Betoz haize eta ideia berriak

ARGIA-KO zuzendari izendatu nindutenean, 2002ko urruti hartan, batek baino gehiagok luzatu zidan ea zorionak edo doluminak eman behar zizkidan. Egia esan, beldurtua nintzen, orduan zuzendariordea izanagatik ere, zuzendari kargua batetik bestera erori zitzaidalako gainera. Baina kemenez eta konbentzimenduz heldu behar zitzaion ardura berriari, eta nik “zorionak, jakina” erantzuten nion txantxa-ziztada hari. Nire beldurretakoa zen ea 1919an sortutako proiektu hura ni zuzendari nintzela agortuko ote zen. A ze zama!

Eta hamabi urte urte ondoren, pozik utziko diot Argiako zuzendari izateari. Zama bat gainetik kenduta eta beste batzuk bizkarreratzeko prest. Dozena bat urte aski eta sobera dira halako postu batean egoteko, haize berriak ezinbestekoak dira, bereziki goi-mailako arduretan. Betoz indar eta ideia berriak, denei egingo digute on.

Nire lasaitasunerako, gainera, gure aldizkariak hemen jarraitzen du, euskal komunikazio esparruan erreferentzia argia izanez, bai paperean eta baita Interneten ere. Eta estu, aldi berean. Talde eta proiektu gisa 2002an baino sendoago bagaude ere, krisiak gure ohiko estutasunera itzularazi gaitu, oparotasunaren izpiek hainbat urtetan gu ere zertxobait ukitu ondoren.

1997an ekin genion Interneten Argian. 2002-2003an ez genion ikusten konponbiderik euskarri berriak gure kutxan sortutako diru zuloari eta geure buruari zorrotz galdetu behar izan genion: “Irudikatzen dugu gure komunikazio proiektua Internet gabe?”. Eta erantzuna ezetz izan zen, argia gainera. Orduan, aurrera egin behar, ez zegoen beste aukerarik.

Hamarkada bat geroago, oraindik argitu barik dago Internetek ekarri duen negozio aldaketarena, baina orduan baino askoz argiago ikusten da komunikazioaren puntan egon nahi duenak, hor ere egon behar duela. Kazetariarentzat, gainera, aukerak biderkatzen dira. Paperezko prentsaren heriotza iragartzen den sasoian, hala izan ez dadin gogotik lan egingo dugu. Paperean ere, kalitatezko informazio landuari eusten dionak iraungo du, eta egunerokotasunetik urruntzen den neurrian aukera gehiago izango bide du gainera. Egunerokotasuna, gero eta gehiago, Interneten dago. Gure astekaria ongi posizionatua dago, informazioaren eguneroko zurrunbilotik at, irakurleari informazio landua eta konprometitua eskainiz, honek ere beste patxada batez irentsi dezan. Argia.com dugu egunerokorako tresna, eta hor bai, urtetik urtera erronka sendoagoak hartu ditugu eta hartuko ditugu aurrerantzean ere.

KAZETARI lanetan jarraituko dut etxe honetan, eta izango dut lanik: Internetek, teknologia berriek eta sare sozialek kazetaria egokitzera behartzen baitute gaur egun, eta egiten ez duena estu ibiliko da. Hori bai, ez gaitzala tresna eta teknologiaren olatuak besterik gabe harrapa, haren azpian, beti bezala, edukia baita egiazki garrantzitsuena. Irakurlea, ikus-entzulea, eduki onari lotzen zaio. Eta non da hori? Iturrietan, formazioan, liburuetan,  sarean, kalean... denean apur bat. Eta batez ere, kazetariaren independentzian. Ados, gaitza da –mitoa diote batzuek–, baina bilatu behar da. Ni behintzat saiatu naiz, bai zuzendari gisa eta baita kazetari gisa ere. Hala jarraituko dut, besteak beste orri honetan, zuzendari berriak kontrakorik adierazten ez didan bitartean behinik-behin.

Zeren eta, irailetik aurrera, orain erredaktore buru ari den Estitxu Eizagirre izango da Argiako zuzendari berria. Zorterik handiena opa diot zeregin horretan eta argi izan dezala lan talde osoaren laguntza izango duela.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Diferentziak

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


2024-04-14 | Gorka Menendez
Aste Santua eta ramadana

Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude