argia.eus
INPRIMATU
Inurriek lurrikarak detektatzen dituzte

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko ekainaren 27a
Quartl-CC BY SA

Alemaniako Duisburg-Essen Unibertsitateko Gabriele Berberich biologoak Geozientzien Europako Batzordeen urteko biltzarrean aurkeztutako azterketaren arabera, inurri espezie batzuek lurrikaretatik babesteko neurriak hartzen dituzte.

Inurri gorriak aztertu zituen Berberichek, eta Richter eskalan 2 edo faktore handiagoko lurrikarak detektatzen zituztela ikusi zuen. Datuak neurtzeko eta biltzeko hainbat bideokamera kokatu zituen software bati lotuta, inurriak bizi ziren eremu batean. Denbora luzean hartutako irudietan oso garbi azaltzen da lurrikara gertatu aurretik inurriak ez direla euren babeslekura sartzen, hau da, kanpoan irauten dutela lurrikara igaro arte. Kanpoan denbora asko emanda harrapari batek jateko arrisku handiagoa dute, baina lurrazpiko babeslekuetara ez sartuz betiko lurperatuta geratzea saihesten dute.

Jokaera hori garbi ikusi dute ikerlariek; ez dago hain garbi, ordea, inurriek zer sistema erabiltzen duten lurrikarak detektatzeko. Ustez, hargailu batzuen bidez suma ditzakete airean gertatzen diren karbono dioxido kopuruaren eta eremu elektromagnetikoen aldaketak.