Gelditu makinak, benetan

  • Beti txantxetan ari denari nola sinetsi, behingoagatik serio mintzatzea egokitu zaionean? Bada, ez da marketin kanpaina, egia baizik: aste honetan sareratu dugun 100. saioa izango da Beranduegi web telebistaren azkena. Eta hauxe, gure agurra.

Axier Lopez, Estitxu Eizagirre, Unai Brea, Gorka Bereziartua Mitxelena, Jon Torner Zabala eta Lander Arbelaitz, Beranduegi saioaren errudunetako batzuk.
Axier Lopez, Estitxu Eizagirre, Unai Brea, Gorka Bereziartua Mitxelena, Jon Torner Zabala eta Lander Arbelaitz, Beranduegi saioaren errudunetako batzuk.

Beranduegi gentozela esan genuen, 20 11ko urtarrilean, Beranduegiren lehen saioa eman genuenean. Orain goizegi goazela uste du zenbaitek, eta hori da, zinez, jaso genezakeen laudoriorik ederrena. Ez da erraza lerro hauek idaztea, hunkidurak ez baitigu uzten...
–Et, et, et. Sentiberak jarri behar al dugu orain?
    –Ez didazu utziko?
    –Ez dakit, ez zait iruditzen hau denik lekua.
    –Jo, nik barrenak askatzeko premia daukat, joan den astean Eñaut Elorrietak egin zuen bezala.
    –Baina zu kazetaria zara. Ez rock izarra.
    –Kazetariak, rock izarrak... Non dago aldea? Sare sozialen garai hauetan fama asko horizontalizatu da.
    –Atera da ditxosozko horizontaltasuna. Durangoko Azokaren ereduari buruzko eztabaida batean sartu aurretik, nik segituko dut artikulua idazten.
    Ez da erraza lerro hauek idaztea, batez ere artikuluak duela bi ordu makinetan egon behar zuela kontuan izanda –ez diezazutela ziririk sartu: egiazko bizitzan “gelditu makinak!” oihukatu, eta makinak, makinistak eta handik pasatzen zen erretiratu batek aurpegira barre egiten dizute, konprobatuta daukagu–. Erredaktore buruaren hatsa lepoan sentitzeak ez digu laguntzen, baina tira, azken orduan, presaka eta asko pentsatu gabe idatzi ditugu Beranduegiko gidoi gehienak ere.
    –Zer esan nahi duzu horrekin, gidoiak txarrak izan direla?
    –Esan nahi dut ez digutela Pulitzer bat emango.
    –Aizu, Rikardo Arregi saria jaso genuen!
    –Tira, hori edonork irabazten du.
    –Ez didazu esango ilusioa egin ez zizunik.
    –Ados, onartuko dut: Kultura sailburuari bi musu eman ondoren puztu egin nintzen.
    –Nik uste, ondorengo pintxo-jatean puztu zinela batez ere. Ze etiketa gutxi...

Astapenak (bai, hatxe gabe)

Ez dezagun haria gal. Duela bi urte eta erdiko goiz batez, Gorka Bereziartua buruan min handia eta ahoan pattar zaporea zuela esnatu zen; konturatu orduko, kamera baten aurrean zegoen, jaka jantzita. Protesta egiten saiatu zen, baina alferrik. Are okerrago, zigor modura gorbata jantziarazi zioten.
    –Izan ere, Gorka, nolatan engainatu zintuzten Beranduegi aurkezteko?
    –Soldata igoko zidatela hitz eman zidaten.
    –Eta?
    –Gaur arte.
    –A. Ba niri...
    [ARGIAko zentsura batzordeak elkarrizketa honen hurrengo pasartea ezabatu du. Gure erredaktoreek beren miseriak publikoki haizatzeko tentaziorik berriz izan ez dezaten, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroan geratzen den Foru zera horri eta Espagnac-en limoizko poloari diru-laguntza gehiago eskatzen dizkiegu].
    –Eta horrela hasi nintzen, ideia handirik eduki gabe, baina tira, pixkanaka tamaina hartzen joan nintzaion eta gustura. Zu etorri arte.
    –Jo, gogoratzen hasieran ze gaizki moldatzen ginen elkarrekin?
    –Hasieran?
    –Nork esan behar zizun nireganako sentitzen zenuen bekaitza laguntasun sano bihurtuko zitzaizunik?
    –Ez, nork esan dizu zuri.

Tren bat arrakastara... edo

Aurkezle bikoteak elkarri zaplaztekoka aritzeari utzi ziolarik, programak bestelako martxa hartu zuen. Esan liteke ETAk armak uztearekin batera egindako 33. saioak eman ziela ospea.
    –Ospea?
    Jendea saioaz hitz egiten hasi zen barra-barra. Eta bakarren batek, ondo ere hitz egin zuen.
    –Ba, badakizu? Garai hartako albistegiak  erdipurdikoak iruditzen zaizkit orain.
    –Bai, egia esan, asko hobetu genuen aurkezle ikastaroa eman zigutenean.
    –Mila esker, Julian Iantzi.
    Programak gora egin zuen, bai audientzietan, bai kalitatean. Behin saio on bat egitea lortu zuten, eta erronka handiagoen unea zela pentsatu zuten: senide ez zirenek ere Beranduegi ikustea jarri zuten helburu. Horretarako, mota guztietako arreta-deitze taktikak erabili zituzten: Durangoko Azokako stand batean grabatu zuten, Pirritx eta Porrotx handik zebiltzala pentsatuta hurbildu ziren nerabeen aurrean; biluztu egin ziren –gerritik behera eta kastitatez betiere–; eta lip-dub bat egiteraino galdu zuten beren buruekiko errespetua.
    Dena ondo zihoan beraz. 50 saio, 60, 80, 90, 99...
    –Eta 100.arekin akabo!
    –Baina irakurleei azaldu beharko diezu zergatik erabaki dugun bukatzea, ezta?
    –Em... Ea. Konparazio batekin esplikatuko dut, ados?
    –Bai.
    –Hau ez da Goenkale.
    –Nik ez nuen hobeto esango.
    –Bide batez, zu nor zara, Unai ala Gorka?
    –Ba... dagoeneko nik ere ez dakit.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
Euskarazko Wikipedia genero desoreka gainditzeko lanean

Historikoki egin diren entziklopedia gehienetan gizonezkoek leku handiagoa izan dute emakumezkoek baino. Wikipedian ehunekoa handiagoa bada ere, desoreka nabaria da. Gauza bera gertatzen da euskarazko Wikipedian ere. Hala ere, egoera horri buelta eman nahian ari dira wikilariak.


2024-03-22 | Sustatu
Googleri 250 milioi euroko isuna jarri diote Frantzian

Frantziako Lehiaren Agintaritzak Google-ri 250 milioi euroko isuna ezarri dio, merkatuaren lehiaren urraketa larriengatik, publizitate digitalaren sektorean egindako jarduerak direla-eta.


Google Analytics-en alternatiba librea den Matomo euskaraz erabil daiteke

Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu du Iametzak.


Nola erabiltzen dituzte gazteek bideo-jokoak, sare sozialak eta joko plataformak?

11-16 urte bitarteko gazteen %23ak dio etxean ez dietela inongo kontrolik ez araurik ezartzen, mugikorraren, bideo-jokoen edo bestelako teknologiaren erabilerari lotuta. Nafarroako Ikastolen Elkarteak egindako ikerketaren emaitzetako bat da: “Gazteak digitalki hezten ari... [+]


Kristinn Hrafnsson Assangeren emaztea: "Estraditatzen badute, hil egingo da"

Otsailaren 20an eta 21ean Erresuma Batuko Justizia Auzitegi Gorenak erabakiko du Julian Assangeren estradizioak bide librea duen ala ez. Teorian bederen, hori izango da azken aukera juridikoa kazetari australiarra AEBetara estraditatuko duten ala ez erabakitzeko.


Eguneraketa berriak daude