Guelph-eko Unibertsitateko (Kanada) ikerlari talde baten arabera, mixina izeneko arrainak jariatzen duen mukiarekin balen aurkako txalekoak ekoizterik izango da, besteak beste.
Mixinak aingira itxura du, metro bat inguru luze da, itsas hondoan bizi da eta duela 300 milioi urte existitzen. Haren berezitasuna gorputz osoan barreiatuta dituen ehun bat guruinak dira; horietatik jariatzen duen substantzia zurixka, ura ukitzean, muki erako oihal ultraerresistente bihurtzen da.
Mukia mikra bateko diametroko hariz osaturik dago. Timothy Winegard ikerlariaren arabera, arrain bakar batek milioi bat kilometro hari sor dezake. Hariak uretatik atera eta lehortu ondoren, erresistentzia izugarria duten oihalak egin daitezke harekin. Esaterako, balen aurkako jantzietan erabiltzen direnak, dagoeneko esan dugunez.
Mixina akuarioetan haztea oso zaila da, ordea. Ikerlarien helburua, orain, mukia sortuko duten bakterioak aurkitzea da, gerora bakterio horiek laborategian haztea errazagoa izango delakoan.