argia.eus
INPRIMATU
Gezurrezko eta egiazko izenak

Jon Alonso 2013ko ekainaren 11

Literaturan beti eman izan zaie garrantzi berezia narrazioen protagonisten izenei. Hainbat esanahi sekreturen edo agerikoren jabe ohi dira izenok, asmo konfesagarri edo konfesaezinen gordailu, indar metaforiko edo mezu narratibo baten eramaileak, baina ia inoiz ez errugabeak. Idazle batzuek miresten dituzten beste idazle batzuk omentzen dituzte beren pertsonaien izenen bidez, Andrea Camillerik bere detektibeari Montalbano komisarioa ipini zionean bezala; Alicia Giménez Bartlett idazleak kontuan hartu zuen izenak berak definitu behar zuela, hasieratik, bere pertsonaiaren izaera, eta Petra Delicado ederra, erdi metafora erdi oximoron, asmatu zion bere protagonistari, Pío Barojak bereetako bati, bakarzale eta aldrebesenari, Silvestre Paradox bezala; ez dago frogatuta Anjel Lertxundik osotasuna edukiko ote zuen buruan inguruan gertatzen zenaz ezer ez zekien Osorio pertsonaiari izena jarri zionean, baina ez da erabat alde batera uztekoa; beste batzuk, bere itxurazko sinpletasunean, musikalitatea, esangarritasuna eta ahoskera aintzat hartu dituen hausnarketaren ondorio izaten dira, ezkutatzen dituzten pertsonaia errealak inolako zalantzarik gabe –baina beharrezkoa den distantzia gutxienekoaz– gogora ekartzeko, Harkaitz Canoren Soto eta Zeberio lez.

Beste batzuetan, fenomenoak alderantzizko norantza hartzen du, eta errealitatea da fikziozko izenaren jabe egiten dena. Hala, psikologian Dorian Greyren sindromea omen da zahartu nahi ez denaren gaixotasuna, Oscar Wilderen pertsonaiaren omenez, edo Huckleberry Finnena aldiz, erantzukizunak hartzeari tirria dion helduarena, Mark Twainren heroiaren ibileren kariaz.

Errealitatearen metafora, paradoxa, mendeku, oroitzapen, parodia... halakoxeak izaten dira fikziozko izenak. Alferrik da fikziotik errealitatearen aurka lehiatzea, ordea. Uste dut horretaz denok garela jakitun, dagoeneko. Esaterako, errealitatean halakorik izan ez balitz, eta nik nobela batean Laespada jarri izan banio Euskal Herriko talde bakezale baten bozeramaileari, euskal literatur erakundeak sinesgarritasunak oro ukatuko zidakeen. Eta agian epaileak zer esango zain egongo nintzatekeen.