Erredaktore bai, zuzendari ez

  • Gizarte matxista baten ondorio ez bada, nola ulertu EHUko Kazetaritza fakultatean azkeneko hamarkadan lizentziatu direnen %67 emakumeak izan arren –kalifikazio onenen %83 emakumeak izan arren–, EAEko erredakzioetan eta hedabideetako zuzendaritza taldeetan oro har gehiengoa gizonezkoak izatea?

Euskalerria Irratiko langile emakumezkoak: eserita, ezker-eskuin, Amaia Lasa teknikaria eta Maialen Huarte kazetaria; zutik, Reyes Ilintxeta kazetaria eta Sarah Ripodas gerentea. Argazkia egiten Oihane Arangoa kazetaria.
Euskalerria Irratiko langile emakumezkoak: eserita, ezker-eskuin, Amaia Lasa teknikaria eta Maialen Huarte kazetaria; zutik, Reyes Ilintxeta kazetaria eta Sarah Ripodas gerentea. Argazkia egiten Oihane Arangoa kazetaria.

“Baina ze mania daukazuen emakumeek! Autokritika egin beharrean, edo akaso lanpostu horretarako nahikoa ez zaretela pentsatu beharrean, matxismoagatik dela uste duzue!”. Kazetari zenean nagusiarengandik jasotako hitz horiek eraman zuten Diana Rivero datuak begiratzera: “Zerbait aldarrikatzen duzunean, datuetan oinarritu ezean, beti dagoelako norbait prest kontrakoa argudiatzeko”. Eta datuak argiak dira: Estudio General de Medios (EGM) Espainiako Estatuko neurgailuaren arabera, EAEko hedabideetan zuzendaritza-kideen %76,9 gizonezkoak dira, erdi mailako postuetan %67,4 gizonezkoak dira eta erredakzioetan %62,7. Emakume kazetarien egoera profesionala EAEko komunikabide nagusietan tesian bildu ditu datuok Diana Rivero EHUko Kazetaritza II Departamentuko irakasleak.

Emakumeak eta Hedabideak jardunaldietan aurkeztu zuen tesia duela gutxi, eta azaldu zuenez, telebista da gizon eta emakumeen kopururik parekideena duena, baina horren atzean ere badago bestelako arrazoirik: “Irudia tartean denean, emakumeengana gehiagotan jotzen da”. Ondorio hori atera du Riverok, bere ikerketan egin zituen hiru eztabaida taldeetatik. “Beste kontu bat litzateke zer eskatzen zaien telebistan ari diren emakume kazetari horiei, hau da, eurez ematen den irudia zein den, protagonista gisa agertzen diren, ala laguntzaile gisa. Datua da fifty-fifty gaudela eta, profesionalek eurek aitortu zidatenez, irudia dagoen lekuetan emakumeek hobeto funtzionatzen dutelako izaten dela”.

Hedabideak barrutik

Tesian aztertutako hedabideak EGM-n agertzen direnak dira. Hala, 16 komunikabide aztertu ditu Riverok: El Correo (Bizkaia eta Arabako delegazioak), Deia, El Diario Vasco, Gara, Berria, El País (País Vasco edizioa), El Mundo (País Vasco edizioa), Punto Radio (delegazioa), Cadena SER País Vasco, COPE (delegazioa), Onda Cero (delegazioa), Radio Gorbea, Tele5 (delegazioa), A3  (delegazioa) eta RTVE (delegazioa). Jasotako datuen arabera, erredakzioan ari diren kazetarien %62,7 gizonak dira eta emakumeak berriz, %37,3. Tartea gehiago zabaltzen da zuzendaritzak begiratuz gero: %76,9 gizonak eta %23,1 emakumeak.

Argazkia osatze aldera, euskaraz ari diren beste hainbat hedabidetan egoera errepikatzen al den jakin nahi izan dugu. ARGIA, Euskalerria Irratia, 11 Telebista, Goiena taldea eta Anboto astekariko datuak eskatu ditugu. Hauetan ere, ardura dutenen artean gizonezkoak gehiago dira: zuzendaritza taldeetan %58,3 dira gizonak. Erredakzioetan egoera bestelakoa da. Kasu honetan, badago, baina, alde nabarmen bat Rivero irakaslearen tesian jasotako datuekin konparatuta: erredakzioen feminizazioa ematen da euskaraz ari diren hedabide horietan: %62,4 dira emakumeak. Goienako (%64), 11 Telebistako (%55,5), Euskalerria Irratiko (%57,1) eta Anbotoko (%83,3) erredakzioetan emakumeak dira nagusi. Aldiz, bost hedabide horietatik emakume bakarra da zuzendaria: Durangaldeko Anboto astekarian. Ikusten denez, beraz, argazkia errepikatu egiten da, hedabide handi nahiz txikietan: El País, El Mundo, La Vanguardia, El Periódico de Catalunya eta La Razón egunkarietako erabakiguneetan %14 baino ez dira emakumeak eta zuzendaririk batere ez, ezta gurean argitaratzen direnetan ere.

Emakumeen presentzia medio publikoetan

Hedabide publikoen kasuan, legeak dio parekidetasunaren alde lan egin behar dutela. Zehazki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 26. artikuluaren hitzetan, “gizarte-komunikabideek emakumeen parte-hartze aktiboa eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi anitza bermatu behar dute, edertasun-kanonetatik eta sexu bakoitzak bizitzako arloetan betetzen dituen eginkizunei buruzko estereotipo sexistetatik aparte”. Baina, beste hainbatetan bezala, kasu honetan ere ez da legea betetzen. Datuek diotenez, emakumeen presentzia ez da inondik inora proportzionala. Aztiker ikerketa soziologikoen zentroak egindako txostenaren arabera (2010), EiTBko albistegietan agertu ziren protagonisten %75 gizonezkoak ziren; kirol gaietan (%91), politikan (%73) eta ekonomia albisteetan (%69) eurak izan ziren aktore nagusi; emakumeak protagonista izan ziren gertuko albisteetan (%35), kulturan (%29,7) eta gizarte gaietan (%25,5). Hala ere, Berdintasun legea edukiez ari da, eta ez hedabide publikoetan lan egiten duten profesionalez. Langileriaren eskemari buruzko adibide bat jartzearren, Euskal Irrati Telebistaren Administrazio Kontseiluaren osaerari erreparatuta, 19 kideetatik 5 baino ez dira emakumeak.

Riverok aitortu duenez, kazetaritzan ere, beste lan arlo guztietan bezalatsu gertatzen da: aginte-lekuetan gizonak dira nagusi, eta okerrena da postuz igotzeko aukerak ere askoz murritzagoak direla. Zergatik? “Kargudunen edo albokoen izendapenak egiterako orduan gertukoenengana jotzeko ohitura nagusitzen delako kazetaritzaren kasuan. Eta nortzuk dira gertukoak? Bada, lan eremutik kanpo eraikitzen diren harremanetatik datozenak. Eta eremu horietan ez dira egoten emakumeak”, dio Riverok, jakinda hori ere ez dela kazetarien esklusiba. Hau da, “emakumeak ez dira eremu horietan egoten, behin lana amaituta kontziliazioaren esparrua datorrelako, eta horrek, oraindik ere portzentaje handi batean, emakumeen egitekoa izaten segitzen du”.

Ikasleek ez dute pertzepzio hori

Belaunaldi gazteagoekin batera egoera aldatzen joango zen esperantzaz aritu zen ikerketa egiten unibertsitateko irakaslea. “Baina, zoritxarrez, ereduak errepikatu egiten dira. Erredakzio zaharretako molde berberak islatzen dira erredakzio digitaletan ere: agintzen dutenak gizonezkoak dira. Eta eskatzen dena ez dira pribilegioak, baizik ez diskriminatzea”. Halaxe esan zien EHUko kazetaritza fakultateko ikasleei, aipatu jardunaldietan. “Ezagutzaren ateak ireki direnean, erruz sartu gara emakumeak unibertsitatera, are gehiago kazetaritza fakultateetan, baina lan mundurako jauzia ez da proportzio berean gertatzen, kristalezko sabai ditxosozkoak ere hortxe segitzen du. Erredakziora heldu arren, saileko arduradun izatera edo zuzendaritzetara iristen direnak gutxienak dira”. Riverok gaineratu duenez, ikasleekin gaiaz mintzatzen denean, “zertaz ari naizen galdetzen didate. Ez dute egoera horrela ikusten, medioetan, plaza publikoan, ez dagoelako eztabaida hori. Esparru akademikoan ikasleak esfortzuaren araberako saria jasotzen du eta ekuazio horretan ez da existitzen bakoitzaren generoa aldagai gisa”.

Baina egia zera da, EHUn 1999-2009 urteen artean, kazetaritzan lizentziatutakoen %67 emakumezkoak diren arren, portzentaje horiek alderantzikatu egiten direla lan munduan: “Erredakzioetan %67 dira gizonezkoak eta zuzendaritza taldeetan esan daiteke emakumeen presentzia anekdotikoa dela”. Irakaslearen ustez, “emakumeok zigortu egiten gaituzte eta aukerak lapurtzen dizkigute, lanpostu hori betetzeko formakuntza badugun arren. Atentzioa deitzen dit gaur egun ere kondenatuak izaten segitzea emakume jaiotzeagatik”. Datuetan oinarritzen du argudioa: EHUko kazetaritza fakultatean lizentziatu direnen artean 15 kalifikaziorik onenak dituzten ikasleen %73 emakumeak dira (1999-2009 urteen artean aztertutako 150 ikasleren artean).

Kontuak kontu, Riverok mezu baikorra helarazi nahi du: “Ez dut uste utopikoa denik aldaketan pentsatzea; are gehiago, kuota orekatuak egongo balira diskriminazio positiborik ez litzateke behar izango eta horrek zerikusi zuzena dauka profesional bakoitzaren merituak aintzat hartzearekin; hau da, kapital humanoa lehenestearekin”.


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Eguneraketa berriak daude