Azken hogei urte hauetan zenbat zuhaitz hil ote dugu desbrozadora edo motosegaz? Milaka eta milaka. Herritarron ondarearen puska eder bat. Herrietan eta hirietan belazeei motz-motz eutsi behar horretan desbrozadora lanabes nagusi bilakatu da. Malgua da eta beste tresnak iritsi ezin diren bazterrak, zintarri-ertzak eta zuhaitz ipurdiak garbitzeko egokia da. Eta makina darabilenak ez daki zuhaitzen berri. Eta ez daki azala joz gero zauri latzak egiten direla. Eta zauri horiek izerdiaren gora-behera eragozten dutela. Eta buelta osoa zaurituz gero zuhaitza hil egingo dela. Makinistak ez daki.
Makinistaren arduradun teknikoak eta hari kontratua egin dionak merezi dituzte bizkarrekoak. Zigor makilarekin danba eta zarta.
Argazkikoa Orioko maspil edo basagurbe bat da, Sorbus torminalis. Herriko beste makina bat zuhaitz bezala zigortua. Alkateari eta lorazainari emango nieke nik. Hagintearen makila den alkate-zigorrarekin berarekin, adibidez.