Euskara hiruzpalau belaunaldietarako ziurtatuta dagoela esan berri du HPSko arduradun Patxi Bastarrika jaunak. Edurne Brouardek, ostera, badirela Euskal Herrian eremuak, non euskara desagertzear dagoen. Gauza bera diote biek, epe kontua baino ez da. Euskara desagertu egingo da. Euskara berez hilko da, ez du inork erailko. Edo zehatzago esanda, guk geuk hilko dugu, euskaldunok, alegia.

Euskal Herrian, oro har, euskararen erabilerak behera egin du. Kalean eta administrazioan. Hemen langile euskaldunek gaztelania hobesten dute baldintza ez formaletan hezur-gabekoari eragiteko. Kalean, transmisioan, erabileran eta elikaduran ez da asmatzen ukendu magikorik geureari eusteko. Eta, ondorioz, azkenaldiotan makal dabilen hizkuntzak agur esango digula argi dago, itzulerarik ez duen eremura ospa eginda. Edo gune birtual batean ezkutatuko da, kristauak katakunbetan legetxe, eta han bertan baino ez da erabiliko. Era proskritoan biziko da, eta munduak gutxietsia. Eremu espekulatiboan mugituko da eta nostalgiko gutxi batzuen oraleku melankolikoa bihurtuta ibiliko da, txakur alderraiaren gisa, patu hori merezi izateko zer egin duen (zer egin ez duen) buruan jira eta bira dabilkiola. Baina oraindik eutsi egingo dio hizkuntza bizia izateari, aurrez aurre nork zapaldu baduelako, eta berezko borroka kontzientzia gailenduko zaio, izateari eusteko. Bizirik jarraitzeko aurrean erdarak behar dituelako euskarak, haiek barik gure izatearen kontzientzia ere galduko genuelako. Hau da, gu bagara izan, aurrean erdara dugulako ez garela esaten baitigute. Konturatzen ez garela gu izan bagarela berez, inork garen edo ez garen esaten ibili beharrik gabe.

Eta kontzientziarik, militantziarik eta motibaziorik gabe euskara ez da noranahiko inoiz bilakatuko. Beldurra diot, bada, Euskal Herri independenteari, politikoki eta administratiboki bat izango garen sasoiari, bizkar gainean dugun motxilaren barruko kargaz desjabetuko garelako arian-arian. Eta orduan, ohiturak, barruko senak edo gogoak agindutakoa baino ez baitugu egingo eta, gainera, bihotz zimikorik izan barik, erdarara lerratuko gara denok, hainbeste arazo, borroka eta emozio eragin digun hizkuntza ez delako aurrerantzean kaltegarri izango gure osasun mental eta sentimentalerako, eta kontzientzia bakean eta lasaitasunean bizi ahal izango delako betiko, erdara ederrean mintzatu eta biziko garenez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude