Euskal literaturaren beharrizanak aztergai, Larrabetzun

Danele Sarriugarte idazle, itzultzaile eta Literaturiako antolatzaileak gidatuko du Euskarazko itzulpengintzaren erronkak gaur egun mahai-ingurua. Ekainaren 2an, goizeko 11etatik hasita, Larrabetzun.
Danele Sarriugarte idazle, itzultzaile eta Literaturiako antolatzaileak gidatuko du Euskarazko itzulpengintzaren erronkak gaur egun mahai-ingurua. Ekainaren 2an, goizeko 11etatik hasita, Larrabetzun.

Literaturiak ekitaldi ugari proposatuko ditu hiru egunez, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean. Igandeko menuko plater nagusia, kasura, mahaiaren bueltan eskainiko da, goizeko 11etatik hasita. Euskarazko itzulpengintzaren erronkak gaur egun izenburupean antolatu den solasaldiak euskal literaturaren beharrizanei zelan erantzun beharko litzaiekeen argitzea izango du xede. Parte-hartzaileak hautatzeko garaian, aspaldion sortu diren argitaletxeak izan dituzte gogoan, Danele Sarriugarte antolatzaileak argitu digunez, “eredu guretzat berri batean oinarritzen direlako, eta bereziki itzulpengintzan zentratu direlako”. Hala, Iñigo Roque itzultzailea, Edo! argitaletxearen izenean, Joxemari Sestorain Cénlit-Denonartean-eko kidea eta EIZIEko partaideren bat eseriko dituzte mahaiaren bueltan.
Mamitzeko zenbait ildo proposatuko dizkie Danele Sarriugartek, mahai-inguruaren gidaria ere izango den aldetik. Lehenik eta behin, itzulpengintzaren aldeko apustu tinkoa egin duten hiru erakundeon bilakaeraz eta iritziaz galdegingo die. Bigarren puntu gisa, hauen aldean, bestela diharduten argitaletxeak hartuko dituzte mintzagai; esan nahi baita, euskal literatur produkzioa babestearren, itzulpenik kontuan hartu ez dutenak.
Itzulpengintzaren inguruko aurreiritziei ere helduko zaie gero. Besteak beste, literatura kultua besterik ez euskaratu izana egotzi izan baitzaio urtetan. Horrenbestez, best-sellerrei heltzea konponbidea ote den, itzulgaia arazo ote den edo bestelako faktorerik ba ote dagoen ere aztertuko dute. Azkenik, garai ekonomiko latza eta sare sozialak ere mahairatuko dira.
Solasaldiak izan lezakeen interesa ikusirik, zenbait galdera luzatu dizkiogu Danele Sarriugarteri:

Itzultzailea eta idazlea zara zeu ere. Zure ustez, zein neurri izan beharko luke itzulpengintzak euskal literaturaren produkzioan?

Bi sorkuntza motak, euskaraz idatzitako literatura eta euskarara itzulitakoa, zentzuz uztartzea beharrezkoa eta aberasgarria da. Ez nuke jakingo zehazki proportziotan neurtzen, hala ere, produkzioaren beraren aldetik egun dugun egoera nahiko ona dela iruditzen zait, orain arte izan den onenetarikoa. Dena den, kopuru aldetik bainoago, uste dut aldaketak itzulpenarekiko jarreran behar duela egon, alegia, gero eta lausoago ikusten dut sortzearen eta itzultzearen arteko muga, zer puntutaraino ez den euskarazko sorkuntza euskarara itzulitako obra bat...

Sare sozialei egundoko garrantzia ematen diozu, eleazari.org bloga kudeatzen duzu. Zer garrantzi ematen diezu hedatzeko moldeoi mahai-inguruan planteatu dituzun hausnarketei dagokienez?

Azken hamarkadotan, euskarako itzulpengintzaren kalitateari eta ikusgarritasunari dagokionez, aurrerapauso handiak eman dira jende askoren lanari esker. Ez dut uste hobekuntza hori inork ukatuko duenik. Hala ere, egin diren azterketek oraindik mugarik badela erakusten dute, badirela irakurlegoarengana iristeko oztopoak, aurreiritziak izan edo beste kontu batzuk izan.
Galdera bota nahi diet mahaikoei, ea sare sozialek eta hedabideek muga hori hausten lagun dezaketen. Konparazio baterako, EIZIEk 31 eskutik bloga abiatu du orain dela gutxi, eta arrakasta itzela lortzen ari da. Bide hori jorratzen jarraitzeko aukerez jardun nahi dut.

Zer ordorio aterako da Literaturiako mahai-inguruan, zure ustez?

Badirudi garaiotan debekatuta dagoela halakorik esatea, baina ondorio positiboak aterako direla uste dut, hau da, itzulpengintzak bidea urratu behar duela oraindik, eta horretarako badela jende gogotsua. Oztopo batzuk atzean utzi ditugu dagoeneko. Beste batzuei erantzuteko unea dugu orain. Garaia ez da samurrena, hori argi dago, eta agian itxura baikorregia eman dezaket, baina inportantea da ez etsitzea.
Ez dakit mahai-inguruak zehazki norantz joko duen, baina gaurko erronkei alternatibak emateko proposamenak planteatzea da nire helburua, horri buruzko eztabaida eta hausnarketa sortzea, aurrera egin dezagun, eta ahal dela indarrez eta ilusioz.


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude