Euskal literatura bogan, Hendaian

  • Ekainaren 5ean, goizeko 11etan hasi eta arratsaldeko 8ak arte, Itxaro Bordaren Boga-boga eleberria leituko dute 109 lagunek, hasi eta buka, Hendaiako Mediatekan. Laugarren irakurraldi publikoa izanen da aurtengoa, eta estreinakoz, Euskal Herri osora luzatu dute parte hartzeko gonbitea.

Itxaro Borda, Baionan, Santizpiritu zubia atzean duelaGaizka Iroz

Literatura, irakurzaletasuna sustatzeko ahalegina, euskararen ikusgarritasuna eta plazera sare berean harrapatzen dira ekainaren hastapeneko buelta horretan, beti asteazkenez, antolatzen den jendaurreko irakurraldian. Herri osoa ukitzen du ekimenak, hain zuzen, ikastetxeetatik hasi eta enpresa, aisialdiko talde, elkarte, erakunde nahiz norbanakoenganaino heltzen baita parte hartzeko deia, Akelarre Kultur Elkartea tarteko dela. Aurtengoak, laugarren edizioa duen honetan, herriko mugetatik harago zabaldu nahi izan dute esparrua.

Hitzordua, beraz, hilaren 5ean izango da. Goizeko 11etatik hasi eta arratsaldeko 8ak arte, Itxaro Bordaren Boga-boga nobela irakurriko dute 109 lagunek, pertsonaia ezagunak tarteko direla. Hala nola: Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak, Battitt Sallaberry auzapeza, Kotte Ezenarro politikari sozialista, Beatrice Molle eta Frank Dolosor kazetariak, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorea, Paxkal Indo Seaskako lehendakari eta musikaria… Parte-hartzaile bakoitzak bina orrialde hartuko ditu bere gain, aldez aurretik antolatzaileek finkatutakoak, irakurleen artean etenik egin gabe, liburua osatzea izango da xedea.

2010etik honakoak

Hendaian antolatutako lehen irakurraldi publikoak Euskal Herriko legendak hartu zituen gaitzat, eta Anuntxi Arana antropologoa izan zuen ohorezko gonbidatu eta babesle. Hark abian jarri zuen ekitaldian, 7 urtetik 75era bitarteko 65 irakurle bildu zituzten. Bigarren urtean, Lucien Etxezaharreta izan zuten protagonista, eta bere Inter Porcos (Maiatz, 2007) ipuin-liburua gogoan, animalien gaiari heldu zioten 101 lagunek. Erran zaharrak, alegiak, kantuak, ipuinak, olerkiak eta beste irakurri zituzten, baita espresuki horretarako sortutakorik ere, Mikel Ibargurenen testua kasu. Bi irakurraldiotan nork bere gustuko irakurgaia hautatu eta eskuetan zuela heltzen zen mikorfonoaren aurrera. Ikasle ugari ere bazelako, edizio biziak izan ziren, ez hain formalak.

Hirugarren saioan, alegia iazkoan, aspaldian hendaiartutako Hasier Etxeberria idazlearen eleberria irakurri zuten adin guztietako 70 lagunek: Inesaren balada.

Aurtengo ediziorako Amaia Ezpeldoi detektibeak argitu behar duen misterioak erakarri ditu antolatzaileak. Eleberria Baionan eta Ipar Euskal Herrian kokatu izana, errugbia, emazte kale garbitzailea, harreman lesbikoak, garai bateko egoera politiko eta sozialaren ondorioak eta idazlearen espiritu kritikoa gustatu zaizkie bereziki.

Iazkoari jarraiki, saio guztiak grabatu egingo dira –kontrakoa adierazten dutenak salbu– eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira zuzenean, www.akelarre-hendaia.com helbidean. Mediatekaren kanpoaldean ere pantaila ezarriko da, ekimenak aretotik kanpo ere presentzia izan dezan.

Irakurraldia aberasteko, gainera, eta Itxaro Bordaren lexiko zainduaz gozatzeko, Joxan Elosegik landutako hiztegia ere eskura jarri dute helbide berean. Haren hitzetan, “merezi du Bordaren literaturak, haren testuak, eta horretan badu garrantzia, ekialdeko mintzairetatik, Amikuze eta Zuberoako hizkuntza moldeetatik bereziki, euskara estandar modernora egin duen bide oparo bezain aberasgarriak”.

1030 euroko aurrekontua du aurtengo irakurraldiak. 660 Euskal Kultur Erakundeak emango dizkio eta 370 Akelarre Elkarteak hartuko du ere gain.

Miren Intxausti: "Irakurmen kolektiboaren gozamena sustatzen dugu"

Nola sortu zen ekimena? Literatur taldea al dago ideiaren atzean?

Ez zen zehazki taldearen ideia izan, bertako bi zororena baizik, biak irakasleak. Oso kontzienteki ez bazen ere, ikasleak irudikatzen genituen jendaurrean irakurtzen. Jakina, babestuta, helduez edo, hobeto esan, euskal hitzak orobat maite dituen jendeez inguratuta. Zergatik bereizi behar dira haurrak eta helduak publikoaren aitzinean? Bestalde, Arriagako irakurraldia ezagutzen genuen eta Hendaian ere egin genezakeela iruditzen zitzaigun eta horrelaxe proposatu genion Akelarreri. Babesa eman ziguten, eta azpiegitura eskaini. Beraz, eta galderari helduz, Akelarrek badu literatur taldea, baina irakurraldia antolatzen duena hiru kidez osatutako beste talde bat da. Jakina, elkarren ifrentzua gara.

Zer helburu du irakurraldiak?

Luzarorako helbururik ez du. Ez gara ari misio baten ardura bageneuka bezala, eta hura galduko balitz katastrofea gertatu litzatekeenaren ustean. Ez zaigu iruditzen irakurzaletasuna bultzatzeko edo euskara maitatzeko nahitaezkoa denik. Egunen batean irakurraldirako ilusiorik inon ez bada, bukatuko da eta kito. Jarraipenaren bermeak ez gaitu axolatzen. Ilusioa, kemena eta denbora maite dugunari eskaintzen diogu. Beraz, helburuak oso hurbilekoak dira: hurrengo urtean ere Irakurraldi Publikoa gauzatzea.

Hastapeneko helburuek bere horretan diraute. Hala nola, adin guztiak nahasirik publiko aurrean jardutea batetik, eta bestetik, idazlan bat ezagutaraztea eta bide batez sortzaileari oihartzun mediatikoa eta gure onespena eskaintzea.

Ondorioez mintzatuko bagina, esango nizuke irakurmen kolektiboaren gozamena sustatzen dugula parte-hartzaileen artean, eta euskara ikasten ari direnei, berriz, euskara besteei emateko parada ere eskaintzen diegula.

Zer eboluzio izan du lau urteotan?

Parte-hartzeari dagokionez oso gustura gaude. Haurra edo heldua izan, jendaurrean irakurriko duten testua ondo prestatu behar dutela esaten diegu denei. Ez dugu perfekzioa eskatzen, irakurlea testuan sar dadin baizik, berea egin dezan. Hitzak ulertzea, ahoskatzea, idazlearen munduaren zatitxo horretan sartzea.

Eskarmentu handia irabazi dugu antolaketa mailan. Urteko lan agenda finkatu eta garaian garaiko eginbeharrak burutzen saiatzen gara: liburua hautatu, idazlearen adostasuna, publizitatea erakarri, irakurleak bildu, komunikabideetan agertu, irakurraldiko eguna finkatu… Ahalegin handia egiten dugu idazlea gure artean ongi senti dadin, eta urtetik urtera hobeto asmatzen dugulakoan gaude.

Zer panorama ikusten duzue Hendaian euskarari eta literaturari dagokionez?

Pertzepzio partziala dut. Euskal hiztunen talde-agerpenak izan badira, baina gordeak. Esan nahi baita, badira tokiak non euskaraz ari garen: ikastola, irakurraldia, bertso saioak, antzerkia, zinema, dantza… baina gero, kanpoan, euskal hiztunen kolektibo hori ez da ageri, lausotuta gelditzen da. Hendaian erosketak egiten dituzunean, hondartza aldeko ostatuetan ibiltzean, non dira euskaraz badakiten horiek guztiak? Ez dira ageri, alta badira. Bizimoduak beti okupatuta egotera bultzatu gaitu, eta dagoeneko ez dugu denborarik ez dirurik kalean gure artean biltzeko. Aldiz, mota guztietako ekimen sozialak ditugu: kirola, kultura, politika. Sekula baino gehiago, nire ustez.

Euskalduntasuna gure egin eta plaza publikoan agertu behar dugu helduok. Euskararen etorkizuna ez dira haurrak, geu gara, helduok, nagusiok; geure borondatez pentsatu, planifikatu, neurriak jarri eta ekiditeko gai garenok. Haurrentzako pedagogiarik onena etsenplua da, eta koherentzia. Haurrek ikastetxeetako jolastokietan euskaraz hitz egin behar badute, guk ere bai tabernan eta gure artean.

Gure literaturari dagokionez, erantzuna aurrekoari lotuta dago. Literatura aipatu eta batzuk terminoak berak beldurtzen ditu. Bi alderdi bereiziko nituzke. Batetik, nola liteke euskara dakien hainbeste lagunek –jende nagusiaz ari naiz, irakasleak barne– hain analfabeto irautea bere lehen edo bigarren hizkuntza den horretan? Deus ez irakurtzea, ez idaztea… Gainditu behar dira nagia, zailtasuna eta denbora falta. Bestetik, irakurtzeak ez du esan nahi bakarrik egin behar denik. Taldean ere egin daiteke. Taldean, irakurri eta mintzatu, biak egiten dira. Taldea toki aproposa da euskaraz irakurtzen hasi nahi duenarentzat.

Zerk animatuko zaituzte hurrengo bat ere antolatzera?

Guk atsegin dugun zerbait egiteak, xinpleki. Denbora izateak eta antolaketarako azpiegiturak ere laguntzen du. Ilusioak naturalago irauten du horrela.


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Autorrealizazioa irakasgai

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Eguneraketa berriak daude