Mitterranden traizioa gogoan

Lurralde Elkargoaren alde Baionan egindako manifestazioa.
Lurralde Elkargoaren alde Baionan egindako manifestazioa.

Ondo da, Euskal Herrian ez da preso politikorik. Ez Logroñon, ez beste inon. Biltzarraren erabakia da. Eta berdin ebatzi dezake “mañana sol y buen tiempo”, herritarrak eskertuko du, eta hala badio Biltzarrak, hala bedi. Ez da gatazkarik, ez da inoiz izan, gutxienez 1975etik aurrera, terrorista hiltzaile talde bat izan da eta kito. Gehi beren lagunak, gehi lagunen lagunak, gehi hauek ulertzen dituztenak, gehi lagunak izan gabe batzuetan ulertzen dituztenak eta, gainera, jakinda edo jakin barik, babes ideologikoa ematen dietenak. Erdiak espetxera. Bai, gatazkarik ez badago, bake prozesurik ere ez da behar. Segi espetxeak betetzen. Terroristek eta beren lagunek onartu behar dute hori besterik ez direla: terroristak eta beren lagunak. Onartu eta listo. Eta orduan bai, orduan demokrazia eta elkarbizitza loratuko dira.

Zenbat denboraz sostengatu daitezke gisa honetako kontakizuna eta errealitatea lapikoa nonbaitetik lehertu barik? Oraingoz iragan da urte eta erdi ETAk armak behin-betiko utzi zituenetik. Eta esaten da poliki joan behar dela, halako egoera gaitzak ez baitira batetik bestera konpontzen. Eta egia da, denek ulertzen dute hala izango dela, ezinbestean; baina besterik ez bada zentimetroka aurreratuz, eta ez atzera eginez, hemen gertatzen ari den moduan. Txotxongiloak mugitzen dituenak urduritasuna eta noraeza barreiatu nahi baditu, lortzen ari dela esan liteke. Baina nondik lehertuko da presioa?

IPAR EUSKAL HERRIAN ere azken hilabeteetan presioa pilatuz joan da Lurralde Elkargoaren aldarrikapenarekin, gisa honetako egitura baten inguruan inoizko kontsentsu handiena lortu arte gainera. Ekainaren 1eko Baionako mobilizazio handia izan zen horren adierazgarri. “Oraingoan bai” izan da aspaldikoz metatu den esperantza, besteak beste PS delako Eliseoko nagusi eta PSko euskal hautetsiak ere honen alde agertu direlako. Argien artean horiek, itzalen artean Manuel Valls ministroak behin eta berriz jaurtitakoak, Lurralde Elkargorik ez dela izango azpimarratuz.

Egia esan, mesfidantzak badu esparru zabala, Argian bertan maiatzaren bukaeran Azkarateko alkate Jean-Michel Galanti egindako elkarrizketan, honek agertzen zituen bereak: “Ez dakit zer pentsa. Beren bizkar dago eskaera aitzinatzea. Baina ez badute deus erdiesten, erantzunak eman behar dizkiote herriari. Hau da, alderdi sozialistarekin ez dagoela ezer egiterik erran, eta, beharbada, alderdia utzi behar lukete. Edo joko batean ari dira soilik?”. Frédérique Espagnac senatari sozialistaren ekimenak laster emango zituen bere jokoaren argibideak: ekainaren 1eko manifestazioan izan zen, baina ordurako beste ekimen bat bideratua zuen Frantziako Senatuan honek Antolamendu eta Kooperazio Poloa izeneko egitura onar zezan Ipar Euskal Herrirako. Inork gutxik zekien hortaz ekainaren 3ra arte, ezta Colette Capdevielle diputatu sozialistak ere. Frantziako Senatuak ekainaren 7an onartu zuen Espagnacen proposamena eta ondoren Asanblea Nazionalean onartu beharko da. Espagnacen kolpe honek gogora ekarri du, beste behin ere, François Mitterrandek 1981ean Frantziako lehendakaritza eskuratu zuenean, Euskal Departamenduaren aginduari egindako traizio ospetsua.

Lurralde Elkargoaren ideia bultzatzeko sortu den Koordinazioak, ordea, argi du Espagnacen polo horrek ez duela euskal instituziorik sortzen eta bere ekimena bultzatzen jarraituko duela iragarri du. Hastapeneko urratsetan aldarrikapena oso bateratua izan da, orain ikusiko da Espagnacen ekimenak zein printza sortzen duen batasun horretan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aro politiko berria
Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


2024-02-19 | Leire Artola Arin
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak

Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra... [+]


2024-02-04 | Karmelo Landa
Independentzia nola?

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude