Antzerki hutsa zela ohartarazi zuten eszeptikoenek, Espainiako Gobernuari (honek sektore energetikoan ezarri nahi zuen zerga-sistema berriari) presioa egiteko iragarri zuela Nuclenor enpresak Garoña zentral nuklearraren itxiera. Hain zuzen, betiko ixteko data baino hilabete eta erdi lehenago, martxan jarraitu nahi dutela adierazi dute zentralaren arduradunek. Eta utzi egingo diete gainera.
Izan ere, antzezlan honetan laguntza ordainezina du Nuclenor-ek (alegia, berau osatzen duten Iberdrola eta Endesa enpresa energetikoek). Batetik, Espainiako Gobernuak alfonbra gorria jarri dio Garoñari, ongi baitakigu PPk arlo honetan duen politika, eta segituan aurreratu du Jose Manuel Soria Energia ministroak “albiste ona” dela 43 urteko zentral zaharkituak martxan jarraitzea. Bestetik, ager-gordeka ibili ostean, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak argi utzi du, beste behin, zein irizpideren arabera hartzen dituen erabakiak. Erakunde guztiz politizatua –alderdi politikoek aukeratzen dituzte Kontseiluko bost kideak: PPk bi, PSOEk beste bi eta CiUk bat– eta pronuklearra izanik –enpresa elektriko nuklearretan lan egindakoak dira kideak edo haiei lotuak daude–, Garoñaren jarduna luzatzearen alde egin dute beti –2009an hala ebatzi zuen Kontseiluak, nahiz eta zentralak ez zituen betetzen aurretik eskatutako baldintzak, eta iaz ere luzapena gomendatu zuen, Europar Batasunak eskatutako “estres probak” egin aurretik–.
Lobby pronuklearren bultzadatxoa ere ez zaie gaizki etorriko, aurretik esperientzia franko dute-eta: iaz, zentralaren luzapena eztabaidatu zenean, Garoña barik argindarraren prezioa hilean %10 garestituko zela mehatxatu zuten, baina talde ekologistek gogoratu ziguten potentzia gutxiko zentrala dela Burgoskoa, Estatuko argindarraren %1,3 baino ez duela ekoizten eta horren laukoitza esportatzen duela Espainiak Portugalera eta Marokora.
Aldiz, asko dira zentralaren jarduna eteteko arrazoiak. Energia nuklearretik harago doa eztabaida, aspaldi iraungitako zentrala baita Garoña (1970ekoa da, Espainiako zaharrena): Nuclenor-ek esan arren “teknologia berriei esker osagaiak aldatzen, hobetzen eta modernizatzen” joan direla, Alberto Frias Garoñarik Gabeko Araba taldeko kideak argi adierazi zigun: “Erreaktorearen ontzia ezin da aldatu eta funtsezkoena hori da; Seiscientosari karrozeria aldatuz BMW bat lortzen saiatzea bezala da (…) Arazo estrukturala da: Garoñak ezin izan du konpondu duen korrosio intergranularra eta geroz eta akats gehiago ditu, onartezinak”. Horren adibide, zentralak berak aitortu dituen “segurtasun istripuak”. Ez dute jubilatzen utzi nahi, ordea.