argia.eus
INPRIMATU
La Grande Boucle

Amets Arzallus 2013ko ekainaren 27a

Orain Bidegoian deitzen zaion Gipuzkoako herri hori gurean beti bi herri izan dira, bata Bidania eta bestea Goiatz. Herri txikiak dira orain, baina mapa zaharretan agertzen omen ziren, pentsa, Joxe Agirrek esaten zigun Bidanian jaio zela izotza. Hori baino dokumentatuago dago garai batean Bidanian egiten zirela Gipuzkoako Batzar Orokorrak, Usarraga baserriko zelaietan, hura izan nonbait Gipuzkoako epizentroa. Baina goiaztarrak ere ez ziren zilborrik gabe jaio, eta Goiatz omen da Gipuzkoako herririk altuena, hala dio gure aitak. Elgetarren batek kontra egin izan dit inoiz, hura omen dela garaiena. Bakoitzak bere astoari arre. Eta nik biei barre. Aita haurra zela Goiatz Bidanietan esaten omen zen pertsona batek frantsesez eta bizikletan ibiltzen jakin ezkero ez zeukala munduan inora joateko beldurrik. Aste honetan hasiko da Frantziako Tourra, ehungarrena. Eta ziklismoaren aspaldiko martxa ikusita, hainbeste sasi mediku eta sasi kazetari, apustu egingo nuke txirrindulari bat baino gehiago beldurrez joango dela Korsikara.