argia.eus
INPRIMATU
Zerain (Gipuzkoa)
Lehengo meategia Burdinaren mendi da gaur
  • Hurra, ezkurra, sagarra eta zura izan dira euskaldunon kulturaren oinarri. Bizitzeko eta Herri egiteko aukera eman digutenak. Horiei esker euskaldunok kanpora joateko aukera izan dugu, baita noranahiko grina piztu ere. Horrek itsas jende egin gaitu. Eta itsasoz lur gure jakintzak eman dituen hiru mozkin nagusiak hedatu ditugu. Euskaldunon enbaxadore izan diren itsasontziak, sagardoa eta burdina. Haiei lotuta etorri zaio kanpotik gure kulturari aitorpena eta sona. Gero ere hala izango delakoan nago.

Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 23a

UNESCOren aholkulari sonatua izanagatik lagun dudan Jordi Pardo jakintsu katalanak gure herrira etortzen denero galdetzen dit: Euskal Herriko historia itsasotik, burdinetik eta sagarretik azalduko duen sarea osatzeko zeren zain zarete? Bere burua ezagutzen duenak, identitatea bereganatzen saiatzen denak izango du etorkizuna. Geroa gaur sortzeko indar onena baita autoestimua. Norbanakoarentzat bezala herri batentzat ez da horrelako erregairik!

Bere etorkizuna lantzeko, izan daitekeenaz jabetzeko, izandakoa jaso, zaindu eta erakusten du Zerainek. Birminghameko Unibertsitateko Kultur Ondareko katedraduna eta Turismoren eta Kulturaren aldaketarako Zentroaren sortzailea den Mike Robinsonek dioen eran, berez dena erakutsi behar du iraunkorra izan nahi duen turismoak. Eta nik erantsiko nioke, iraunkorra eta etorkizuna bere esku izan nahi duen turismoak.

Zerainek bere eskutik erakusten du duen onena: 1711ko zurezko kartzela, San Blas ermita, Herri Museoa, artzainen gaztandegiak, Larraondoko Zerrategia, sagardogintza, Lasurtegiko Hezegunea, bolatea, eta abar. Eskaintza horretan bereziena Burdinaren Mendia da. Aizpea auzoan dago, Zerain eta Legazpi, Aztiriatik barrena lotzen dituen bidean. Gipuzkoako txoko ezezagunenetako batean.

Hiru bizipen ezinbesteko

Burdinaren Mendia lehengo mendera arte batez ere burdina ustiatzeko erabili izan den meategia da. Erromatarren aztarnak aipatzen dituzte batzuek (Troi meategia mugante den Mutiloako meategian, Barbari auzoa Zegama aldera...). Mendi honek ezaugarri bereziki aberatsak ditu bai naturaren ikuspegitik –Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan dago eta Lasurtegiko Hezegune babestua ere bertan da–, baita kulturaren ikuspegitik ere; Kultur Monumentu Multzo izendatu eta babestua dago.

Bertaratuz gero hiru bizipenetatik pasa gabe ez etxeratu. Bata Mendian eman beharreko buelta bat da. Ibilbide aukera zabala dago Aizkorri-Aratz Parke Naturalean barrena berezko natura eta ustiapen industrialaren nahasketak sortutako paisaia kultural izugarriaz gozatzeko; tartean trenbidea, laster berriro martxan jarri nahi dutena. Bigarrena, ingelesek burdina ustiatu zuten garaiko eraikin berezian dagoen Aizpita Adierazgunea; bertan burdinak Zerain eta mundua lotzen zituen garaia ezagutzera ematen da. Hirugarrena Galeria. Garai bateko galeria zaharra da, gero bolborategi bihurtua. Egun, galerian barrena, hainbat garaitako ustiaketa eta mea klaseak ikusten dira.

Burdinaren mendian, basoa

Burdinaren Mendian eta inguruko sailetan bere etorkizuna lantzen ari da Zerain. Basoak sortzen ari da, bi helburu nagusirekin: galzorian dauden espezieak berreskuratuz bioaniztasuna zaindu eta aberastu eta baso didaktikoak izatekoa, eta bestetik etorkizunean behar-beharrezkoak izango diren kalitatezko zura eta energia sortzeko egurra lantzekoa.

Eta horrekin batera herriko mozkinak dastatu eta eskuratzeko aukera duzu: kalitatezko baserriko produktuak, batez ere gazta eta sagardoa. Horretarako Burdinaren Mendia eskaintzarekin batera Gazta eta Sagardoaren Mendiaz goza dezakezu.
Ontziak, sagardoa eta burdina. Garai batean bezala, gero ere euskaldunon enbaxadoreek Zerainen bere tokia izango dute. Bere burua estimu handian duen herria.