Martinika, 1902ko udaberria. Karibeko uhartean bi gertakari nabarmenek bat egin zuten: hauteskundeek eta Pelée mendiaren jarduera bolkanikoak. Sumendiaren egoera kezkagarria zen, ordurako atmosferara ke eta errauts kantitate handiak igortzen ari baitzen. Baina uharteko gobernadore Louis Mouttetentzat plebiszituak zeukan lehentasuna eta Pelée esnatu izana bere asmo elektoralak gauzatzeko oztopo gogaikarria izan zen.
Biztanleen artean izua hedatzeak, boto emaileek ihes egitea eta, ondorioz, boto galera ekar zekiokeen. Horregatik bertako egunkari bakarraren zuzendariari jarduera bolkanikoari garrantzia kentzeko eskatu zion, ahal zela, erupzio arriskua ez aipatzeko. Sumendiaren magaleko Saint-Pierre herrira eraman zuen kanpainak, eta herritarrak lasaitzen saiatu zen. Ahalegin guztiak beharbada nahikoak izango ez zirelakoan, azkenean zirt edo zarteko neurria hartu zuen: hiritik irteteko bide guztiak ixteko agindua eman zuen.
Baina gobernadorearen planak eta naturarenak ez ziren bat etorri: 1902ko maiatzaren 8an, Louis Mottet Saint-Pierrera iritsi eta biharamunean, sumendiak eztanda egin zuen.
Minutu gutxian 30.000 pertsona hil zituen erupzioak: gobernadorea bera, haren aldeko boto emaileak, oposiziokoak... Politikariari jaramonik egin gabe eta bideak itxi baino lehen ihes egitea lortu zuten apurrez gain, beste bi pertsona soil irten ziren bizirik laba eta gas uholdeak suntsitutako lurraldetik. Horietako bat lur azpiko ziega batean giltzapetutako Auguster Ciparis presoa zen. Heriotzara kondenatu zuten eta exekuzioa maiatzaren 9rako iragarri. 24 ordu lehenago, Pelée lehertu zenean, kaiola babes bihurtu zen. Naturak zigorra barkatu zion, eta gizakiek, haren boterearen lekuko izan berri, ez zuten kontra egiteko adorerik izan. Sumendiak luzatutako indultua ofizial bihurtu zuten.