Obamaren gerra bideo-jolasa balitz, orduan bai ondo

  • Sei urtetan barrena militar yanki honek 6.000 orduz pilotatu zituen erasoko hegazkin militarrak... urrundik. “Sekula ez nuen pentsatu hainbeste jende hilko nuenik”, aitortu dio kazetariari, armada utzitakoan kontatuz bere amesgaiztoak. Piloturik gabeko hegazkinen kirurgia ez da odolik gabea: biktimak urrutiko jendeen artean, biktimak etxekoetan.

2013ko ekainean Afganistango Lora herrian AEBetako armadak piloturik gabeko hegazkinetik jaurtitako misil batekin lehertutako etxea. (Japan Times)
2013ko ekainean Afganistango Lora herrian AEBetako armadak piloturik gabeko hegazkinetik jaurtitako misil batekin lehertutako etxea. (Japan Times)

Londresen maiatzaren 22an soldadu britainiar bat kale gorrian kalitu zuten hiltzaileetako batek oihuka esaten omen zuen: “Damu dugu emakumeek hau ikusi behar izana, baina gure lurraldean hauxe da gure emazteek ikusten dutena”. Eta aurreraxeago: “Zin dagigu Allah handiaren izenean beti borrokatuko zaituztegula. Egin duguna egin dugu egunero hiltzen diren musulmanengatik”.

Mendebaldeko kazetariok asko haizatu ditugu drone izenez (eulitzar edo erlamando ingelesez) ezagunagoak diren pilotu bako hegazkinen alde teknikoak. Aldiz, gutxiegi aipatu zein heinetaraino zabaldu duten izua herrialde askotako jendeen artean urrundik kontrolatutako hegazkinon erasoek. Funtsean Ekialde Hurbilekoetan, Pakistandik hasita Gazaraino, ahaztu gabe Somalian gertatzen direnak.

Joan den otsailean Lindsey Graham AEBetako Senatuko kideak ozenki aldarrikatu zuen beren armadak 4.700 jendez goiti hil dituela urrundik gidatutako hegazkinon misilez. Eulitzarron erabilera zabaldu beharra honela defenditu zuen Grahamek Easley Rotary Clubean: “Batzuetan errugabeak jotzen dituzu, eta nazka ematen digu; baina gerran gaude eta Al-Kaidako buruzagi garrantzitsuak hil ditugu horiei esker”. Pakistanen, Yemenen eta Somalian gertatu dira horietako eraso gehienak, ahaztu gabe Afganistanen, Iraken, Gazan eta beste leku askotan egindakoak. Erasook dira gau eta egun lurralde horietako populazioek beren buru gainean sentitzen duten etengabeko zaindaritza itogarriaren une gorenak.

Gerrak AEBetan ere sortu ditu bere lehen biktimak. Gerra guztietan bezala, soldaduen artean. Vietnamgo beteranoak zahartu direnean, Irakekoak adinean gora... hogeita hamar urte azpiko zaurituak daude US Armyn. Der Spiegeleko Nicola Abék eskainitako “Dreams in Infrared: The Woes of an American Drone Operator” (Infragorrizko ametsak: AEBetako droneen pilotu baten atsekabeak) erreportajeak bildu ditu bost urtez milaka kilometrotara zeuden gizakiak hiltzen aritu den militar baten kontakizunak.

“Bost urte baino gehiagoz”, hasi du kontakizuna Abék, “Brandon Bryant lanean aritu da leihorik gabeko sala batean, erremolke baten tamainakoa, aire egokitua eten gabe 17 gradutan edukiz eta  segurtasun neurriengatik aterik ireki gabe. Bryantek eta bere lankideek hamalau ordenagailu pantaila zeuzkaten aurrean eta lau teklatu. Bryantek botoia sakatu New Mexicon eta munduaren beste muturrean norbait hiltzen zen. (...) Horrelakoa da eskifaiarik gabeko hegazkin baten burmuina. Militarrek ‘kabina’ deitzen dioten arren pilotuak ez dabiltza airean hegan, kontrol tresnen aurrean eserita baizik”.  

Etsaiaren 24 orduak  

Militarrak gogoan du egun hura, bere hegazkina Afganistan gaineko zeruetan, kontrol salatik 10.000 kilometrora. Ekranean ikus zezakeen ahuntzak gordetzeko etxola hura. Bryantek jaso zuen tiro egiteko agindua, txabolaren teilatua markatu zuen laserrez, alboan zeukan pilotuak sutu Predator hegazkinak zeraman Hellfire misila.

Hamasei segundo falta helburua lehertzeko. Hegazkinak kasernako monitoreetara bidaltzen zituen infragorriz hartutako irudiak, 2-5 segundoko atzerapenarekin. Zazpi segundo falta eta dena ondo. Hiru segundoren faltan ume hura agertu zen irudietan, Baghlan eta Mazari Sharif arteko herrixkan.

Leherketa. Haurraren arrastorik ez. Ondoez militarraren sabelean. “Ume bat hil al dugu?” galdetu dio albokoari. “Bai, umea izango zen” erantzuna. “Umea zen?” idatzi dute monitoreko chatean. Orduan erantzun zuen ezagutzen ez zuten norbaitek, munduko beste nonbait erasoaren jarraipena egiten zuen agintaritza militarren batetik: “Ez, zakurra zen”. Geroxeago Bryant eta bere lankideak karromatotik atera eta pantailatik begira eraso zuten herrialdekoekin zerikusirik ez zeukan paisaiak egingo zien ongi etorria.

Nicola Abéri gauzok kontatu dizkio Bryantek amaren etxeko salan. 27 urterekin armada utzita dauka. “Azken lau hilabeteotan nire ametsak ez dira infragorrietan”, esan dio kazetariari garaipen handi bat lortu balu moduan. AEBetako armadan eman dituen sei urteetan jende asko ikusi du hiltzen, gizon, emakume eta haur. “Sekula ez nuen usteko hainbeste jende hiltzerik. Egia esan, uste nuen inor hiltzeko ez nintzela gai izango”.

Kazetari izan nahi omen zuen. Baina unibertsitatean lehen kurtsoa bukatzerako milaka dolarreko zorrak zeuzkan pilatuta. Soldadu sartzera zihoan adiskide bati laguntzera joanda enteratu zen armadak unibertsitatea badaukala, doakoa gainera. Sarrerako frogak ondo egiteagatik berehala sartu zuten informazio bilketako unitate batean.

Hogei urterekin lehenbiziko misioa, akordatzeko modukoa. Iraken egunsentia zen. Soldadu batzuk basera itzultzen ari ziren, Bryant zen haien zaindaria zeruan inguru-minguru zebilen dronearen begiekin. Orduan ikusi zuen begi hura. Gudari etsaiek [enemy combatants] errepidearen zoruan gurpil bat ipini, kiskali, horrekin asfaltoa urtu eta barruan paratzen dute leherkaria. Begia  omen dirudi zerutik ikusita.

Bryantek eta lankideak ekipoko arduradunari abisatu zioten, honek zentralera. Baina konboiko ibilgailuak bazetozen, zaindariek ezin abisatu... bere begiekin ikusi zuen bost  soldatuak akabatu zituen leherketa. Hartatik sartu zen lanean buru-belarri.

Eulitzar hiltzaileok inguruko base militarretatik aireratzen dituzte, ondoren haien kontrola AEBetan daudenei pasatzeko. Bryantek kontatu du nola behatzen zituzten jendeak airetik, egun osoan begira soroetan lanean ari zirenei, futbolean jokatzen zuten haurrei...

Gaua iritsitakoan, izpi infragorriz egiten da zainketa. Bero handia egiten du Afganistanen, jendeak teilatu arinaren azpian egiten du lo. “Ikusten nituen beren emazteekin amodioa egiten. Infragorrizko bi tanta dira gero bakarra bilakatzen direnak”.

Gudari talibanak aste luzez espiatzen zituen. “Azkenerako ezagutzen dituzu. Halako batean goitik agintzen dizuten arte tiro egitea”. Etxerakoan ohartzen zen zenbat haur utzi zuten umezurtz. “Ez zegoen sentimental jartzeko astirik”.

Gainez egin zuen arte. Ezin soportatu lana, ez bertako usaina, ezin lo egin lau ordu, ezin neska batekin harreman bat txukun mantendu, listuarekin odola botatzen hasi. Medikuaren diagnostikoak dio Bryant beteranoak trauma osteko estresa daukala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia
2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eten du, Poliziak ondorioak ikertu bitartean

Epaile Santiago Pedrazek iragan ostiralean eskatu zuen estatuan Telegram aplikazioa blokeatzea. Astelehenean blokeo hau etetea erabaki du epaile berak, lehenik neurri hori aplikatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzeko.


Eguneraketa berriak daude