argia.eus
INPRIMATU
Gero eta kezka handiagoa sortzen du espazio-zaborrak

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 22a

Ia 5.000 satelite jaurti dira espaziora 1957tik. Gehienak Lurretik 800 eta 2.000 kilometro arteko altueran ari dira orbitatzen; eta euren zeregina amaitu ondoren bertan geratzen dira zati gehienak.
Guztira, hamar zentimetro baino gehiago daukaten 23.000 tik gora pieza daude; zentimetro bat eta hamar zentimetro bitartekoak 300.000 inguru dira, eta milimetro bat eta zentimetro baten artekoak, 35 milioi baino gehiago.
Kantitatea bada, berez, arrisku faktore garrantzitsua, baina horri hondakinek duten abiadura gehitu behar zaio, oso normala baita 30.000 km/h ingurukoa izatea. Atal bat oso txikia izan arren, kalte handiak eragin ditzake abiadura horretan zerbait jotzen badu, satelitea izan edota lurrazaleko zerbait izan. Oso soluzio zaila du arazoak.