Ezkerreko umore matxista delakoa

Egia da, askotan feminista garenok “gureak diren” gauzak irakurri, ikusi eta kontsumitzeko ohitura tontoa dugu. Diot hau, nire kasuan esaterako, askoz ere azkarrago bota ahal izango dizudalako emakume idazle zerrenda bat –gehiegi trabatu gabe– gizonezkoena baino.

Tarteka ordea, kontzientzia txarrak jota bezala, “unibertsalak” diren horiek irakurri, entzun eta ikusteko ariketa egin ohi izaten dut. Dela musikan, zinean, literaturan, artikuluetan.

Antzeko zerbait pasa zitzaidan, hemen aipatuko ez dudan aldizkari batekin. Izan ere, Ikatza Liburugunean, hilero liburu, aldizkari edo filmetan dirutxo bat inbertitu ohi dugu. Hilabete batean proposamena “ezkerreko” umore oso kritikoa zuen aldizkari alternatibo batean inbertitzea izan zen.

Ondo iruditu zitzaigun denoi, eta hala egin genuen harpidetza. Onartu behar dut, saiatu banintzen ere, ez nuela lortu barre gehiegirik egitea “satira” haiekin –eta aurreratzen dizuet, oso barre errazekoa naizela–.

Hala, hilero pilatzen joan da ditxosozko aldizkaria, egia esan, gure artean jarraitzaile gehiegi lortu gabe.

Hara non, aurreko astean ikusten dudan, irakurle batek aldizkariari iradokizun bat egin ziola, karta bat bidaliz. Bertan zioenez, deserosoa egiten zitzaion erabiltzen zuten (batetik) lengoaia sexista eta (bestetik, ez ditzagun nahastu) maskulino generikoan idaztea. Hala eskatu zien, beste eragile sozial askok egiten duten bezala, emakumea kontuan hartzea dauden mila aukeren bidez.

Erantzunak azken egunetan sarean eztanda egin du. “Ezkerreko umorea” badakizue, oso sofistikatua izan ohi da. Baina kasu honetan, umorea ezker-eskuin ordez, zuzenean matxista denez, erantzuna, laburbilduz, honako hau izan zen: “Gure zuzendariak dio zakila jan iezaiozula”.

Hau azken finean gustatzen ez zaidan aldizkari pseudo-progre-matxista batean gertatu da. Eta pentsatu dut, euskaldunak zorteko garela, genero markak, hutsean, ez dugulako asko, nahiz hauek birsortzeko joera gainetik kendu ezinean ibili ohi garen.
Baina une batez pentsatu dut, hainbati halako iradokizuna eginez gero, zakila zupatzeari gonbita egingo ez ote zuen. Gero gogoratu dut, euskaldunak progreagoak garela, zibilizatuagoak eta ilustratuagoak, finean. Gurean, akaso, “popatik hartzera” bidaliko genukeela irakurle pelma; asko jota. Eta lasaitu txoroa hartu dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Eguneraketa berriak daude