Balet beltza

Cristophe de Prada

Herri Urratsen egin zuten estreinako agerraldi publikoa. Zazpi lurralde historikoetako dantza-talde bana iragarrita zegoen, bata bestearen ondotik Hordantza guneko eszenatokian aritzekoak. Zuberotarrak ziren misterio handiena; bagenekien, han eta hemen entzunda, ez zela izango maskaradako puntuen ohiko emanaldi bat.

Jakin-minez beteta hurbildu ginen, iragarritako berritasuna zer ote. Agertoki gainean, berotze ariketetan, Kautere Sinfoniako musikariak ziren. Senpereko hondartzan barreiaturik, berriz, arropa bitxiz jantzitako dantzariak. Gerora ezagutu genuen, Johañe Etxebest larraintarrak esplikatuta, haien historia: zortzi dantzari dira, denak gizonezkoak, azken hamarkadan Zuberoan ikusi diren onenetakoak –hori neuk diot, ez Etxebestek–; behinola, Kauter Sinfoniako kide batek akuilatuta hain justu, maskarada eta pastoraletan lortutako eskarmentua karriketan aritzeko baliatzea erabaki zuten.

Hala sortu zuten Kautere Balet taldea. “Karrikan dantzatu nahi dugu, dantzarekin dibertitu gaitezkeela erakutsi, mutilei adierazi badela errugbiaz besterik”, dio Etxebestek. Bide batez, maskaraden bitasuna islatu nahi dute: beltzen basakeria, aitzindarien fintasunarekin nahasirik. Hortik izena, Kautere Balet.

Herri Urratsen aurkeztu zuten ikusgarriari izena jartzeko ez zuten burua gehiegi nekatu: Kauteren Baleta. Astebete ondoren Urdiñarben plazaratu zuten, Müsikaren Egünean –argazkiak hor eginak dira–. Ez dute berriz emango, zerbait landuago egin nahi dute eta. Pausatuago jardun nahi dute sorkuntzan, eta horri eskainiko dizkiote udako ordu asko.

Horiexek Johañe Etxebestek emandako azalpenak. Esan behar da, halere, hau sinatzen duenaren iritziz prestakuntza faltarik ez zitzaiola nabaritu Kauteren Baleta-ri, izen aukeraketan ez bada. Dantzariek, binaka edo banaka, eszenatokira igo ahala, janzkeraren xehetasunei erreparatzen hasi ginen: buruan txapela zeramaten lauk, zinta bat beste laurek. Eta berehala argi geratu ziren rolak. Tradizioaren defendatzaile sutsuarena egin behar zuten lehenbizikoek; besteek, modernitatearen aldekoak ziren. Eta ikusgarri osoa, finean, talde bien arteko erronka izan zen.

Lehenik, kantuz oldartu zitzaizkion elkarri. Txapeldunak koplaka, zintadunak raparekin. Irabazle garbirik ez zegoela eta, borroka dantzaren eremura eraman zuten: bakoitzak bere erara emango zituen Zuberoako dantzetako  puntuak, eta ikusleek erabakiko zuten arrazoia nori eman. Han hasi zen hogei minutuko erakustaldia, zortzi atletak baino eman ezin dezaketena. Iraganzaleen zatietan txirulari protagonismoa emanez, eta modernoenetan tresna elektrikoak nabarmenduz, dantza jauzien katalogo ederra erakutsi zuen taldeak, izenaren Balet horren jatorria justifikatuz. Ezjakin honek ezin bereizi, egia esan, batzuen eta besteen estiloa, baina Zuberoan dantzan aritu den edonor antzinako-oraingo dikotomiaz erraz jabetuko zela esan digu Johañe Etxebestek. Funtsean, esan dezagun garai bateko puntuak sinpleagoak zirela, baina erritmoa ongi markatzeari garrantzi handia emanez.

Bi aldiz baino ez da izan Kauteren Baleta-z gozatzeko aukera, baina aztarna eman digu talde honetaz ser espero dezakegun jakiteko. Zer egingo duten oraindik ez badakite ere, argi dute erronka egitura mantenduko dutela beren emanaldietan. Hori bai, ikusleen parte hartze handiagoarekin. Hurrengo hitzordua irailean dute, Zuberoako ikastolen aldeko ekitaldi batean.

Bidenabar, Herri Urratsen diplomazia handiz jokatu zuten eta norgehiagoka berdinduta amaitu zela ebatzi zuten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude