Dolar bakarrarekin bizi diren milioika jendeetako bat

  • Film dokumentalen egile ezaguna den Rithy Panhek mundu osotik bidalitako bideo laburretan bildu nahi ditu egunean dolar bakar bat irabaziz bizi diren milioika jendeetako batzuen bizimoduak. Zinegile gazte eta ikasleei egiten die dei beren obrak egin eta One Dollar proiektuan biltzera, plataforma irekietan sarean partekatzeko.


2013ko maiatzaren 12an
"Zeinek nahi du papaia?" oihuka doa Moa Bora Papaiaren ministroa Phnom Penhgo karriketan barrena, Bophana ikus-entzunezkoen zentroak ekoiztutako filmean. Gidoinean, plastikozko lore sorta. Bera merke baina dotore jantzita, aurpegia makilaturik, ileak apainduta. Atzean jarririk darama Seng, baserritik lan bila hiriburura iritsi berria den lehengusua. Moak agertzen du baserriko komunitate txiroan hazi denaren solidaritatea familiarteko eta lagunekiko, pobreen arteko elkartasuna. Baina baita noizbait aberats izateko ametsa ere, soldatapeko langile eta guzti, ostatu frantsesetako turistekin negozioa eginez, agian kaleetan aparkaturik ikusten dituen 4x4etakoren baten jabe... Baserritar seme baten metaforak darabiltzan Mao ekonomia globalaren katean harrapaturik bizi da, bere estetikatik hasi eta papaia hartzituak saltzeko darabiltzan plastikozko zorroetara. Dolar bakar bat irabaziz.

Phnom Penhgo karriketan traje eta krabataz jantzitako gizon gaztea dabil lorez apaindutako moto ttikian batera eta bestera. Papaiaren ministroa deitzen dio bere buruari Moa Borak. Munduan eguneroko dolar bakarra irabazi nahian aztarrika dabiltzan milioika herritarretako bat da, One Dollar  proiektuaren barruan Ministre of papaya dokumentalean Roeun Narith zinegile gazteak aurkeztuko diguna.

Moari Kanbodiako hiriburuko txabolategira bisitan datorkio sorterritik Seng iloba. Phnom Penhera dator lan bila. Osabak eskainiko dio lau metro koadroko bere gelan egotea, “arazorik gabe, pobreak gara biok”.

Hurrengo eszenan Moa prestatzen ari da salmentarako. Alkondara zuri brodatua, lepotik ttattarra, ilea tindatu eta lakaz gogortua, makillaje aurpegian... “Batzuek diote erotuta nagoela, zozoa naizela, ergela... Niregatik barre egin bai baina gero ez didate xentimorik emango, ezta arroz ale bat ere. Baina ni ahalegintzen ez banaiz, nork elikatuko du nire familia?”.

Txaketa jantzi du harro: “Hona hemen Papaien ministroa!”. Trajea merke-zuhurrekoa duela aitortuko du. Motoa kolore deigarriz tindatua, irudiz eta lorez apaindua. Iloba harturik atzean, papaiaz betetako zakua hankartean, badoaz karriketan barrena. “Hemen naiz berriro!”. “Nork erosiko dit papaia?”. Denda txiroz betetako kaleetatik eta 4x4 handi garestiak aparkatutako atari ederren aurretik.

Egunaren akaberan kontuak egiten ariko da  Moa Bora. Batetik, hornidurak. 20 kilo papaiak 7.000 riel (Kanbodiako moneta) egiten dute. Bi kilo saltsak 12.000 riel. Kilo bat piperrek, 4.000. Kilo bat arroz errek, 3.500. Kilo bat rizomak, 2.000. Denetara 43.000 riel.

Bestetik gero sarrerak. Gaur 80.000 riel bildu ditu. Kendu 43.000 horniduretarako. 5.000 Seyharentzako. Beste 5.000 Toumentzako. Ura, komuna eta alogeratarako 10.000. Eskola ordaintzeko 2.000. Gasolinatarako 5.000. Ez zaio geratu 5.000 riel besterik.

“Egunerokoari begira bizi naiz, ahoratzeko zerbait doi-doi aurkitzen duen oilaskoa bezala. Honela 10 urtez lan egingo banu ere, nekez pilatuko nuke 4x4 baten gurpil bakar bat erosteko adina”.

Zenbat lan, bitartean, txaboladi txiroan. Azokara joan eta papaiak erosi. Zatitu, salda prestatu, maneiatu, zorroetan sartu... Baina baserritik datorren iloba ez dabil hobeto. Sengek berekin ekarri ditu ikasketen diplomen kopiak, txukun plastifikatuta, lana lortzeko esperantzan.

“Nik ez daukat hainbeste diploma emazteari eta semeari erakusteko. Hiru urte besterik ez nuen egin lehen mailan. Horregatik ez dut ulertzen nola zuk ezin duzun lanik aurkitu. Behar bada bilatzen dituzte jende ezjakinak, galderarik egin gabe obedituko dutenak...”

Moak, aldiz, amesten du igel erreak eta papaia moto leihodun batean salduko dituen egunarekin, 5-6 mutiko enplegatu eta saltzen jarri Kanbodia Frantziaren kolonia zen garaiko janzkiekin, kapelu lotsagarriak buruan. “Baina badakit ametsa baizik ez dela. Pobrea naiz”.

Txiroen hitza zabaldu sarean

2014ko urtarrilean One Dollar izen generikoarekin eta mundu osoko hedabideen babesarekin plazaratuko dituzten film labur sorta zabalaren aitzindaria izan nahi du Papaiaren ministroak. Rithy Panh zinegile kanbodiarrak antolatu du One Dollar asmoa.

Proiektuaren zabalkundean parte hartzen duen Courrier International frantsesari azaldu dio Rithy Panhek:  “Jakin nahiko nuke zer den dolar bat irabaztea Kanbodian alderatuta dolar horrek berak Afrikan esan nahi duenarekin, edo Frantzian, Txinan, AEBetan... Azken finean erakutsi behar dugu nola antolatzen den bizimodua dolar baten balioaren inguruan”.

One Dollar proiektuan parte hartzeko deia martxo honetan zabaldu dute, zinegile bai hasiberri edo bai beteranoei interesatuko zaielakoan, baina baita gaiaz interesa duten Gobernuz Kanpoko Erakundeei eta herritarrei ere. Proposatzen zaie zazpi minutu laburretan kontatzea egunean dolar batekin bizi diren pertsonen bizimodua. Kanbodiatik Bophana ikus-entzunezkoen institutuak koordinatuko du laburmetraiok sareratzea, munduaren mapa irudikatuko duen plataforma interaktiboan.

Antolatzaileek dokumentu horiekin piztu nahiko lituzkete gogoeta eta eztabaidak mundu osoko ikerlari, ekonomialari, artista eta oro har herritarren artean. Rithy Panhek idatzi du aurkezpenean: “Mundu birtuala eta erreala berriro lotu nahiko genituzke zubi honekin. Gizon eta emakumeak ez baitira nazioarteko erakundeen txostenetan idatzitako zifra edo estatistikak: errealitatera jaitsi arazten gaituzten ahotsak, begiradak eta gorputzak dira”.

Urtean zehar osatuko diren film laburretatik haratago doaz Panhen asmoak. Sarean eraikiko duten plataforma hori aurrerantzean munduko beste askok beren smartphone eta tabletekin bideoak egin ahal ditzaten matriza bihurtu nahi du, egile eskubiderik ordaindu gabe libre erabiltzekoa.

1964an sortua, 14 filmeren egilea da Rithy Panh. Osperik handiena S21, la machine de mort Khmère rouge dokumental txit sarituak eman dio, gurasoez gain senide asko ere khemerren presondegietan galdu zituen zuzendari honi. Zortzi milioi biztanletara iristen ez den Kanbodian 740.000 eta 2.200.000  arteko heriotza kopurua eragin zuen masakre ikaragarriak markatu du Panhen zinemagintza.

One Dollar proiektua, ordea, bestelako zanpaketak eta erreakzioek asmarazi zioten: Boeung Kak aintzirako borrokek. Phnom Penh hirian dagoen laku hori ehun urterako Shukaku Inc. korporazioari emanda, bertan bizi ziren 4.000 familiak kanporatu nahi izan ditu Udalak. Herritarrak beren lurren jabegoa defenditzeko borroketan tabletak ere usatu dituzte, dokumentazio tresnatzat.

One Dollar-en produkzio arduraduna den Damien Sueurrek dio: “Guk orain sortu nahi dugu tresna bat menderatzen lagunduko duena produkzio kate osoa, hasi errodatzetik eta sarean jartzeraino, muntaia barne. Tresna erabilgarria izango zaie sortzaileei, militanteei, kazetari berriei”.

Estatistikek diote Kanbodiako jendeen laurdena gaur ere bizi dela dolar ingururekin. Munduko Bankuaren arabera, 1.400 milioi daude horrela planetan, 2.700 bi dolar baino gutxiagorekin. Zorte pittin batekin, horietako asko nola moldatzen diren erakutsiko digute bertatik 2014tik aurrera, bertako jendeek filmatu eta zabaldurik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude