"Enpresan hizkuntzak kudeatu behar dituztela ohartzea da lehen urratsa"

  • Rober Gutierrez (Gasteiz, 1970) Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria da. Elkarteak lan mundua euskalduntzea du helburu eta Bai Euskarari Ziurtagiria da euren proiektu garrantzitsuenetako bat. Ziurtagiriaz, enpresen euskalduntzeko ahaleginaz eta Enpresarean egitasmoaz aritu gara.
     

R. Gutierrezek utzia

Bai Euskarari Ziurtagiriak 13 urteko ibilbidea dauka. Zergatik eskuratu nahi du Ziurtagiria enpresa batek gaur egun?

Hainbat motibazio eta balio dituzte: bezeroari zerbitzu hobea eskaintzea, konpetentziaren aurrean nabarmentzea, produktu eta zerbitzuei balio erantsia ematea… Ikusten dute, gainera, euskara lanean txertatzeko egiten duten ahaleginak gizartea euskalduntzeko ere berebiziko garrantzia duela. Ohartu gabe, edo guztiz kontziente, bakoitza bere inguruan ari da euskara sustatzen.

Ziurtagiria eskuratu dutenen jokaera zein izaten da; oinarrizko urratsak egin eta hor gelditzea ala prozesu guztia amaitzea?  

Bai Euskarari Ziurtagiriak hiru maila ditu: maila gorena (Zerbitzua eta Lana euskaraz), tarteko maila (Zerbitzua euskaraz) eta oinarrizko mailari dagokiona (Bidean). Egungo datuei dagokienez, ziurtagiridunen %15 (1.407) iritsi dira maila gorenera, eta %39 gai dira euskarazko zerbitzua eskaintzeko. Gainerako ziurtagiridunak, %46, urratsak ematen ari dira zerbitzua euskaraz eman ahal izateko. Enpresa horiek bi zailtasun nagusiri egin behar izaten diote aurre prozesua amaitzeko: enpresetako pertsonen hizkuntza-gaitasunari eta hornitzaileen hizkuntza-erabilerari.

Eragile berriak lortzea ez da erraza izango.  

Ziurtagiriarekin, bereziki, bi lan egiten ditugu. Ziurtagiria duten entitatteen jarraipena eta ebaluazioa egiten dugu urtero, baita Ziurtagiria hedatu ere. Zaila izaten da, ordea, enpresa berrietara zabaltzea. Aurten, nagusiki, Bizkaian ari gara. Saiatzen gara enpresei euskararen balioa ikusarazten eta eraldaketa prozesu horretan irabazten aterako direla azaltzen; esaterako, Bai Euskarari Ziurtagiria duten beste entitate batzuen emaitza errealak erakutsiz. Aitortu beharra daukat ez dela erraza emaitza onak lortzea. Baina, hala ere, urtero ari gara enpresa berriak erakartzen, eta kontua ez dago geldirik. Gainera,  enpresa asko ixten ari diren honetan, nabarmentzekoa da enpresa batzuek interesa badutela euskara beren egunerokotasunean txertatzeko. Aukera gisa ikusten dute enpresa horiek euskara eta zenbaitzuk Bai Euskarari Ziurtagiria ere bai.

Zer gertatzen da enpresak merkatuan Bai Euskarari eta Bikain Ziurtagiriak topatzen dituenean?

Enpresa munduan ez da ulertzen hori; jendea nahasten ari gara. Ez dauka zentzurik. Ziurtagiriaren Elkarteak ez du plazaratu inoiz publikoki bikoizketa horren inguruko iritzirik. Egin duguna izan da, isilpean, bikoizketa horri irtenbide egokia ematen saiatu, Eusko Jaurlaritzarekin hitz eginez. Ziurtagiriaren Elkartea sortze-prozesuan zegoenean azaldu genion Jaurlaritzari zein zen gure asmoa, emaitzak erakutsiz, eta elkarlanean eta lankidetzan aritzea izan zen proposatu geniona. Handik gutxira, Bikain Ziurtagiria sortu zuen, eta hortik aurrera bi Ziurtagiri egon dira merkatuan. Aurreko gobernuarekin nolabaiteko hurbilpen bat egon zen; proposamen bat hitzartzera ere iritsi ginen legegintzaldiaren amaieran. Hitzarmen zirriborro bat ere izan genuen esku artean, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek onetsia izan zena eta abar. Niretzat funtsezko bi ideia biltzen ziren bertan. Batetik, Ziurtagiri bakoitzak duen balioa elkarri aitortu genion, eta uste dut oso garrantzitsua dela hori. Eta bestetik, hitzarmen zirriborro horren izenburuan hitzartu genuena oso inportantea iruditzen zaigu: “Ziurtagiri Sistema Bakarreranzko Plan Pilotua”. Ikusiko dugu zein den oraingo gobernuaren asmoa.

Bikoizketa horren aurrean, badira bi Ziurtagiriak dituzten enpresak.

Hasieratik Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresa batzuek Bikain Ziurtagiria ere eskuratu dute gerora. Enpresek balio ezberdinak topatuko dituzte bai batean, bai bestean. Gure ustez, sistema bakarra antolatzea da logikoena. Alor sozio-ekonomikoan ari gara lanean, eta aktore bakoitzak bere zereginak ondo finkatuta eduki behar ditu. Garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeari begira zeresana duten aktoreak ezagutzea eta horietako bakoitzak zein funtzio bete behar duen argitzea. Zer dagokio administrazioari? Zer dagokie enpresei? Zer kontsumitzaileei? Zer Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteari?...

Nola edo zertan aldatu da lan munduaren jokaera krisiaren aurrean? Hizkuntza-kudeaketari zer garrantzi ematen diote enpresek testuinguru honetan?

Uste dut enpresak konturatzen ari direla, pixkanaka, merkatuan eta euren egunerokotasunean hizkuntza ugari daudela. Hau da, hizkuntza bat erabil dezaketela enpresa barruko pertsonen artean, beste hizkuntza bat erabiltzen dutela nazioarteko ordezkaritzako langile batekin, eta hainbat hizkuntza erabiltzen dituztela bezeroekin. Lehenengo urratsa da hizkuntza horiek kudeatu egin behar dituztela ohartzea, eta ari dira hori barneratzen, nolabait. Baina iruditzen zait, oraindik ere, ez dela behar bezala baloratzen hizkuntza-kudeaketaren gaia. Hizkuntzen balioaz jabetu behar dira enpresetan.

Languneren ikerketa baten arabera, bertan parte hartu duten enpresen %38,2k uste du euskararen erabilera lehia abantaila dela. Bat zatozte ideia horrekin, zer egiten duzue ideia horren zabalkundeari begira?

Ziurtagiriaren Elkartean saiatzen gara ideia hori transmititzen. Enpresetan, aurrez aurreko harremanetan, hori da azaltzen dieguna. Ikerketetako datuak erakusten dizkiegu; zeintzuk diren jarrera orokorrak, portaera egokiak, pertzepzioak… Enpresa eredugarriak identifikatzen ditugu, eta horien lidergo gaitasuna aprobetxatzen dugu eragile berriengana iristeko. Era berean, beste enpresetan zer egiten duten ere erakusten diegu; zeintzuk diren gainontzeko enpresek lortutako emaitzak eta abar.  

Enpresarean egitasmoarekin ari zarete lanean. Zer beharrei erantzuteko sortu zenuten?

Helburu ezberdinak ditu proiektuak. Batetik, bilatzen duguna da euskarazko produktu eta zerbitzuak erakusleiho batean jartzea; euskaraz lan egiten duten enpresak agertarazten saiatzen gara. Bestetik, euskaraz lan egiten duten enpresa horien arteko harreman sare bat sortu nahi dugu. Euren arteko lankidetza proiektuak bideratzeko gune bat sortu nahi izan dugu. Iazko urrian azoka antolatu genuen Donostian eta, bi urtean behin antolatuko dugu formatu horretan.

Nolako esperientzia izan da azokarena?

Balorazio positiboa egin dugu. Egitasmoan parte hartu duten enpresek ikusi diote potentzialitatea proiektuari, eta oso pozgarria da hori guretzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude