Emazte ausarta, politikari profesionala, estatuko politikaria, bere herrialdean inplikatu nahi duena. Frédérique Espagnac du izena, azken urte hauetan tokiko arazoez gogoetatu duen arduradun politikoa, Gobernuan entzuna dena. Eskandaluaren erdian. Orain arte beste emazte bat jarraitzen ohituta ginen: MAM (Michèlle Alliot-Marie); bakar batzuen aldekoa. Abertzaleekiko arriskutsua, Jon Anzarekin gertatu zenaz asko dakiena eta Euskal Herria bost axola zaiona betidanik.
Espagnac andereari beste noblezia bat ikusi zaio politika egiteko unean, bere alderdiari buruzko azalpen kritikoak entzun zaizkio. Baina, politika aitzina doa eta politikak ez du une honetan bat egiten ariketa demokratikoarekin. Hain zuzen, Kolektibitatearen aldeko (Lurralde Elkargoaren) mugimenduaren interes nagusia ariketa politikoa baita, ariketa demokratikoa, interes komunaren aldeko lana, urteetako lana. Politika ez dago horretan gaur egun, aginteak gainetik datoz eta betetzen dira. Gaur egun sekula baino gehiago, aski da Herri Elkargoen antolaketak nola eginak izan ziren begiratzea horren ulertzeko.
Parisen emendakina aurkeztu da eta bozkatuta dago jada. Ikusgarria da batzuetan zein erraza den erabaki politiko baten hartzea. Noski, erabaki honek ez du Gobernua arriskutan jartzen, hori da garrantzitsua François Hollanderen Gobernuarentzat. Bestalde, horrek pizar politikoak eskaini dizkio alderdi sozialistari hurrengo hauteskundeen prestatzeko. Dena garbi! Sinesten al dugu alderdi sozialistak eta UMPk beren interes politiko propioak ahantzi dituztela adostasun politiko batera heldu direlako? Adostasun teorikoa dena den.
Politika erreal honek ez du inor pozten, baina ez dut uste tokiko politikariak, Poloa delakoa martxan ematen bada kanpo geldituko direnik!
Lurralde Kolektibitatearen alde lanean jarraitu behar da, baita bake prozesuaren alde ere, horretan agian Espagn-ac andereak eragiten lagundu dezake, inguruan dituen frantses-ac oso errepresio zaleak badira ere. Gure erronkak anitzak baitira eta denen laguntza beharrezkoa izango da, baita politikari pragmatikoenena ere.
Lurralde Kolektibitatea aurrean dugu oraindik, Independentzia ere bai, gure borrokak ez dira bukatuak, gure ingurua ezagutzen dugu eta esperantza ez dugu galtzen. Gure bidea, guk eginen dugu, ez gaituzte beti lagunduko. Frantziak ez ditu oraindik ez Polinesia, ez Kanak askatu. Hemen ere ez digute oparirik eginen. Dena den, oztopo eta politikakeria asko izanen diren arren, guztien gainetik jarraituko dugu. n