Gora Lou eta Loutarrak

Lourdes Olangua Louk azkenekoz abestu zuenekoa. Ok Korral taldeko kide zen Fermin Iraolari eskainitako omenaldia, Kaxerna Gaztetxean, Beran, 2011ko azaroaren 26an.
Lourdes Olangua Louk azkenekoz abestu zuenekoa. Ok Korral taldeko kide zen Fermin Iraolari eskainitako omenaldia, Kaxerna Gaztetxean, Beran, 2011ko azaroaren 26an. J.A. ARETA GOÑI JUXE

Sei musika taldek, lagun ugarik eta musika zaleek Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrika bete zuten maiatzaren 25ean, ia sei ordutako rock-and-roll saioan, Lou-ri merezitako omenaldia egiteko.

Zarauzko Lourdes Olangua ‘Lou’ ezizenez zen ezaguna aspalditik. Musika eta zine zale amorratua, 80ko hamarkada hasieran Los Humedecidos taldea sortu zuen zenbait lagunekin. Gerora, OK Korral izena  hartu eta rock-and-rolla, garagea, rockabillya eta countrya egiten hasi ziren euskaraz. Lou frontwoman aparta zen, jakina. Euskal rockaren aitzindari honek zur eta lur utzi zituen garaiko zaleak bere jarrera, estiloa eta estetikari ekser. Bi disko kaleratu zituzten: Ok Korral (Elkar, 1986) eta Beti gogor beti mozkor (Elkar, 1988). 90eko hamarkadan taldea desegin zenean, Louk hainbat banda rockero lagundu zituen, eta Nuevo Catecismo taldeko Arturo Ibañezekin, Anestesiako Belokirekin eta Federekin Las Lagartas taldea osatu zuen. Punketik harago, Euskal Herrian rock-and-roll gitarreroa egiten zuten lehen taldeetatik hurbil aurki genezakeen beti: The Covers, Lusty Men, edota La Perrera kasu.

Minbiziaren kontra luze borrokatu ostean, aurtengo urtarrilean hil zen Lourdes Olangua eta rock-and-rollaren bueltan –non bestela?– ezagututako lagun andanak, Zarautz, Donostia, Trintxerpe, Bilbo, Getxo, Castelló, Leon eta beste leku askotatik etorriak, omenezko jaia antolatu zioten.

Desastrozombiesko kide batzuek hasi zuten gaua. Punk-rock gitarreroa Manoloren ahaleginean. Jarraian Louren apopilo izandako Nuevo Catecismo Catolicokoek hartu zuten agertokia, eta beraien hastapenetako kantuak –Louren gustukoenak– eskaini zituzten. tenperatura dezente igo zuten. Gonzalo abeslariak, Louk Fuzztones taldekoei antzina ebatsitako alkondara zeraman jantzita. Hainbat gonbidatuk hartu zuten mikroa, zein baino zein biziago: NCCko abeslari ohi Enekok tximak mugitu zituen, Dictatura eta Hellnationeko Juanma hardcore ukituak ematen aritu zen, eta El Inquilino Comunistarekin Primavera Sound-en jotzetik zetorren Ricky (Los Clavos) elektrikoa ere han izan zen. Bazen besterik ere.

Horien ostean, Anestesia laukoteak gaueko emanaldi motz eta bereziena eskaini zion Louri Gora Lou eta Loutarrak izenpean: Louren taldekide Dani Ulacia gitarran, eta 2Kate eta Naun-eko Izaskun mikroan, Ok Korralen Gora eta behera, Motozerrako mutila eta Azken azal gorria interpretatu zituzten thrasharen eta rock-and-rollaren arteko bideak okertuz. Errepikaezina!

Ilargi beteak ez zion gauari etenik egiten utzi: 15 urtetan agertokirik zapaldu ez duen Vicent Von Reverb taldea Castellótik etorri eta Louri eta munduko emakume rockero guztiei eskainitako emanaldi glamourosoa egin zuen Putzuzuloko agertokian. Gauak beste tonalitate ilunagoak hartu zituen Safety Pins amorratuenekin; eta erabat gorritu zen Lobo Electrico taldearen betirako agurra iragartzeko. Santik gidatutako liturgiak luze jo zuen eta aukera izan zuten Dani Ulaciaren laguntzaz Humedecidos taldearen pieza batzuk ere interpretatzeko. Otsoa sasoi onean eta harrera beroa, baina bidea bukatzeko beldur balira bezala, sobera luzatu ziren.
 

Ikaragarrizko giro ona izan zen egun eta gau osoan Putzuzulon eta belaunaldi oso desberdinetako jendea batu zen Loutaz oroitzera eta musikaz disfrutatzera. Esanguratsua, esaterako, 80ko hamarkadan etsai ziren punky eta rockzale ugari elkartu eta elkarri laguntasuna adieraztea, garaiak aldatu direnaren eta Louk berak lortu zuen hurbilketa horren seinale.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude