Zementu zati bateko herritarra izan nahi?

Roughs Tower itsas plataforma. Edo Sealandeko Printzerria.
Roughs Tower itsas plataforma. Edo Sealandeko Printzerria.Richard Lazenby

Nazioarteko urak, 1942. Ejertzito britainiarrak Essexeko kostaldetik hamahiru kilometrora dagoen hondarpe baten gainean HM Fort Roughs itsas gotorlekua jarri zuen. Bi dorreen gaineko plataformak 550 metro koadroko azalera besterik ez zuen, baina Bigarren Mundu Gerrak iraun bitartean itsas armadako 150 kideko taldeak okupatu zuen. 1956an utzi zuten plataforma azken soldaduek.

1976ko irailaren 2an, armada britainiarreko komandante ohi Paddy Roy Bates-ek Roughs Tower plataforma hartu, bere burua Sealandeko printze izendatu eta zementu zatiaren subiranotasuna aldarrikatu zuen. Hurrengo urtean, britainiar itsas armadako ontzi bat “errege familia” Sealandetik botatzen saiatu zen, baina printzerriko biztanleek tiroz erantzuten zuten. Royren seme Charles –gaur egun Sealandako Charles I.a printzea– epaitegietara eraman zuten, baina auzia bertan behera utzi zuen Chelmsfordeko auzitegiak, erasoa britainiar uretatik kanpo gertatu zela argudiatuz.

1978an, Bates kanpoan zela, Alexander G. Achenbach “lehen ministroak”, sealandar talde baten babesaz, gotorlekua indarrez hartu zuen. Batesek kontraerasoa prestatu zuen: helikoptero bat lortu, printzerria berreskuratu eta errebeldeak “gerrako presotzat” jo zituen. Gehienak gatazka amaitzean askatu zituzten, baina Gernot Pütz alemaniar abokatua traidoretzat jo eta preso atxiki zuten. Londresko enbaxadako alemaniar diplomatiko batek bitartekari lanak egin behar izan zituen Pütz askatzeko. Achenbachek eta haren jarraitzaileek erbestaldian Sealandeko legezko gobernuko kideak zirela aldarrikatzen jarraitu zuten arren, printzearen begietan hura beste garaipen handi bat izan zen Sealandeko historia loriatsuan.

90eko hamarkadan, esperpentoa biribiltzeko, espainiar guardia zibil ohi bat sartu zen herrialde ñimiñoaren ibilbide labur eta mamitsuan. Francisco R.T.-k Sealandeko enbaxada muntatu zuen Madrilgo Serrano kale garestian, eta bere burua erregeoerde izendatu. Laguntzaile talde bat osatu zuen, kargu diplomatikoak eman zizkien, beren autoei matrikula diplomatiko faltsuak jarri, benetako enbaxadetako festetan gonbidapenik gabe azaltzen zen... Eta milaka pasaporte saldu zituen 9.000 eta 55.000 dolar bitarteko prezioan, baita noblezia tituluak ere. 1997an, sarea desegin eta arduradunak atxilotu zituztenean, Sealandek 160.000 biztanle zituen, pasaporte kopuruan oinarrituta behintzat.

2007an printzerria salgai jarri zuten 750.000 milioi euroren truke, Espainiako Inmonaranja agentziaren bidez. Espainiar “enbaxadarekin” izandako eskarmentua ez zen nahiko izan, nonbait.

Erosleren bat azaldu bitartean, gaur egun, printzerriak noblezia tituluak eta hainbat merchandising produktu eskaintzen ditu plataformaren albo batean letra handiz iragartzen den www.sealandgov.org webgunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude