Ipar Atlantikoko merkatu bakarrerantz

Isilpeko negoziazioetan bideratzen ari dira Amerikako Estatu Batuen (AEB) eta Europar Batasunaren (EB) artean merkataritza eremu liberalizatua eraikitzeko elkarrizketak. Prozedura demokratikoa alboratuta ari dira Europan urratsak ematen. Izan ere, aurtengo otsailaren zortzian Europako Kontseilua bat etorri zen AEBen eta EBren arteko merkataritza akordio globala egiteko asmoz Legebiltzarraren ahotsa entzun gabe. Bost egun geroago bi lurraldeen arteko merkataritza eta inbertsioaren arloko liberalizazioa bizkortzea erabaki zuten Washington hirian. Ipar Atlantikoko merkataritza eta inbertsiorako elkarkidetza akordioa bideratze aldera, ekainaren erdian onetsi du Europako Kontseiluak Batzordea negoziazioetan modu ofizialean hasteko agindua. Bi eremu ekonomiko erraldoi hauen arteko merkataritza jarduera guztietan liberalizatzea eta Ipar Atlantikoan merkatu bakarra sortzea da helburua funtsean.

Azkenaldian Munduko Merkataritza Erakundearen negoziazio multilateralak etenda daude, Doha hiriburuko (Qatar) txandak aurreko hamarkadan porrota ezagutu zuenetik. Merkataritzaren liberalizazio multilaterala oztopatuta egonik merkatuak zabaltzeko bestelako ahalegin gehigarriak egin beharrean aurkitzen dira potentzia ekonomikoak, areago atzeraldi handiak merkatuak uzkurtu dituenean. AEBak aldebiko akordioen bide alternatibo hau jorratzen ari dira azkenaldian. Pazifikoko arroan merkatua zabaltzeko bidea irekitzen ari dira, baina Ameriketako liberalizazio asmoa –ALCA egitasmoa– atzean geratu zen Hego Amerikako ezkerreko gobernuen adostasun ezagatik. Testuinguru honetan ari dira AEBak merkataritza liberalizaziorako Ipar Atlantikoko merkatu eremua eraikitzeko ahaleginetan.

Elkarkidetza akordioa berrestekotan AEBen eta EBren arteko arantzelak eta aduana eskubideak bertan behera geratuko dira bi eremuen arteko ondasun eta zerbitzuen salerosketa liberalizatuta. Merkatu bakarra sortuko litzateke eta, ondorioz, lan eta ingurugiro betekizun indartsuagoak dituzten Europako salkariak AEBetako betekizun lausoagoak eta, beraz, produkzio kostu apalagoak dituzten gaiekin lehiatu beharko dira. Europan ingurugiro eta giza dumpingari ateak zabaltzeko zirrikitu gehigarria litzateke, inondik ere. Europako Batzordeak berak idatzitako txosten batean horixe aurreikusten du, akordioak metalaren sektoreko jarduera galera esanguratsua eragingo lukeela onartzen duenean. Areago, akordioak herrialde partaideen araugintza eta legedia ere ukituko lituzke, izan ere, merkaturako sarbidea errazte aldera AEBk eta EBk beraien araugintzaren konbergentzia hobesten du, arau gogorrenak merkataritza librearen aurkakoak bezala ikusten baititu. Gaur egun, AEBek nazioarteko zuzenbide esparru nagusietatik kanpo aurkitzen da kultura, lan eta ingurugiro gaietan. AEBek Lanaren Nazioarteko Erakundeak lan eskubideei buruzko konbentzio garrantzitsuak ez dituzte sinatzen, ez dute klima aldaketari buruzko Kyotoko protokoloa aplikatzen, ez dute izenpetzen kultur aniztasunaren inguruko UNESCOren konbentzioa ezta Europako herrialdeek sinatutako bestelako konpromiso batzuk ere.

Munduko balantza geoekonomikoa aldatzen ari den honetan krisi finantzarioak eragindako potentzia ekonomiko zaharrek ekimena hartzeko ahalegina litzateke elkarkidetza akordioa, merkatu bakar berriak munduko produkzioaren erdia ordezkatuko bailuke. Ekonomia emerjenteei eta, batez ere, Txinari aurre egiteko diseinatu da hitzarmena. Haatik, akordioak are nekezagoa bihur lezake krisiarekin narriatzen ari den Europako oinarri soziala eta ongizatea mantentzea, merkatu lehia irekiak babes sozialak eta ingurugiro irizpideak behin betiko lehertzeko arrisku bizia dakar eta.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude