Mendebaldeko sezesio prozesuak eta erreferendumak


2013ko maiatzaren 12an

EHUko ikerlari talde bat egon gara New Yorkeko Columbia Unibertsitatean euskal estatugintzari buruzko ikerketak aurkezten. Mendebaldeko sezesio prozesuak aztertzerakoan, Eskozia, Flandria, Katalunia eta Quebec konparatu ohi dira. Kanpoan Euskal Herria geratzen da aldarrikapen independentista indarkeria politikoarekin lotu izan delako. Orain, aldiz, ETAren jarduna amaitu denean, New Yorken gustura gonbidatu gaituzte lau ponentzia aurkeztera. Halere, autodeterminazioari buruzko mahai inguruan euskal kasua ez da egon presente: Eskozia, Katalunia eta Quebec aztertu dira flandriar baten gidaritzapean.

Inertzia historikoak azaltzen du zergatia, baina ez da hori soilik. Nazioarte mailan oraindik ez dute sinesgarria ikusten euskal sezesio prozesua arrazoi desberdinak tarteko, besteak beste, subjektuaren definizio faltak zaildu egiten du proiektua sozializatzea. Gure zatikatze instituzionala, soziopolitikoa eta kulturala traba dira eta ahulgune hauek indartu daitezke abertzale artean adostuko litzatekeen subjektu definizioaren arabera.

Antzeko arazoa du Flandriak. Brusela historikoki herrialde honen parte izan da, baina XX. mendetik frantses hiztunak dira gehiengoa. Ondorioz, hiriburuak eskualde elebidun propioa osatzen du Flandriatik kanpo. Egoera horregatik, flandiar nazionalistek ez dute epe motzera autodeterminaziorako erreferendumik aurreikusten. Trukean sezesio prozesu gradualaren estrategia darabilte konfederazioa eskatuz. Ulertzekoa da presarik ez izatea, flandiarrak ez dira Belgikako gutxiengo nazional bat, populazio osoaren %59a dira eta Belgikako Estatuaren kudeaketan buru belarri daude sartuak.

Gauzak horrela, New Yorken hiru sezesio kasu aztertu ziren. François Rocher-rek Quebec-en idealizazioaren kontra jo zuen. Kanadako parlamentuak Argitasun Legea onartu zuenetik, autodeterminazio prozesua Kanadako gobernu federalak kontrolatuko du bere ondorioetan. Botere zentralak nahi duen bezala interpreta dezake zer izango litzatekeen “gehiengo argi” bat sezesioa gertatzeko. Alde horretatik, Rocherrek azaldu zuen litekeena dela Kanadak legea txikle modura erabiltzea bere unitarismoaren alde.

Elisenda Casanas-Adamek Eskozia izan zuen hizpide. Kasu honetan, gobernu britainiarrak inteligentzia handia erakutsi du bi irizpide finkatuz: 1. Sezesioa eskoziarrek erabakitzen dute 2. Eskoziaren estatusa Erresuma Batuan estatuko herritar guztiek erabakitzen dute. Beraz, galdeketan ez da izango independentziaren eta batasunaren arteko tarteko aukera bat eta horren aurrean, badirudi eskoziarrak beldurtu daitezkeela: egun independentismoak %36ko babesa eskuratuko luke inkesten arabera.

Halaber, beldurra izan zen Montserrat Guibernauk aipatu zuen hitza, baina arrazoi desberdinengatik. Espainiak kolpismoan eta diktaduran hazitako kultura politikoa du eta horregatik, ikuspegi zentralista eta antidemokratikoak beldurra sortzen du katalanen artean.

Laburbilduz, mendebaldeko estaturik gabeko herrialdeen independentzia prozesuak ez dira errazak izango. Historian, sistema demokratiko liberal sendo batean gertaturiko barne independentzia bakarra  da 1905ean Norvegiak lortu zuena Suediarengandik. Ordutik ez dugu beste kasurik izan. Oraingoz bigarren kasua izateko hautagai argiena Katalunia da, baina, zoritxarrez, New Yorken egondako guztiok ondo dakigu estatu espainiarra ez dela mendebaldeko estatu demokratiko arrunt bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-24 | ARGIA
Hobi komunak aurkitu dituzte suntsituriko Gazako bi ospitaleetan

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-04-24
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da

Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude