Kanpoko jokalariak Korsikako talderen batera heltzean, bertako historiari buruzko eta hizkuntza klaseak jasotzen dituzte. 2010eko datuen arabera, 302.000 biztanleetatik 165.000 lagunek ulertzen dute korsikar hizkuntza, baina %20ak besterik ez du erabiltzen. Kopurua beherantz doa, gainera, eta UNESCOk desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen artean sailkatu du. Apirilaren 24an eta 25ean koofizialtasunari buruzko eztabaida eta bozketa ziren egitekoak irlako Lurralde Asanbladan, baina Jean-Luc Chiappiniren hilketa medio, hilabete atzeratu dute sesioa. Corse Matin agerkariak argitaratu duen inkestaren arabera, herritarren %90 legoke koofizialtasunaren alde.