"Ez da gauza bera hitz bat paperean, hizketan edo kantuan"

  • Ken7-rekin daraman ibilbide arrakastatsuan parentesia egin eta Deserriko kantak lanarekin dator Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975). Bere deserri partikularra zeharkatuta, gure erbestera eraman gaitu.


2013ko ekainaren 16an
"Atzera itzultzeko modurik ez daukazunean soilik egiten duzu salto".Dani Blanco

Zergatik bakarka?

Inongo helbururik gabe, niretzako kanta batzuk konposatzen hasi nintzen, poema zenbait hautatu eta musikatzen. Gerora ohartu nintzen aukeratutako testuak deserriaren ingurukoak zirela, balizko hari bat izan nezakeela, eta ilusio gogoak pizturik hariari tiraka ibili naiz. Ez dut sekula pentsatu “bakarkako bat atera behar dut eta ea zeri heltzen diodan...”. Bidean nahigabe murgildu eta bidean josten joan naizen lana da. Bidera atera zaizkidan arazoei bidean erantzun diet. Oso pertsona arrazionala naiz neurez, dena burutik filtratzen duten horietakoa, baina oraingoan gorputzak agindu dit, bere inpultsoek mugitu naute. Atzera begiratuta, ostera, konturatzen naiz azken urteak aldaketa askoko urteak izan direla niretzat: Gernikatik Getariara etorri nintzen bizitzera, aita izan naiz, irakasle lana utzi eta nire denbora musikari eskaintzea erabaki nuen... Ez da kasualitatea izango deserriari heldu izana, ez da kasualitatea gaira ertz ezberdinetatik hurbildu eta abesti guztietan ni sentitzea.  

Kasualitatea da erabaki guztiak zure esku egon direnean egin izana topo zure mugekin?

Satisfakzio eta etsipen uneak askoz intentsoagoak izan dira. Hainbat jendek lagundu arren, nirea zen erantzunkizunaren lema, eta egunero zegoen zer erabakia. Perspektiba galtzeko beldurra nuen, deserriaren gaia astunegia eta trinkoegia ote, hori zen duda, ez nekien zer uretan murgiltzera nindoan, itoko nintzen... Eta gainera, mamu horiek kudeatzen nituen bitartean, lanean jarraitu beharra neukan. Fisikoki eta psikologikoki gogorra izan da. Hasieran dena zen plazera, dena jolasa, baina argitaratuko nuela erabaki nuenetik noiznahi agertzen zitzaizkidan mugak. Horregatik diot, musikalki ez ezik, pertsonalki ere oso aberasgarria gertatu zaidala bidea. Nire buruaren bila ibili naiz, nire inertziekin borrokan. Niretzat, arriskatzea nire mugei eta beldurrei aurre egitea da. Prozesuaren une askotan sentitu naiz kolokan, zabuka, baina behin hortik pasata, oso zintzoa izan naizelakoan nago, eta oholtzan inoiz baino gehiago naiz ni, nire argi eta ilunekin. Zalantzek eta ikarek indartsuago egin naute, eta biluztasunean ere babestua sentitzen naiz.    

Zergatik disko kontzeptual bat?

Hasieratik arrazionalki jokatu izan banu, beldurturik atzera egingo nuen. Askok zirikatu naute “jendea mugitzen duzuen talde sendo batean zaude, primeran doakizue, eta zuk lelorik gabeko disko kontzeptual bat ateratzen duzu!?”. Ez dut ezer aurreikusi, ez dut ezer programatu, bidean sentitu dudanaren arabera eraikitako diskoa da. Agian, hartzen ari nintzen arriskuen kontzientzia ez izateak eman dio naturaltasuna egin dudanari. Izan ere, nire zalantza eta mamuekin topatu arren, izugarri gozatu dut prozesu guztian. Horrek azken emaitzaren balizko harrerari gutxiago erreparatzea ahalbidetu dit. Ados, argitaratzean beti daukagu emaitzaren harra barruan, baina ez nau gainditu, ez zait gailendu, eta sorkuntza artistikoa lehenetsi dut. Arnasberritzeko, nengoenetik mugitzeko grina neukan. Gure emozio eta gorputzetatik at, inguruko estimuluei begira bizi den jendarte batean gaude. Etengabe lantzen ditugu horren araberako estrategiak, eta oso gutxitan jartzen gara guri so, zer nahi dugun, zer emozio dauzkagun... Hori ere bada deserria. Diskoan deserri politiko edo sozialaz kantatu arren, lekuz kanpo sentitzeaz ari bainaiz, ez-lekuan egoteaz, neure deserri partikularra zeharkatu dudan seinale.    

Deserriak zeharkatzea da gure buruak behin eta berriz ez errepikatzeko bidea?

Bizitzan arriskuak hartu behar dira, eta arriskatzea, ondua ez zaren bideetatik ibiltzea da, zer topatuko duzun eta nora iritsiko zaren jakin gabe. Bide horietan barna sortzen duzu berria, eta sortzen duzuna berria ez bada ere, sentsazio berrietatik pasatzeak bestelako arrasto bat uzten du zure sorkuntzan. Jarrera hori, ostera, ez da artistiko hutsa, bizi filosofia bat ere bada. Kontrolatzen dituzun egoeretan soilik mugitzen zarenean, oso zaila da espero ez duzunik gertatzea, eta ezusteko txikienak berehala aztoratzen zaitu. Zure errutinatik, seguru sentitzen zaren eremutik mugitzean ordea, sentsazio berriak bizitzeaz gain, zure erdigunea agian beste espazio bat dela jabetzen zara. Urruntzeak dakar perspektiba, bestela ohitu egiten gara egoera konkretuetara, sentsazio eta emozio jakin batzuk sortu eta sentitzera, gure lana horren arabera neurtzera. Zentzu horretan, bai, mugiarazi nau disko honek. Ez dut sekula lan bat bukatu gauza berriei ekiteko hainbeste gogorekin. Oso aberasgarria izan da niretzat, beldur batzuk gainditu eta beste batzuk sortu zaizkit, kezka berriak, esploratzeko lur berriak... Diskoak bizirik sentiarazi nau.  

Diskoan hitzek pisu handia dute. Hizkuntza bera dira poesia eta kantu-letrak?

Niretzat ez. Ez da gauza bera hitz bat paperean, hizketan, edo kantuan. Hortaz kontziente izanik, poesia malgutasunez eraldatu eta musikaren bidez indartzeko aukera izan dezakezu. Aukeratu ditudan testuetatik bat bera ere ez dut hitzez hitz mantendu. Horrek ahalbidetzen dit poesiaren esentzia musikalki janztea. Gainera, letra batetik abiatutako kantu batek potentzial handiagoa izan dezakeelakoan nago. Gero, bakoitzaren abildadearen araberakoa ere bada. Niri idaztea gustatzen zait, gozatzen dut, baina ez da nire bertute nagusia. Hasieran ez neukan nire letrarik sartzeko asmorik, ez nuen nire burua horrekin estutu nahi. Doinuarekin batera ideia batzuk bururatu, apuntatu, landu, gustatu eta sartu egin ditut, idazle handi horien artean nire izena agertzeak erreparoa eman arren. Bakarka sortzen ari zarenean, funtsean, dena pasatzen da zure galbahetik. Aukeratzen dituzun poemak iritsi zaizkizulako hautatzen dituzu, baina zuk, zure erara, zure kezka eta dohainekin, zure mundu propioa marrazteak entzuleari interesa pizten diola uste dut.

Deserriak balio du musikagintzak bizi duen panorama definitzeko?

Ez dira garai errazak. Krisiaren aitzakian, musika industriak eta erakundeek murrizketa handiak egin dituzte. Inbertitzen den dirua, denbora eta energia asko murriztu dira. Niretzat, herri baten osasuna bere kulturari ematen dion garrantzian neurtzen da, eta instituzioetatik bederen, musikagintza eta kulturgintza ez dira beharbeste zaintzen.

Ni independentista naiz, baina independentzia edukiz mamitu behar dugu, eta bakoitzak bere alorrean independentzia zertarako nahi duen argi izan. Nik musikagintzatik garbi daukat herri honek independientea behar duela, bere erabakiak eta eskumenak behar dituela, inguruko estatuek ez gaituztelako zaintzen, ez gaituztelako maite. Aldi berean, ordea, hala pentsatzen duten eta maila batean edo bestean botere ahalmena duten estamentu politikoek ez dituzte oraingoz premiazko neurriak hartu gure kultura zaindu eta bultzatzeko. Herriak oso maitatu eta babestu nauela sentitu dut, erakundeez ezingo nuke beste horrenbeste esan. Ez dut ikusten kultur plangintza seriorik. Horrela gabiltza gero: jan-edanarekin alderatuta, sortzaileen lanak piperrik ez duela ardura sinetsita. Erratze galanta iruditzen zait.

Musikagintzaren oinarriak dantzan egonda, zu disko landu batekin agertzea euskarriaren aldeko aldarria da?

Inertzia batzuk daramatzat arrastaka, eta gehiago zentratu naiz sorkuntzan, sorkuntza hori plazaratzeko formatuaren gogoetan baino. Ez diot heldu zabalik dagoen formatuaren eta formatu ezaren eztabaidari. Errazenera jo dut, orain arte egin izan dudanera, egiten dakidanera. Aipatu didate ez direla garai onenak halako abenturetan murgiltzeko, baina niretzat krisiak erronka aukerak ere badira, eta begi horiekin aztertu dut egoera. Urtea oso emankorra izan da zentzu horretan, eta orain ikusiko da ardurabakoa izan naizen eta nire buruaz beste egin dudan ala ez. Ezezkoan nago. Orain arte oso feedback positiboa jaso dut, eta egoera honi hortzak erakutsiz egin nahi nuke aurrera.

Agian, arduragabekeria irakasle lana utzi eta musika ogibide bihurtzea zela esango zizuten.

Erabakia hartzea izugarri kostatu zitzaidan. Txikitatik gaude programatuta ikasketak egin, lanpostua aurkitu, familia izan, eta tarte libreetan gustatzen zaiguna egiteko. Oso lotuta bizi gara, sistemak bere horretan segi ahal izateko pilak bagina legez. Denbora benetan egin nahi nuenari eskaintzeko premia sentitu nuen. Gainera, Lur jaio zen, aitatasun eredu konprometitu bat aukeratu nuen, eta denbora gutxiago izateak aukeratzea eskatzen zidan. Horrez gain, ‘niri zer gustatzen zait?’ galdetzen nion nire buruari. Argi neukan: kantatzea eta sortzea. Orain izugarri gustura nago emandako pausoarekin, musika ofizio bihurtzeak dena polita ez duen arren. Askatzailea izan da niretzat. Ez dakit zer izango den nire bizitza hemendik 50 urtera, baina unea bizi nahi dut, gustatzen zaidana eginez, eta horren aldeko apustua egin izanak biziberritzen nauela jakinik. Era berean, sortzaile eredugarri asko daude, euren bizitza guztia sormenari eskaini diotenak, Euskal Herriari asko eman diotenak, eta erretiro adinera helduta oso panorama beltza daukatenak. Horrek asko arduratzen nau herri perspektiba batetik, gure sortzaileak ez ditugula zaintzen frogatzen didalako, eta ikuspegi pertsonal batetik ere zer pentsatu handia ematen dit.   

Desberdin bizi duzu musika ogibide duzunetik? Badu eraginik zugan?

Irakasle nintzenean, eta musika aisi seriotzat hartzen nuenean, nolabait esatearren, askeago nintzen, nire ofizioa bestea izateak askatasuna ematen zidalako. Musika ofizio bihurtu dudanetik ostera, askoz gehiago arriskatu dut. Agian, logikak kontrakoa eskatzen zuen, baina niri horrela atera zait. Horretara dedikatzea erabaki aurretik ez zaizkizu ateak irekitzen. Ikastolatik eszedentzia hartuta sortzen nuenean ere, banekien lanpostua zain neukala, eta ez dut uste emozionalki eta psikologikoki erabat sormenera abandonatu nintzenik. Erabakia zinez hartu nuenean etorri zitzaizkidan aukerak, ideiak, urratzeko bide berriak, musikarekin lotuta dauden alor batzuetan burua sartzeko asmoak... Atzera itzultzeko modurik ez daukazunean soilik egiten duzu salto.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude