da.

Duela urte eta erdi Yolanda Barcinak Mugitu!-ren tartak jaso zituenez geroztik, maldan behera joan zaio dena: UPN bakarrik gelditu da Gobernuan, bere alderdiaren barruan ere inoiz baino arerio gehiago du, CANeko afera lehertu zaio, eta AHTren proiektua Nafarroan gero eta ahulago dago.

Tartakadak jaso ondoren esan zuen AHT Nafarroara azkarrago irits zedin lan eginen zutela, baina errealitatea egoskorra da eta muzin egin dio. Are gehiago, proiektuarekin segituz gero, CAN bezalako beste arazo iturri bat zabalduko du. Zeren, nola justifika daiteke tamainako lardaskeria? Akaso eraikuntza enpresekin dena hitzartuta dago esleipenak egin aurretik eta honez gero komisioak kobratuta dituzte?

Nafarroako faraoi andereak, tartalariak bere porrotaren errudun baikinan, geure buruak nahi ditu zilarrezko erretiluan. Horregatik fiskalak baino zigor handiagoak eskatzen ditu: sei urteko kartzela zigorra eta 3.600 € hiru auzipeturentzat eta laugarrenarentzat, herri txiki bateko zinegotzi izateagatik, 9 urte eta 5.400 €. Gainera, Auzitegi Nazionalean lagun handiak dituenez gero, gure helegitea errefusatzea lortu du. Beraz, itxura guztien arabera, bertan epaituak izanen gara.

Nor eseriko da lehenago akusatuen aulkian, bera ala gu? Justizia ezagututa, gu izanen garelakoan nago. Hala ere, gauzek horrela segituz gero, berak baino sostengu sozial handiagoa izanen dugulakoan ere banago.
    Oharra: Julio Villanueva TAV-takadengatik auzipetutako Mugitu!ko kideetako bat da.