Nafarroa, euskal lurraldetasunaren gakoa

“Zazpiak bat” eta “Laurak bat” izan ziren abertzaletasunak lurraldetasuna aldarrikatzeko erabilitako lelo historikoak. Lelo maitagarri hauek aspaldi zaharkituak gelditu zirela ukatzerik ez dago, inoiz bideragarritasunik eduki baldin bazuten; besteak beste, Iparraldeko “probintziak” erdi aroko oroitzapen bat baizik ez baitira eta hegoaldean lauretatik has litekeen abiapunturik ez delako. Gaur egun Hegoaldean bi erkidego autonomiko daukagu eta Iparraldean antzeko elkargo baten aldarrikapena da nagusi; hori da lurraldetasunaren abiagunea.

XXI mendean eta Euskal Herria dagoen kokagune geografiko-politikoan, lurraldetasuna soilik bide eta babes demokratiko zehatzetik lor liteke. Beraz, autodeterminazioaren bitartez. Gakoa da Euskal Herriak ez daukala gaur gaurkoz erakunde orokor eta onarturik, baldin eta hizkuntzaren arloan Euskaltzaindia ez bada. Nola gauzatu orduan, demokratikoki lurraldetasun aldarrikapena Euskal Herrian? Hiru esparru politiko autonomikoak hiru erabaki esparru direla onartuz; hori da bidea eta hori da euskal gizarteek onartzen dutena. Agian hiru hizkuntza eta hiru gizarte dituen herriaz mintzatu beharko genuke.

Iparraldea asmatzen ari dira lurralde elkargoa aldarrikatuz. Euskal Erkidego Autonomoak erabaki eskubidea jasoko duen statusa lortzean dauka erronka. Nafarroari aldiz, gertatzen zaiona da Espainiako estatuak ipinia dion espainolismoaren azken trintxera edo muga izateko papera gainditu behar duela; “Navarrismoa” deitutakoaren xede eta izateko arrazoi bakarra horixe da eta hori gainditzeko Nafarroa erabaki esparru bezala onartu eta aldarrikatu egin behar da.

Errealismoaren aginduz edozein aldaketa politikoa gaur egungo egoeratik abiatu behar du eta indar politikoen korrelazioaren arabera garatu. Bidean eta bidaian lehiatu beharrekoak harremanen eta elkarlanaren garapenak dira; adibidez Nafarroak eta EAE-k une honetan ez daukate inolako harreman egiturarik, nahiz ekonomian edo soziologian edo kultura edo politika mailan premiak eta onurak elkarlan horretatik lortu ahalko liratekeen. Ezinbestekoa da elkarlanaren aldeko apustua eta lehia hori da navarrismoari jokatu eta irabazi behar zaiona lehenik eta behin. Ezin da ahaztu Nafarroaren eta beste hiru probintzien arteko haustura politikoa ez dela autonomien estatutik sortu eta neurri handi batean orain dela 800 urte baino lehengokoa dela.

Iparraldeko lurralde elkargoa eta Hegoaldeko bi autonomiak erabaki eskubidearen balizko abiapuntuak izateaz gainera, nazio nortasun ezberdinekoen aurki-guneak dira. Independentziaren bidea eta bidaia abertzale ez direnekin bate egin beharrekoak dira eta ideia horrexek ematen digu abertzaleoi eskubide demokratiko osoa ez bakarrik independentzia aldarrikatzekoa, baizik geure nazio nortasunaren aukera bere osotasunean bizitzekoa. Abertzaleok oraindik gutxiengoa garela onartuz, Nafarroa erabaki esparrutzat aitortzea demokratikoki beharrezkoa zaigu, baldin eta egoera aldatu nahi badugu. Etorkizuna aniztasunen lehian jokatuko dugu abertzaleok navarrismoarekin. Baina gauza bat da Nafarroa erabaki esparrutzat aitortzea eta bestelakoa Geroa Bai edo Zabaltzen irristatu diren amildegia; zera, Nafarroa “subjektu bakartzat” onartuz.

Autonomiak beraz, ez dira independentziaren oztopo edo aurkari bezala ikusi behar, baizik abiagune, erabaki esparru eta ezberdinen arteko topagune bezala; azkenean balizko independentziaren bide eta bidai hasiera bakarrak bezala. Inork ez lioke autonomiaren defentsan abertzale bati irabazi beharko, nahiz eta abertzalearentzat autonomia ez izan asegarri osoa. Laburbilduz esan genezake euskal lurraldetasuna izaera diakronikoa duen xede politikoa dela.

Europa osoan, eta zehazki Espainian, une esanguratsuak hurbiltzen ari dira erabaki eskubideari eta nazio berrien eraikitzeari dagokionez. Eskozian, Irlandan edo Katalunian gertatzen ari dena ez zaigu arrotza gertatuko. Batzuek eta besteek irekitako bideak baliagarri izanen zaizkio hein batean Euskal Herriari. Nazio atxikimendu askotariko gizarte motak ari dira eraikitzen gero eta nazio gehiago duen Europa zaharberrituan.

Herria denboran irauten duen "anizko nordena” edo askotariko subjektua da; hara nola, euskaldun aitortu ahal garen gaurko euskaldunok geure arbasoekin eta ondorekoekin batera. Aldi bakoitzean, ordea, herriaren nortasuna daukana unean uneko gizartea da. Herriak ditu tituluak, baina gizartea da eskubideak gauzatu ahal dituena une bakoitzean. Autodeterminazioa herriari dagokio, baina unean uneko gizarteak gauzatu ahal du. Zorionez gaur egun euskal abertzaleri osoa autodeterminazioaren alde kokatzen da, gogoan izan behar baita EAJk hautu hau Ibarretxez geroztik daukala argi eta garbi eta ordura arte soilik “eskubide historikoez” edo foruez mintzatzen zela.

Eskubide historikoen aipamena –edo foruak, ohiturak edo lege zaharra– herri izaeraren frogak dira, eduki zehatzik ez izan arren. Izan ere eskubide historikoen gaurkotze demokratikoa ezin daiteke erabaki eskubidearen gauzatzea bezala baizik uler. Navarrismoaren berezko ahuldade ideologikoa horixe da hain zuzen ere, foru edo eskubide historikoen gaurkotze demokratikoa ezin onartua. Hortxe dago euskal lurraldetasunaren gakoa.

Lurraldetasuna izan da beti ETA erakundearen eta estatuaren arteko elkarrizketa eta negoziaketa ahalegin guztietan oztoporik zailena. Adibide esanguratsuena Loiolako elkarrizketei buruz Arnaldo Otegik emandako adierazpenetan ageri da: “Nafarroa ez da arazoaren gakoa, baizik aterabidearen giltzarria”. Migel Sanzen erronka harroak, ordea, oihartzun sakonagoa eta iraunkorragoa lortu zuen gizartean: “-Nafarroa ez dago salgai”. Otegik berak onartzen du zehazki Nafarroari dagokion edozein aldaketa politikoak nafarren onespen zehatza beharko lukeela.

Loiolako elkarrizketak bukatu ondoren, 2007an, inoiz indar abertzale batek Nafarroan izan duen mailarik goiena lortuz, NABAI bigarren indar politikoa gertatu zen. Halere aldaketaren gidaritza PSNri eskaini zitzaion eta uko egin zion. Berriki, 2011n, PSNk uko egin dio zentsura mozioari eta dagoeneko aldaketa gai edo alternatiba izatea galdu du.

Beraz Nafarroako aldaketa politikoa alderdi sozialistari itxoin gabe egin beharko da. Horretarako Ezker Abertzale anitzak bere garaian NABAIk lortutako maila berdindu edo gainditu behar du, garaian garaiko erronkei helduz. François Hollandek ez zuen Frantziako presidentzia aurretiko primariorik gabe irabaziko. Euskal Herriak ere garai berrien erronkak dauzka aurrean; euskal lurraldetasuna Nafarroako aldaketa politikoan hasten da.
 


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Normalizazio politikoa
2021-10-22 | ARGIA
Ongi etorrien inguruan Sortu “hausnarketa” egiten ari dela adierazi du Arkaitz Rodríguezek

ETAren biktimek modu “zintzoan, eraikitzailean eta pribatuan” egiten dizkieten eskaerak beti “aintzat” hartu dituela adierazi du Sortuko idazkari nagusiak, eta ongi etorrien kasuan “eskaera horiek betetzen saiatzeko” ahalegina egingo duela.


2019-11-05 | Josu Iraeta
Egun gutxi barru, zer?

Gaur ez bezala, duela berrogei urte, euskaldunok egoera berri baten atarian ikusten genuen etorkizuna.Nafarroan eta EAEko Autonomi Estatutuak indarrean zauden. Hain ibilbide latz eta luzeari irtenbideak ikusten hasi ginen eta askatasunaren taupadak zoratzen gintuzten. Ura bai... [+]


Abstentzioa

Behin eta berriz esaten digute maiatz inguruan egingo direla Hego Euskal Herriko udal hauteskundeak, diputaziokoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta forukoak Nafarroan. Hori ikustekoa bada ere, noiz egingo diren ez digu inongo kezkarik sortzen. Azken batean, lau urterik behingo... [+]


2015-07-21 | Mikel Asurmendi
Politika
Inventarium

40 urteko diktadura frankistaren ondoren, beste horrenbesteko demokrazia aldia beteko da aurki. Demokrazia izan edo ez izan, indarrez hasi eta ahituz joan den gatazka armatuaren testuinguruan bizi izan dugu aro politiko hau.


2014-12-07 | Iván Giménez
Gatazkaren alde

Gatazkarik gabeko gizarte bat diktadura besterik ez da. Gatazkak, hala ere, “prentsa txarra” dauka: beldurra, indarkeria eta segurtasun eza burura ekartzen dizkigu. Gatazkaren alde egotea talibanengandik edo terrorismotik oso hurbil egotearen gauza bera omen da... [+]


Eguneraketa berriak daude