"Geneetan sartuta daukagu izaera komunitarioa"

  • Berria Taldeko kontseilari ordezkari kargua hartu du Iban Arregik (Azpeitia, 1975). EHUko Informazio Zientzietan lizentziatua, Euskaldunon Egunkarian hasi zen 1997an  eta Berria Taldeko hainbat arduratan ibili da. Uztarria Kultur koordinakundeko lehendakari ere izana da.

Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria.
Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria.Karlos Corbella

Zertan desberdinduko da zure lan ildoa aurrekoarengandik?

Ni taldean lan egiten ohituta nago eta Joanmarik [Larrarte] ere hala egiten zuen. Talde lan horretan ahalik eta gehien sakontzen saiatuko naiz. Beti izan da inportantea, baina garai zail hauetan gehiago.

Berriak galerak izan ditu eta publizitatea eta diru laguntzak beherantz doaz.

Momentu zaila da, baina euskal hedabideentzat behin ere ez da momentu onik izan. Halako erabakia hartzeko orduan ez nau baldintzatu momentuak berak, hobea izanda ere ez litzateke errazagoa izango.

Internetek gero eta indar handiagoa du baina hedabideek paperetik jaten segitzen dute. Hala ere, garbi duzue sarean edukiak ixtea ez dela bidea. Zergatik atera duzue konklusio hori?

Gure helburua da ahalik eta jende gehienak euskaraz kontsumitzea, eta barrerak jartzen hasiko bagina, gure buruaren kontra egingo genuke. Bestalde, gurean ere badago jendea kanpora begira, eta konklusio hau atera dugu: bideragarritasun aldetik gure tamainak ez duela aukera handirik ematen. AEBetan egin dituzten probetan ikus liteke nola jaisten den kontsumitzaile kopurua, hori hona aplikatuko bagenu...

Ez dugu erabat baztertzen ordainpeko sistemak ezartzea, baina beste modu kualifikatu batzuetan, eta ez informazio jario jarraituan. Gure apustua da papereko informazioa irekita egotea eta hala izango da.

Internetek eskaintzen dituen komunikazio aukerak izugarriak dira, papereko kazetaria ondo egokitzen ari al da horietara?

Nahi baino makalago ari gara egokitzen. Baina normala da, kontuan eduki behar da egunkarien kasuan paperak produkzio maila handia eskatzen duela eta bere entrega orduak dituela. Baina gaur egun edonork daki kazetariak informazioa landu behar duela, ondoren ikusiko da zein eus­karritan eskaini. Zoritxarrez ez dugu baliabiderik. Joaten zara egunkari handietara eta ikusten duzu Interneterako produkzio oso handia dutela dedikazio aldetik, bananduta egon ez arren. Kataluniako Ara egunkarian, adibidez, kazetari batek produzitzen duenaren %60 Interneterako da. Zer tamaina behar duzu halako zerbait egiteko?

Zein urrats emango duzue horretara bidean?

Duela hiruzpalau urte hartu genuen erabakia erredakzio multiplataforma izateko eta prozesua irekita dago, gero eta kazetari gehiago ari dira Interneti begira idazten. Orain Berria.info berritu behar dugu eta pauso gehiago emango ditugu hori azkartze aldera; askoz ageriago egongo da kazetari bakoitzaren produkzioa, bideoa, argazkia edo testuan izan. Firmarekin gehiago jokatuko da.

Zein eredu izango duzue kontuan webgunea berritzeko?

Aztertzen ari gara eta askorik ezin dut aurreratu. Planteatzen ari garen bidea da Internet eta papera ahalik eta gehien bereizten joatea, nahiz eta egunerokoak hori zailtzen duen. Ez dut esan nahi paperekoa ezkutatuko dugunik, ikusgarri egongo da, baina iritzi atal sendo bat osatzera goaz, blogariekin eta iritzigileekin. Eguneko produkzioa ere nabarmenduko dugu. Osagarritasun hori nahi dugu, iruditzen zaigulako oraindik beharrizan handia dugula paperarekiko.

Herritarrak kazetari izateaz asko hitz egin da azkenaldian, baita horizontaltasunaz ere, zer iruditzen zaizu?

Kontzeptua ez da berria. Hogei urte atzera egiten badugu, herri aldizkarietako kronisten sarea herritar kazetaritza mota bat zen. Momentu hauetan Internet buruhaustea da ekonomikoki, baina kazetaritzarentzat justu kontrakoa da; aukera ugari irekitzen ditu eta horietako bat da herritarren sarea. Deitu daiteke kazetari, kronista edo informatzaile, baina uste dut ona dela sare horrek eman dezakeen informazioa aprobetxatzea.

Kalitatea bermatu daiteke?

Hanka sartuko genuke kazetaritzaren funtzioa kontuan hartuko ez bagenu. Interneten horizontaltasuna aprobetxatzea ona da, baina kazetariak informazioa klasifikatu eta analizatu behar du, eta horrek dedikazioa eskatzen du. Kazetaritzaren behar hori etorkizunean ere egongo da, baina nik positiboki baloratzen dut parte hartze hori. Gaur egun oso ona da AskeGunean, kazetaria bera ez ezik, inguruan jendea egotea produzitzen eta kazetaritza lana egiten, zeren-eta non dago muga?

Parte-hartzea nola sustatu duzue?

Modu zabalean planteatuta, akzionistetatik hasi eta albisteari komentarioa egiten dionera arte. Proiektua bera ere beti izan da oso partehartzailea; esaterako, BerriaLagunen kanpainarekin urtero batzar bat egiten hasi gara eta hortik sakontzen joan nahi dugu.

Berriaren bideragarritasun ekonomikoa BerriaLagun gehiago eginez bermatu nahi duzue. Komunitatearen babes ezinbestekoa ahultasuna ala sendotasuna da?

Gure komunitatea eta hizkuntza ahula da eta horri uko egingo bagenio gure burua engainatzen arituko ginateke. Ezin dugu merkatu parametroetan bakarrik mugitu, komunitatearen beharra beti egongo da. Alde horretatik gabezia bat izan daiteke, baina indargune bat ere bai. Gaur egun krisia hedabide guztiena da, ez ahulak garenona soilik. Guk geneetan sartuta daukagu izaera komunitarioa, zerbait naturala bezala da; goxatu behar da, harremana landu, baina ez da hutsetik sortzen. Beste batzuk orain hasi direnean, ikusi dute ez dela hain erraza. Ez da gauza bera kioskoan eroslea izatea edo harpideduna izatea, kontzeptua ezberdina da.

Zerbitzuen dibertsifikazioan “bide txiki ugari” lantzen ari zarete. Nola ikusten duzu merkatua?

Paperaren gainbehera arrazoitzeko salmentak eta harpidetzak aipatzen dira, baina jaitsiera handiena publizitate arloan gertatzen ari da. Gure fakturazioa erdira jaitsi da eta hori ordezkatuko duen diru sarrera potolorik ez dago. Lehen hiru klasikoak harpidetza, salmenta eta dirulaguntzak ziren; orduan ikusi genuen hori birpentsatu behar zela eta beste batzuetan ere oinarritu behar genuela. Hala ere kontziente gara horrekin ez dugula lortuko lehengo diru kopurura itzultzea.

Zertan da Tolosaldeko komunikabideen artean (Hitza, Galtzaundi, Txolarre irratia eta 28 Kanala telebista) duzuen proiektua?

Oinarrian dagoena da, informazioa euskaraz ahalik eta eraginkortasun handienarekin ematea. Tolosaldean euskaraz informatu eta komunikatuko duen hedabide edo gune sendo bat sortu nahi dugu, eskualde horretan hegemonikoa izango dena, erdararen gainetik. Horretarako, denok elkarrekin lan egitea da formula. Bertakoak ari dira proiektua lantzen, esaterako, telebistako informatibo bat aprobetxagarria izatea irratirako... Tolosaldean, bakoitza bere aldetik joanda mugara iritsi garela ikusi dugu, eta proiektu hau saltoa emateko modu bat izan daiteke.

Esportagarria da?

Hitzaren bidez gauden eskualdeetan aztertzen ari gara, baina ez du zertan formula bera izan behar. Eskualde eta proiektuen izaera kontuan eduki eta errespetatu behar da. Urola Kostan, adibidez, ari gara antzeko hausnarketa bat egiten.

Tokiko hedabide askotan sinergiak batzeko ahaleginak egiten ari dira. Berria Taldean hausnartu al duzue euskal hedabideen sarearen antolaketaz?

Ez dugu hausnarketa hori egin. Nik uste ahalegina egin beharko dugula beste herri normalek bezala guk ere kioskoan –eta ez naiz soilik paperaz ari– hedabideen eskaintza ahalik eta osatuena edukitzeko. Egungo egoeran arriskua dugu atzeraka joateko, gutxiago eta gutxiago izateko. Berrantolatu beharko da, batzuetan fusionatu eta bestetan ez, produktu berriak sortu… Galdera da: zer egingo dugu irabazteko? Eta irabazi esaten dudanean ez da soilik ekonomikoki  bideragarria izatea, baizik eta eraginkorra izatea. Hausnarketa hori sektoreak egin behar du eta Hekimen hor dago.

Hekimenen hedabide handiak eta txikiak biltzen dira, izaera ezberdinekoak. Zein izan da gakoa guztion artean ados jartzeko?

Nik uste gakoetako bat krisia eta etorkizuneko ziurgabetasuna izan dela. Bestetik, behingoagatik denbora hartu dugula. Gutxienez bi urte egon gara hausnartzen eta eztabaidatzen; prozesu luze horretan pertsonek elkar ezagutu dugu, konfiantza sortu da eta beldur asko mahai gainean jarri ditugu horiei buruz hitz egiteko.

Euskal hedabideak estrategikoak badira, zer aldatu behar da dirulaguntzen politikan?

Dirulaguntzak deialdi sistema iraunkor batera eraman beharko genituzke. Izan daitezke urtetik urtera aldatzen ez diren deialdiak edo hitzarmen aukera ezberdinak. Helburua da behin behinekotasun egoeratik ateratzea. Dirulaguntzak ez lirateke soilik izan behar ustiapen kontuak orekatzeko, etorkizuneko oinarriak jartzeko ere bai, inbertsioak egiteko teknologian, antolaketan, sustapenean… Erakundeek euren adierazpenetan diote euskal hedabideak estrategikoak direla, eta egia da dirulaguntza dezente jasotzen dugula, baina sektorearen etorkizuna bermatuko duten inbertsioez ari naizenean, ez naiz soilik ari euskara sailez, baizik eta gobernuez, azken batean industria bat ere bagarelako.

Berria Taldea

Langileak: Berria Taldean 230 langile. Partaide den enpresak kontuan hartuta (Hitzak, 11amaika, Irrien Lagunak…) 300 langiletik gora.

Enpresak: EKTSA S.A., Euskal Editorea SL (Berriaren argitaratzailea), Jarduna SL (Administrazio zerbitzuak), Ehuntzen SL (informatika zerbitzuak), Bertako Hedabideak SL (tokiko proiektuak garatzeko sortutako enpresa), Etxeraino SL (banaketa zerbitzuak) eta Iragarri SL (zerbitzu komertzialak).

Administrazio Kontseilua: Beatriz Zabalondo (lehendakaria), Josu Amezaga (lehendakariordea), Iban Arregi (kontseilari ordezkaria eta idazkaria), Emilio Majuelo, Gartzen Garaio, Pilar Kaltzada, Edurne Alegria, Idurre Maortua, Joanmari Larrarte, Gurutze Izagirre eta Joxean Alustiza.

Hedapena: Papereko Berriari CIESek egunero 64.000 irakurleko datua ematen dio. Berria.info-ri egunero 31.000 irakurle eta hilabeteko irakurleak 77.000. Hitzari CIESek egunero 82.000 irakurle ematen dizkio, eta astean behineko irakurleak 118.000.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Berria
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


Martxelo Otamendi. Euskarazko egunkariaren aurpegia
"Zuzendari berriak orain arte izan ez duen kalitate mailara eramango du 'Berria'"

Euskarazko egunkariari loturik eman du bizialdiaren zatirik handiena, horixe du sor-marka eta jatorrizko izendapena. Eguneroko kazetari loturik jardun du beti, eta ekarri dizkio disgustu ez gutxi. Handiena, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera 2003an, eta hainbat lagun orduz lehen... [+]


2023-06-05 | ARGIA
'Berria' egunkariko zuzendaritza Amagoia Mujikak hartuko du, Martxelo Otamendiren ordez

Otamendi 30 urtez izan da Euskaldunon Egunkariako eta Berriako zuzendari, eta erretiroa hartuko du 65 urte beteta. Mujika 1995etik da bi hedabide horietako kazetari, eta zuzendariorde aritu da azken urteetan.


Eguneraketa berriak daude