Ramon Saizarbitoria: "Literaturak ez du laguntzarik behar, errespetua behar du"

Ramon Saizarbitoria Andoaingo Bastero kulturgunean, maiatzaren 29an

Egunero hasten delako eta Martutene liburuen artean gertatu diren aldaketak izan zituen hizpide 111 Akademiaren Saria –oraintsu arte Beterriko Liburua literatur aipamena deiturikoa– jaso osteko hitzaldian, maiatzaren 29an. “Uste dut literaturak esfortzu bat eskatu behar lukeela. Gure garaian apalkeria eta hipokrisia dezente nabari zitekeen, baina orain naturaltasun gehiegi ikusten da. Zilegi da esatea, adibidez, ‘Joyce aspergarria zait eta utzi egin dut’, baina hori ez dago ondo. Lan batzuei, nahiz eta kostata izan, berriz ekin behar zaie”. Martutene eleberriak irakurleari eskatzen dion ahaleginaz jabetuta esan zituen hitzok, eta euskal literaturan oraindik ere ahalegin hori eska litekeela baieztatu zuen.

Saizarbitoriak pentsatu omen zuen Martutenen lan errazagoa egitea, baina ezin izan zuen. “Hain zuzen ere, horregatik ez du meriturik edo ez dut saririk merezi, egiten dudalako, hainbat irakurlek igarri duen bezala, nire obsesioak eskatzen didana. Ez dut egiten konpromiso batengatik, ez dut lan egiten kultura edo euskara salbatzeagatik. Egiten dut neure burua argitzeko, neure egia aurkitzeko, neure obsesioak hori eskatzen didalako”.

Sari literarioen inguruan ere jardun zuen idazleak: “Literaturak ez du laguntzarik behar, errespetua behar du, eta askotan, sari literario batzuek, tartean ofizialek, ez dute idazlea errespetatzen ez dituztelako idazlearen garantiak errespetatzen epaimahaiak-eta osatzerakoan”.

111akademia.com helbidean, kronika osoa.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude