Behar ziren argazkiak

  • 1976an Anparo Arangoaren gorputz ubeldua munduko bazter guztietan ikusi ahal izan zen. Euskal Herrian berehala zabaldu ziren Zeruko Argian argitaraturiko irudiak, tortura bazela erakusten baitzuten. Senideek eta argazkiaren egileek lehen aldiz xehetasun osoz kontatu dute bizitakoa. Arangoaren kasuak, gainerakoak bezala, sufrimendua areagotzen duten bi ezaugarri ditu: zigorgabetasuna eta ordainik eza.

Javier Yaben/Zeruko Argia

“Argazkiak ikaragarriak ziren, munduari buelta eman zioten, arazoa baitzen torturatzen zela jakin arren ezin genuela frogatu. Irudi hura harrapatzeko irrikaz geunden, egoera aprobetxatu torturak salatzeko”. Egun hartan, Jesus Yabenek ez zuen dudarik izan poltsikotik ateratako kamera txikiari klik egiteko. Gaurdaino guztion begietan josita geratu diren torturaren argazki makurrenak atera zituen.

1976ko apirilaren 21a, arratsaldeko 15:00ak. Leitzako Sarrio paper lantegiaren atarian guardia zibilen jeepa Anparo Arangoaren zain dago. Kuartel-etxean galdera batzuk egin ondoren Tolosara eraman dute; zeregin maltzurretan trebatuta dauden bare beltzak topatuko ditu han. Zazpi-zortzi agenteren artean mila basakeria egin eta Leitzara itzuliko dute berriz, jadanik hilzorian. Gauerdian, guardia zibilen emazteak Arangoaz errukitu ziren eta herriko medikuari deitzean, bere egoera larria ikusirik Iruñeko Virgen del Camino ospitalera eramango du honek automobilean. Ospitalean ingresatzean idatzi zuten diagnostiko klinikoa da dugun dokumentu ofizial bakanetakoa: “Hematoma oso zabalak eta sakonak izterren gainaldean, azpialdean eta ipurmasailetan; giltzurrun-blokeoa eta heste-blokeoa”.

Torturaren Aurkako Taldearen esanetan urtebete baino gehiago daramagu Euskal Herrian tortura salaketarik gabe, inoiz ez da halakorik gertatu. Izan ere, Anparo Arangoak esan zuen gisan, berea “kasu bat gehiago da beste gehiegikeria askoren artean”. Ia berrogei urteotan, emakume hark jasandako tratu berdina jaso dute milaka lagunek ziega ilunetan. Arangoari gertaturikoa, oraindik gaurko errealitatean ikus dezakegun orbana da.

Anaia-arrebak tortura salan

Arangoaren infernua bezperan hasi zen. Ilunabarrean, kalez jantzitako guardia zibilek hainbat lagun atxilotu zituzten Tolosan pintadak egiten. Segurtasun indarrak azti zebiltzan egun horietan. ETAk Angel Berazadi enpresaria bahitu eta hil zuen, eta apirilaren 18an poliziak gogor zanpatu zuen Iruñeko Aberri Eguna.

Tolosan atxilotuetako bat Anparo Arangoaren anaia zen, Pako Arangoa. “Gauean Anparo etxera etorri zenean oso urduri zegoen, bazekien hurrena bera edo ni izan gintezkeela”, dio beste anaia Juantxo Arangoak. Ez zebilen oker. Hurrengo egunean Anparo atxilotu zutenean, ama konbentzitu zuten kuartelera joateko informazio eske. Juantxo amari laguntzen ari zela, etxeko eskaileren behealdean botak eta uniformeak ikusi zituen: “Hemen dira nire bila”, pentsatu zuen.

Juantxo ez zuten jo. Leitzako kuartelean giltzapetu zuten beste hainbatekin eta galdeketak egin zizkieten. “Bederatziak aldera kristoren soinuak entzun genituen ondoko garajean”. Segituan, guardia zibil batek “zu etxera joan zaitezke” esan zion, horrek zeharo harritu zuen Juantxo: “Anparo izan behar zuen, Tolosatik oso gaizki ekarri zutenean”.

Hurrengo egunean medikuaren ahotik jakin zuten ospitalean ingresatu zutela. Iruñera joan eta hainbat erizainen laguntzaz nola-hala sartu ziren ospitalean: “Txikituta zegoen. Orduan ile luzea zuen eta gogoan dut ile mordoak nola zituen, tiraka ibili eta gero, soilguneekin eta zintzilik”. Ahizpa zaharrenak lagundu zion argazkitarako apaintzen.

Argazki horiei esker ezaguna dugu Anparo Arangoari egindakoa, baina igualeko torturak jasan zituen bere anaia Pakok. Hiru egunez, epelak hartu zituen eta aurpegia guztiz belztuta azaldu zen auzitegian. Tolosan atxiloturik zutela, lurrean botata herioan zegoen arrebarengana eraman zuten: “Begira nola dagoen zure erruz!” esaten zioten, tortura psikologikoa ez baita herenegungoa.

“Guk bagenekien inplikatuta zeudela –dio Juantxo Arangoak– Anparo beti ibili izan zen langile mugimenduan; baina hala ere ikaragarria izan zen”.

Herri gazteditik ORTra

“Garai haietan Leitzan jendea Francoren kontra hasi zen mugitzen eta gogoan dut Herri Gaztedin ezagutu ginela”. Geroztik, Txomin Olaetxeak eta Anparo Arangoak ibilbide politikoa eta pertsonala elkarrekin egin zuten. Euskara lantzen hasi zirenean atxilotu zituzten lehen aldiz 1969an. Hasieran ETA VI. inguruan ibili ziren, gero zatiketak etorri ziren minoritario eta maioritario-en artean, eta azkenean ORTn (Organización Revolucionaria de Trabajadores) amaitu zuten: “Militantzian eman genituen denborak eta diruak”, dio Olaetxeak.

1975-1977 artean ORT alderdi maoistak indar handia izan zuen Nafarroan, baita Gipuzkoako Tolosaldean ere. Donostiatik Tolosan barrena autobuskadak joaten ziren Leitzako paper lantegira, eta horrek guztiak langile borrokarako nolabaiteko giroa sortu zuen. Anparo Arangoa buru-belarri sartu zen mugimenduan, Olaetxearen esanetan “bera zen asanbladetan hitz egiten zuena”. Nafarroako Langileen Kontseiluan ere aritu zen leitzarra, Javier Yaben presidente zen garaian.

Yabenek baldintza bakarra jarri zuen kargua hartzeko, kanpoan gera zitezkeen hainbat talde (CCOO sindikatua, ORT alderdia...) bertan izatea. Halaxe izendatu zuten Anparo Arangoa kontseilu hartako bokal, papergintzako ordezkari gisa. Erakunde hori sindikatu bertikalean zegoen integratua, eta eztabaida ohikoa zegoen antifrankisten artean: Sindikatuari boikota egin behar zitzaion? Ala diktaduraren kontraesanak barrutik azaleratu behar ziren?

Nafarroan bigarren aukera gailendu zen sektore obrero guztien artean eta Langileen Kontseiluak sekulako indarra hartu zuen. 1976ko udaberrian lan-baldintzen gutxieneko hitzarmenaren negoziazioa hasi zen. Iruñean 50.000 lagun bildu ziren “Gora Nafarroako Konbenio Orokorra!” oihukatuz eta lehen aldiz publikoki amnistia eskatuz: “Oroitzen naiz manifestazioaren ondoren polizia beldurtu egin zela, eta urte hartako Maiatzaren Lehena debekatu egin zuten”, dio Yabenek. Hilabete eskasera Langileen Kontseilua bera ilegalizatu egin zuen aparatu frankistak.

Testuinguru horretan, langileen kontrako errepresioa oso bortitza izan zen, Gasteizen martxoaren 3an egindako sarraskia adigarri. Kalea eurena omen zen, eurenak ziren borrak eta biolentziaren patentea.

Anparo Arangoa atxilotu zutenean Txomin Olaetxeak arratsaldeko txanda zuen paper lantegian: “Etxera itzuli nintzenean nire bila etorri ziren, atzeko leihotik salto eginda ihes egin ahal izan nuen”. Ez zen inoiz gehiago Leitzara itzuli eta ezkutuan izan zuen neskalagunaren torturen berri. Ospitaletik irten arte ezin izan zuen ikusi.

Argazkiak mundu osora

Javier Yaben eta Patxi Zabaleta –herrikidea eta abokatua– euren karguaz baliatu ziren ospitaleko gelara sartzeko, dena poliziaz josita baitzegoen. “Torturatu askok denbora batez ez dute eurei gertatutakoaz hitz egin nahi izaten, pertsona umiliaturik geratzen da. Anparok pauso hori emateko ausardia izan zuen” dio Zabaletak. Indarrak atera eta zehazki kontatu zien dena: kolpeak, bainera, toalla bustia, biluztea, makilakadak… Orduan jabetu ziren argazki horiek behar zituztela: “Bera erabat ados zegoen”.

Baina arazo bat zuten, gela barruan guardia zibil bat zegoen zaintzan. Ospitaletik irtendakoan plan bat asmatu zuten: kamera txiki bat poltsikoan eta maletatxo bat eskuan zutela itzuli ziren. “Guardia zibilari esan genion faborez ateratzeko momentu bat, gauza pertsonalez hitz egin behar genuela, eta atera zenean aprobetxatu genuen argazkiak ateratzeko. Ez dakigu gero zer gertatu zitzaion guardia zibilari…”, azaldu du Zabaletak.

Lehenbailehen bobina errebelatzera eraman zuen Yabenek: “Lagun bati esan nion, Pepe mañoari. Negatiboa alderantziz atera zuen, horregatik jende askok ez dio ospitaleko gelari antzik hartzen”. Bitartean, Patxi Zabaleta Zeruko Argiako lehendakari Kaietano Ezeizarekin harremanetan jarri zen argazkiak publikatzeko; eduki oso arriskutsua zen arren, baietz esan zuen. Cambio 16era ere bidali zituzten irudiak, Arangoak ORTrekin zuen harremanagatik: “Argitaratu zituzten, baina ez Zeruko Argiak bezala, txikian baizik”, dio Zabaletak.

Maria Amparo Arangoa Sastrustegui, zauritua dio euskal prentsan lehen aldiz koloretan argitaratu ziren argazkien goiburuak. Makinetan justu antzean sartu ahal izan zituzten, horregatik agertu ziren eranskin moduan. Kalean ere foileto hori hainbat bider banatu zen geroztik: “Inork ez zuen zalantzarik, torturen testigantza gezurta ezin bezala geratu ziren urte askorako”.

Argazkiak ziztu batean zabaldu ziren. The Times egunkariak maiatzaren 13an lehen orrialdean publikatu zituen eta Amnesty Internationalek “Anparo Arangoa buruzagi sindikalistaren kasua” aipatu zuen espresuki urte hartako txostenean. Veneziako Artearen Biennale ospetsuan ere oihartzun handia izan zuten torturaren irudiek; han izan ziren Telesforo Monzón eta Joxe Mendizabal, Txikiaren aita, egitarau ofizialetik kanpo argazkiak nazioarte osoari erakusten.

Torturen inguruko lehen txosten zehatza

Kasu hark Euskal Herrian eta Espainian torturen gaia azaleratzea lortu zuen. Garai haietan torturatzaileak sofistikazio gutxirekin aritzen ziren, Xabier Makazaga ikerlariaren arabera 1986. urte inguruan hasi ziren atxilotuei tortura zantzurik ez uzteko kontsignarekin. “Izugarria izaten zen –dio Yabenek–, Atarrabian bazen guardia zibilen kuartel bat eta hor sekulakoak egin zituzten, akordatzen naiz Super Ser fabrikako Jaime Azkona erabat beltz atera zela handik, berogailu batekin jo zuten”.

Lazkaoko Beneditarren artxiboan badago txosten bat 1976ko erdialdekoa; baliteke torturaren inguruan izen-abizenak eta testigantzak eskaintzen dituen lehen txostena izatea. Madrilgo Justicia y Paz erakundeak zabaldu zuen, Elizaren altzoan legalki jardun zuten talde antifrankistetan beste bat. Azken hilabeteetan torturatuak izan ziren 115 lagunen kasua aipatzen du txostenak, horietatik 82 Euskal Herrikoak dira. Askori “bainera” egin zieten, beste askori “kirofanoa”, jipoiak, deskarga elektrikoak... Anparo eta Pako Arangoari egindakoak hortxe daude zehaztuta, baita egun horietan atxilotu zituzten beste askori egindakoak ere, esaterako, 16 urteko Itziar Izagirre urnietarrari: Donostiako Antiguako egoitzan torturatzen ari zirela “te vamos a poner como a la Amparito” esan zioten, argazkiak bolo-bolo zebiltzan unean.

Hain justu, txosten hori osatu baino aste batzuk lehenago Punto y Hora aldizkaria erreportaje bat kaleratzekotan zen azkenaldian izandako torturez, baina Espainiako Informazio Ministerioak eduki hori “erreserbatua” zela esan eta zenbakia atzera bota zuen.

Basakeria muturreraino iritsi zen eta zenbait erakundek ere publikoki salatu zuten egoera. Nafarroako Langileen Kontseiluak Arangoaren torturen xehetasunak eman zituen eta gogor gaitzetsi zituen biharamunean kaleratutako komunikatu batean. Apirilaren 28an –Arangoa oraindik ospitalean zenean– Tolosan ehunka herritarrek idatzi bat eman zioten Udalari, euren haserrea adieraziz “errepresioak gora egin duelako”. Bestalde, Arkitekto Euskal-Nafarren Elkargoak jakinarazi zuen leitzarraren kasua ez zela “bakarra izan” eta beste 37 pertsonen testigantzaren berri izan zutela hainbat abokaturen eskutik. Gipuzkoako parrokietaraino ere iritsi zen torturen salaketa, Donostiako gotzainak tratu txarren aurka idatzitako pastorala irakurri zuten elizkizunetan.

Guardia zibilaren zigorgabetasuna

Espainiako sistema politikoa ustezko erreforma baten atarian zegoen eta tortura salaketek Frankismo iluneneko garaiak gogoratzen zituzten. Gobernuak hitz eman zuen gertaera horiek argituko zituela, nahiz eta askorentzat garbi zegoen itxurakeria besterik ez zela.

Javier Yabenek Arangoari bisita egin eta hurrengo egunean, guardia zibilen koronelarengana jo zuen haserre: “Esan zidan bazutela medikuaren txostena eta arduraduna zigortua izango zela”. Juantxo Arangoak, bestalde, gobernadore zibilarekin hitz egin ahal izan zuen Sarrioko nagusien bitartekaritzari esker, hitz berak jaso zituen: hura egin zuena zigortzeko eginahalak egingo zituztela. Gobernazio Ministerioak ere ikerketa abiarazi zuela azaldu zuen prentsara bidalitako oharrean.

Anekdota batek oso ondo ilustratzen du goi esferetan kontuak zenbateko eragina izan zuen. Torturak gertatu eta gutxira Guardia Zibilaren zonaldeko buru Atares jenerala –handik urte batzuetara ETAk tiroz hila– helikopteroz iritsi zen Sarrioko lantegiaren aparkalekura eta hitz batzuk egin omen zituen Anparo Arangoarekin.

Baina hor bukatu ziren hitz goxoak. Senideek jarritako salaketa atzera bota zuen Iruñeko epaitegiak, arlo militarrera igorri zuelako auzia. Batek daki espediente hori –balego– inoiz desklasifikatuko ote den. Tolosako guardia zibilen kapitaina, Jesús Muñecas Aguilar, kargutik kendu omen zuten, baina egiaz kargu hobea eman zioten Donostian, Tejero koronelaren alboko gisa (ikusi 7. orrialdeko koadroa). Aldiz, Arangoari 5.000 pezetako isuna jarri zioten urtebete lehenago Txiki eta Otaegiren heriotza-zigorraren kontrako itxialdi batean parte hartzeagatik.

Torturatzaileen zigorgabetasuna bistan geratu zen, gerora ere hamarkada askotan indarrean egon den jokabidearen eta guardia zibilen boterearen erakusgarri. “Hemen badago galdera ikur bat zalantza asko sortzen dituena, zergatik eraman zuten Anparo Tolosara?”, dio Zabaletak. Leitzako kuartela Iruñekoaren menpe zegoen arren, Gipuzkoara eraman zuten: “Gure susmoak dira, Galindoren garaietan bezala, Guardia Zibila eremu administratibo ororen gainetik zegoela”.

Arangoa familiak ez du urte hauetan guztietan beste inolako jakinarazpenik izan Estatuaren aldetik. Berriki, Txomin Olaetxearekin harremanetan jarri ziren aurreko legegintzaldian Eusko Jaurlaritzak sorturiko Biktimen Laguntzarako Bulegotik, salaketa jartzeko aholkatu zioten indemnizazioa jaso ahal izateko: “Hori da oraindainokoan instituzioetatik ailegatu zaiguna”.

Torturaren orban ezabaezinak

Giltzurrun artifiziala jartzeko zorian egon ziren arren, Anparo Arangoak ez zuen epe luzera ondorio fisikorik izan. Militantziari ekin zion berriro, alderdiak Madrilera joateko eskatu zien lehenik, eta gero Bilbora. ORTk lehenengo hauteskundeetan emaitza oso kaskarrak izan zituen ordea, eta beste asko bezala, politikaren lehen lerrotik aldendu ziren apurka. Azken urteak irakasle gisa egin zituen Arangoak eta mugimendu feministan aritu izan zen batez ere. Ez zuen sekula borroka soziala utzi.

Epe luzerako ondorio fisikorik ez, baina ez zuen sekula ahaztu Tolosan egin ziotena: “Hasieran kontatzen zuen jendeak galdetzen ziolako, baina urtebeteren ostean ez zuen deuserengatik horretaz hitz egin nahi izaten. Hori bai, aipamen guztiak gorde eta torturaren gainean ateratzen ziren liburuak erosten zituen, kezka hori bazuen”. Olaetxeak gogoan du auto txiki bat erosi eta behin Leitzara bisitan zihoazela gertaturikoa: “Kontrolak nola bizi zituen banekien, baina egun horretan oso urduri jarri zen, bere onetik aterata”. Larritasun horrekin bizi izan zen 1991n minbiziaren ondorioz hil zen arte.

Torturaren orbana ez da erraz ezabatzen, senideengan ere barreiatzen da maiz. Juantxo Arangoaren esanetan, bere gurasoek oso beldurtuta bizi izan zituzten alabak ORTn erdi ezkutuan igaro zituen urteak: “Oso gogorra zen, amak egunero sufritzen zuen: ‘Gaur igaro da, eta bihar?’ esaten zuen”. Gaur da eguna orban hori oraindik sendatu ez dena: “Gauza hauek berriz gogoratzen saiatzen zarenean emozioa gainera datorkizu, momentu ikaragarriak izan ziren. Nik nahi dudana da gertatu zena jasota geratzea, hau ezin daiteke ahaztu”.

Fraga: "Ipurdiko batzuk"

Espainiako Gobernazio Ministro Manuel Fraga Venezuelan zebilen Anparo Arangoaren torturen irudiak publiko egin zirenean. Maiatzaren 11n, Radio Caracas Televisión-eko Lo de hoy elkarrizketa saioan Sofía Ímber eta Carlos Rangel kazetari aski ezagunek estu hartu zuten:

Ímber: Badaukat izen bat, zaila ahoskatzeko, apirila amaierakoa, Maria Amparo Arangoa Sastrustegui euskal gazteari gertaturikoa.
Rangel: Pentsatzen dugu kasua ezagutzen duzula.
Fraga: Aipatzen duzun kasu hori tamalgarria da, andereño horrena. Talde hori gidatzen zuen kapitaina bere kargutik kendua izan da.
Rangel: Gazte honi eragindako tratu txarrak...
Fraga: Esan dizut salbuespena dela eta zigortua izan dela.
Rangel: Niri aldizkari hau helarazi didate gaur, eta Espainian argitaratzen da.
Fraga: Aitortzen dut aldizkaria ez dudala ezagutzen, Espainian ehunka daude.
Rangel: Gazte horren argazki itzelak argitaratzen ditu. [Argazkiak kamerari erakusten dizkio].
Fraga: Bai, neskatila honi ipurdiko batzuk eman zizkioten sorbaldak bere ohorezko izena galtzen duen tokian, eta jakina, lekuz kanpo zegoen. Esan dudan bezala, arduradunak zigortuak izan dira [Rangelek Zeruko Argia ematen dio Fragari]. Bai, aldizkari hau Espainian argitaratzen da, Donostian zehazki, eta horrelako asko libreki publikatzen dira.

Elkarrizketa historiko horretan, zertxobait aurrerago, esaldi famatu bat esan zuen Manuel Fragak ikurrinaren legalizazioaz: “Por encima de mi cadáver”.    
 

Jesús Muñecas kapitaina, torturen arduraduna, Frankismoaren kontrako auzian inputatua

Argentinako Maria Servini de Cubria epaileak Frankismoko hainbat agintari eta poliziaren kontra zabaldutako auzian Jesús Muñecas Aguilar guardia zibila inputatu du, Zarautzen eta Tolosan atxilotuak torturatzeagatik. Muñecasek Andoni Arrizabalaga torturatu zuen 1968an, eta  anaia baten testigantza du epaile argentinarrak. Senideek Zarautzen ikusi ahal izan zuten Arrizabalaga –“ez zuen gizakia ematen”– eta Muñecasek irribarre ziniko batez zera esan zien: “Hori gertatzen zaio kolaboratu nahi ez duenari”. Telesforo Monzonek bere omenez idatzi zuen Itziarren semea abestia.

Tolosako egonaldian ere sekulakoak egin zituen. 1976an Arangoaren irudiak agertu zirenean, Joaquín Navarro zen herri hartako epaile-instruktore eta kapitainari esan zion “gaitz” hori pertsegituko zuela nola edo hala; hara nola gogoratzen duen Navarrok bere liburu batean Muñecasen erantzuna: “Ohiko delinkuenteez gupidatzen zela esan zidan, baina delinkuente politikoak gorroto zituela”.

Donostian torturatzen segitu zuen

Argazkien aferaren ondoren Donostiara bidali zuten; bertan sadismo berarekin jipoitu zituen atxilotuak. 1976ko torturen inguruko txosten batean Jesus Lasa elizgizonak esandakoak har ditzakegu froga gisa. Lasa 1976ko maiatzaren 8an eraman zuten Donostiako kuartelera eta Muñecas ezagutu zuen: “Sei torturatzaile agertu ziren, Tolosatik lekuz aldaturiko kapitaina buru zutela”. Hortik aurrerakoak larrutik nozitu zituen.  

Urte batzuk geroago Madrilera bidali zuten Antonio Tejero teniente-koronelarekin. Han egosi zuten 1981eko estatu kolpea eta protagonista nagusiak izan ziren. Muñecas izan zen Kongresuan zeudenei agintari eskudunen zain zeudela esan ziena, “militar, por supuesto”. Kolpeak porrot egitean, hainbat egunkarik urte batzuk lehenago Tolosan gertaturikoa haizatu zuten. Baina Muñecasek ukatu egin zuen Arangoa torturatzeagatik lekuz aldatu zutenik, areago, El País eta Diario 16 egunkarien kontra kereila kriminala sartzeko mehatxua egin zuen, eta Ignacio Lombo izeneko kapitaina tortura kasu horrekin nahasten saiatu zen.

Denbora laburrez kartzela militarretan ostatu hartu ondoren, Valdemorora joan zen eta bertan hipika bat ireki zuen. 1994an hipika horretan omenaldi sonatua antolatu zion Tejero teniente-koronelari. Egun 74 urte ditu eta gehieneko pentsioa jasotzen du.
 

50 urte, 9.633 torturatu

Torturaren Prebentzioaren Europako Batzordearen (ECTP) txostenak berriz ere biluziarazi du Espainiako Estatua.Justiziak tratu txarrak saihesteko dituen “bermeak” zalantzan jarri ditu erakunde horrek. Rajoy presidenteak betiko argudioa erabili behar izan du salaketei aurre egiteko: “ETAren kontsigna dira”.

Torturen ukazio sistematikoa gero eta ataka estuagoan jartzen ari da Espainiako Gobernua. Ez baita erraza hainbeste urtetan sortutako alimaleko sufrimendua estalita edukitzea. Euskal Memoria fundazioaren arabera 50 urtetan gutxienez 9.633 lagunek sufritu dute tortura Euskal Herrian.

Julen Arzuagaren Oso latza izan da liburuak fundazio horrek egindako dokumentazio lanari forma eman dio. Milaka bizipen jasotzeaz gain, estatu aparatuek zigorgabetasuna mantentzeko erabilitako estrategien errepasoa ere bada, polizia-etxeko inkomunikazio aldia, adibidez. Hainbat medikuk egindako ikerketa baten arabera, 2000tik 2008ra inkomunikaturik egon diren 957 atxilotuetatik 634k tratu txarrak eta torturak salatu dituzte.

“Normaltzat hartu izan dugu”

Tortura kasuak ezagutzeko ez dugu atzera gehiegi egin behar. Hor daude Unai Romanoren edo Iratxe Sorzabalen irudiak, edo emakumezkoei egindako gehiegikeriak, Beatriz Etxeberriaren 2011ko bortxaketa da ezagutzen dugun azkenetakoa, ECTPk zehazki aipatua.

Baina beste asko isilpean geratu dira. Egiari Zor fundazioak tortura horien ezagutza eta ordaina du helburu. Txomin Olaetxea fundazioko kide da: “Guk garai haietan asumitu egiten genuen torturarena, eta gerora konturatu gara non bizi izan garen, normaltzat hartu izan dugu. Oraingo ikuspegitik, beste edozer gauza baino askoz larriagoa iruditzen zait Estatuak berak egin izana, Anparoren kasuan pentsatzen hasita, noren esku egon zen eta nola trata daitekeen pertsona bat horrela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude