Erresistentzia baketsua eta demokrazia

Artikulu hau idazten hasterakoan, izenburua erabakita neukan. Lerroburu horiek ipini ditudanean ohartu naiz aurreko alean idatzitakoaren izenburua oso antzekoa zela: “Escrache”ak eta demokrazia. Egia esan, izenburua errepikatzea ez zen nire asmoa, baina guztiz koherentea iruditu zait herriak kaleetan adierazten duena “demokrazia” kontzeptuari lotzea oraingo honetan ere. Bada, horretaz ohartu eta gero, atzera egin dut sarreratxo hau gehitzeko.

Ondarroan orain hilabete bat, Donostian egin zen moduan, jende talde batek protesta egin du, gazte batzuk espetxeratzeko Auzitegi Gorenak emandako epaiak betetzearen aurka. Gizartearen zati batek injustutzat jo ditu ebazpen horiek eta atxiloketa horiek eragozten saiatu da “herri harresia” eraikiz.

Gizarte honek oraindik hausnartu beharko du iraganean gertatutakoaz eta horren kudeaketaz, baita erantzukizun pertsonaletaz ere. Hausnartu beharko dugu baita ere, zer-nolako erantzuna eman zaien batzuek burututako injustiziei. Hori beste kontua da ordea, gaurko honi lotuta dago, baina ez du baldintzatu behar.

Demokrazia ez da erakundeetan bakarrik betetzen edo, hobeto esanda, erakundeetan burutzen den demokrazia ez da inolaz ere bere azalpen bakarra. Demokrazia herritarron parte-hartzea da, eta hori lor daiteke instituzioetan nahiz era zuzenean, baita kaleetan ere. Parte-hartze demokratikoa ez da hauteskundeetan agortzen eta haserrea eta sumina adieraztea ariketa demokratikotzat jo behar dugu. Badirudi, gainera, bide honetatik jendea ardura berezia hartzen ari dela, eta horrekin batera, erakundeetan gauzatzen den ordezkaritza zalantzan jartzen: horra hor Maiatzaren 15 eta Escrache mugimenduak.

Halere, herri harresiak baditu izan ezaugarri bereziak: alde batetik, auzitegien epai bat betetzea oztopatzea du helburu –nahiz eta hori ere kaleratzeen edo etxe-gabetzeen aurkako ekintzetan ere gertatu den–. Eta bestetik, eta hemen dago berezitasunik nabarmenena, ezker abertzalearen ekimena izan da. Ez edonolako ekimena: baketsua –horrela espres adierazita– eta guztiz sinbolikoa, inork ez baitzuen sinesten agindua beteko ez zenik, baina halere, hor egon zen hainbat pertsona beren elkartasuna eta haserrea adierazten. Horri erresistentzia esaten zaio, eta noski, ez da asmatu ez hemen ez eta orain, baina zentzu berria du niretzat.

Ezker abertzaleak egindako aurrerapausoen adierazpenak dira orain aipatutakoak. Kalean jarraitzen dute, bai, baina, inoren eskubideak zapaldu gabe, mehatxurik gabe eta horrela adierazi nahi izan dute.

Kontua ez da bat egiten dugun beraien argudioekin edota nola hartzen ditugun auzitegien ebazpen horiek. Kontua da denok izan behar dugula injustutzat jotzen ditugun egoerei aurre egiteko aukera, beste inori injustiziarik eragin gabe. Nire iritziz, hori besterik ez da gertatu herri harresi horiekin.

Azterketa ez da hemen bukatzen. Zer erantzun eman behar zioten erakundeek Ondarroan eta Donostian gertatutakoari? Bada, niretzat, eman dena: Eusko Jaurlaritzak –Ertzaintzak, beraz– auzitegien aginduak bete behar zituen eta horrela egin du. Errazago eta ekonomikoki merkeago izan zitekeela? Bai, noski, baina gizarte demokratiko baten kudeaketa askoz ere “garestiagoa” eta konplikatuagoa baldin bada, dezentez aberasgarriagoa eta partekatuagoa ere bai. “Merkeena” gizarte isila, izutia eta koldarra da, baina hori ez litzateke jadanik gizartea izango, artaldea baizik, eta nik gizarte bizia eta ernea nahi dut.


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Eguneraketa berriak daude