Lanbide ezberdinen egunerokoa, guraso eta ikasle ohien eskutik

  • 50 urte betetzen ditu aurten Portugaleteko Asti-Leku ikastolak, mende erdi ezkerraldea euskalduntzen. Maiatzaren 26an ospatuko den Ibilaldia antolatzeaz gain (1982koa ere eurek prestatu zuten), egitasmo berria dute esku artean: ogibide ezberdinetako gurasoek euren lanaren berri emango diete etorkizuneko bidea aukeratzear diren Batxilergoko ikasleei.

Asti-Leku

Ibar ezkerreko ikastola sendo bat egiteko asmoz sortu zen orain mende erdi Asti-Leku ikastola. Inguru horretan hezkuntza ziklo osoa eskaintzen duen ikastola bakarra da eta Portugaletekoak izan arren ikaslerik gehienak, Sestao, Santurtzi, Muskiz, Trapaga,  Barakaldo eta Castrotik etorritako ikasleak ere badituzte; eskuinaldeko ibarretik datorrenik ere bada. Guztira 1.200 familiaren seme-alabak hezten ditu hiru eraikinetan, 1.619 ikasle inguru Portugaleteko Grumete Diegoko instalazioetan.

Ikastolak herri ekimenetik sortutakoak izanik, hortik ere badu Asti-Lekuren asmo pedagogiko berriak. Gurasoen kooperatiba da ikastola, eta hezkuntza komunitatea sendotu asmoz, gurasoak eta ikasle ohiak inplikatuko dituzte proiektu horretan. Iñaki Vazquez ikasketa buruak dioenez, “ikastolaren azpiegituren %25 erabiltzen da eta gehiago aprobetxatzeko arratsaldez EGA ikastaroak eta aisialdikoak ere antolatzen dira, baina zer gertatzen da giza baliabideekin? Zergatik ez gurasoen lan esperientzia baliatu gure ikasleei errealitatetik gertuago dauden esperientzien berri emateko?”. Hala, helburua da Batxilergoa amaitzera doazen ikasleek, euren etorkizuneko ogibidea aukeratzeko orduan, “benetako esperientziak jaso ditzaten, bizi dezaten ogibide baten atzean dagoen lan egoera”. Horretarako, ikasle horiei eman ohi zaien orientazio programatik harago jotzea erabaki dute eta ziklo horretako bi ikasturteak barne hartuko dituen esperientziari ekingo diote.

Ikasleak ere, beren bizitza markatu duen hautua egiteko sasoian, benetan inplikatzea beharrezkoa dela dio Vazquezek: “Dena ez da informazioa jasotzea, ikasleek izango duten etorkizuna eraikitzeko hautu horretan komeni da ezagutzea euren aukera profesionalaren egunerokoa. Eta horri erantzuteko zer hobe, arlo horretan lan egiten duten profesionalekin aritzea baino?”.

Halaber, ikasleek dituzten aukeren ezagutza zabaltzeko asmoa du egitasmoak. “Betiko titulazioetatik harago, profesional baten lan esparrua askoz ere zabalagoa da: Zuzenbide ikasketak ez dira abokatu izatera mugatzen, prokuradore edo epaile ere izan daiteke Zuzenbidea ikastera joaten dena”. Beraz, alde batetik, hezkuntza komunitatea osatzen joateko lehenengo pausoak ematea da bilatzen dutena, aurrera begira gainerako ikasketa zikloetara zabaltzeko aukera ere emango dielako. Eta bestetik, Asti-Lekuren “marka” sortu nahi lukete, hau da, “egunerokotasunetik gertuago egongo den orientazio aktiboa lantzea, ikastolaren ezaugarri gisa”. Azken batean, ikastola kooperatibaren formakuntza eskaintza osatzera datorren egitasmoa dela dio ikasketa buruak: “D ereduan, ikaskuntza kooperatiboan eta IKT-en inplementaziotik harago, gure ikasleei zerbait berezia eskaini gura diegu, beste lekuetatik bereiziko gaituen zerbait, alegia”.

Bost lanbiderekin abiatu dira

Esan eta egin. Bost bat lan arlo profesionalekin hasi dira lanean, eta datorren ikasturtetik aurrera, eskola-orduetatik kanpo, mintegietan parte hartu beharko dute ikasleek. Gurasoak eta ikasle ohiak izango dira hizlari eta aldez aurretik aholkularitza jasoko dute, 16-17 urteko gazteei nola zuzendu behar diren jakin dezaten.

Gainerakoan, eta ikasleei begira, hiru hilero antolatuko dituzte Batxilergoko lehenengo mailakoentzako mintegiak (Zuzenbidea, Ingeniaritzak, Enpresa Zuzendaritza, Magisteritza eta karrera puruak). Ikasleek, gutxienez, horietako bat aukeratu beharko dute eta ikasturtearen amaieran, ekainean, egiten duten aukeraren arabera tutorea izendatuko zaie. Batxilergoko bigarren mailako lehenengo hiruhilekoan aurkeztu beharreko txostena osatzen lagunduko dio tutoreak ikasleari. Bigarren fase horretan, tutoreak lana baloratuko du eta ondoren, ikasleek ikaskideei aurrez aurreko aurkezpena egin beharko diete, “nahi duten hizkuntzan eta formatuan”.

Hortaz, Batxilergoko bi ikasturteak barne hartuko ditu orientazio aktiboaren proiektuak: ikasleak lehenengo informazioa jasoko du, horren arabera aukera egingo du eta amaitzeko, tutorearen laguntzarekin lana osatu eta ikaskideen aurrean aurkeztuko du, tribunalak balora dezan. Azken xedea, esan bezala, ikasle horiek laguntzea izango da, Batxilergoa amaitzerako egingo dituzten goi mailako ikasketak ahalik eta egokien aukera ditzaten. Aurten 227 ikasle ari dira Batxilergoa egiten Asti-Lekun eta hurrengo ikasturterako antzerako kopurua espero dute.

Aurrekariak

Unibertsitateko ordezkariak ikastolara joaten hasi aurretik, Asti-Lekuko ikasle ohiez baliatzen ziren Batxilergoko ikasleen orientazioa errazteko. Ikasketa unibertsitarioak egiten ari ziren ikasle ohiek ematen zituzten azalpenak, baina egutegi arazoak izaten zituzten eta egitasmoa bertan behera laga zuten azkenean. Gaur egun, unibertsitateetako ordezkariekin egiten dituzte orientazio bilera informatiboak, baina “modu pasiboan egiten da orientazio edo aholkularitza hori eta harago joan nahi genuen”, diosku Vazquezek.

Beste hainbat lekutan (Kanadan, Frantzian eta euskal ikastetxe pribatu batzuetan) antzeko egitasmoak egiten diren arren, Asti-Lekukoek Katalunian jarri dute fokua. “Treball de recerca” esaten zaio han, hots ikerketa lana; curriculumaren barruan dagoen ikasgaia da, Batxilergoko ikasle guztiek duten derrigorrezko ikasgaia. Ikerketarako gaitasuna lantzea du helburu ikasgai horrek eta han ere eskola-orduetatik kanpo egiten da, ikasleek tutore baten aholkularitza izaten dute eta Batxilergoko azken nota osoaren ehunekoan eragiten du.

Asti-Lekukoek ikasgai horren egitura hartu dute hizpide, eta ikasleentzat orientazio aholkularitza modu aktiboan antolatzeko ikerketa-tailer eran egin dute: “Jaso duten informazioa benetako formazioa izan dadila gura genuke. Azken batean jasotzen den formakuntza bizitza osorako izaten baita. Bizitza proiektu baterako gaitasunak landu behar izaten ditu ikasleak eta aukeratzen den karrera horren atzetik dagoen benetako lana ezagutzea lagungarri izango zaie gure ikasleei”, adierazi digu Iñaki Vazquezek.


ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikastolak
2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


2024-03-16 | Leire Artola Arin
Oihana Larrandaburu, Xiberoko ikastola:
“Pentsatuko ez genituen elkarte eta herriek hartu dituzte kilometroak Xiberoan”

Ostiral goizaldean igaro zen Korrika Zuberoatik, eta denbora tarte txikia egin bazuen ere, balio izan du erakusteko euskararen aldeko atxikimendua handituz doala, eta gazteak indartsu datozela. “Ikastolatik kanpo euskarazko aktibitateak egitea konplikatua da, baina... [+]


Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik

Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.


Eguneraketa berriak daude