"Hil nahi banaute, erraz daukate, egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik"

Corsica Connection

Alain Orsoni eskuin muturreko militantea izan zen 1970eko hamarkadan, “neskak txunditzeko”, Joachin Barbier eta Romain Canutti So Foot aldizkariko kazetari eta Panenkako kolaboratzaileei azaldu dien moduan. Ekintzaile independentista izan zen gero, eta 1990eko hamarkadan Nikaraguara egin zuen ihes. Duela bost denboraldi hartu zuen Ajaccio taldeko presidente kargua. Panenkak plazaratutako elkarrizketako pasarte batzuk euskaratuta jaso ditigu.

Kanpotik begiratuta, ez dago ulertzerik 1980ko hamarkadaren amaieran korsikar nazionalismoaren barruan gertatu zen gerra zibila.

1989an Korsikako boterea hartzear zen nazionalismoa. Orduan, Frantziak erabaki zuen ezkutuan mugimendu separatistak manipulatzea, barne enfrentamenduak pizteko. Korsikara heltzean polizia-komisario batek hauxe esan zuen: “Nazionalismoa gangsterizatu egin beharra dago”. Nik diodana zera da: Nola izango dugu geure buruak gobernatzea helburu, elkar hiltzen ari bagara?

Harrigarria bada ere, ez dirudi FLNC futbolaz gehiegi baliatu zenik.

Aurkakoa. Hain justu mugimendu hura apurtzean (1990ean) hasi ginen elkarteen sarera hurbiltzeko ahaleginetan, besteren artean futbolera. Hala hasi nintzen kolaboratzen Ajaccioko lehengo presidentearekin, Michel Morettirekin.

Presidente kargua hartu zenuenetik zure kolaboratzaile ugari erail dituzte. Ez zara sikarioen beldur?

Futbol taldearen buru naiz eta erantzukizuna onartzen dut. Baina zer egin behar dut nire iraganari dagokionez? Ezkutatu? Ez, normal bizitzea erabaki dut. Inork aspaldiko zorrak kitatu nahi izanez gero, erraz izango luke. Egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik eta kale beretik heltzen naiz futbol zelaira.

Korsikako futbola mitoak dioen bezain borrokalaria al da?

Egia da harmailetan pasioz bizi dela, baina Ajaccion sekula ez da istilurik izan. Zaila da irlako taldeen aurka jokatzea, jokalari eta zaleak izugarri konprometiturik daudelako. Ez gara desberdinak, baina desberdin ikusten gaituzte. Horretaz balia gaitezke, gure kultura eta identitatean oinarrituta. Jokalariek Korsikaren eta haren baloreen defentsa eurena egiten badute, ahuldadeei aurre egiteko kemena emango die.
Nire helburua da Errealaren antzeko taldea osatzea, nortasun indartsu eta familiaritate handikoa. Antzekotasun ugari dago bi taldeen artean, haiek hobeak diren arren.

Irlara iristean, jokalari batek nora heldu den ikasi behar du…

Bihotzetik hitz egin eta arauetatik kanpo dagoen taldea garela azaltzen diet, aurrekonturik txikienetakoa eta, agian, presidente arraroa duena. Beste taldeetakoak enpresariak dira, industria jabeak... Baina ni iraultzailea naiz. Borroka egin nuen nire irlako hondartzak hormigoizko pareta bilakatu ez zitezen, Kosta Urdinean gertatutakoa errepika ez zedin. Kartzelan sartu ninduten horregatik. Ez naiz lotsatzen, eta ez dut barkamenik eskatuko.

Ba al du zentzurik Korsikako selekzioak?

Korsika estaturik gabeko nazioa da, Euskadi bezala. Ez dakit zergatik den arraroa selekzio propioa osatu nahi izatea.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estaturik gabeko nazioak
Sami hizkuntzak elur-hitzak soberan ditu aldaketa klimatikoarengatik

Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.


2024-03-27 | ARGIA
NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

32.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


Eguneraketa berriak daude