Maiatzaren Lehena da aste honetan. 1986an Chicagon zortzi orduko lanaldiaren alde izandako greba orokorraren ondorioz kondenatu eta urkamendian hil zituzten sei lagunen heriotza –beste bi bizi osorako kartzelarekin zigortu zituzten– tragiko eta heroikoa gogoratzeko ospatzen da. “Chicagoko martiriak” izan ziren. Lau urte geroago, 1890ean, Maiatzaren Lehena mundu osora zabaldu zen. Gertaera horiek agerian utzi zuten klase borroka zegoela: alde batetik patronala eta ohiko gobernua zegoen, euren errepresio eta guzti, eta bestetik langileak. Historian, klase borroka horrek aldi ugari izan ditu. Euskal Herrian, Bizkaiko Meatzaldea hastapeneko borroka latz horren lekuko izan zen. 1890ean greba orokorra egin zen Bilboko Ibaizabaleko ezkerraldean, bereziki Zugaztietan eta Gallartan; bizitza duinaren alde borrokatu ziren, nagusien jabetzakoak ziren barrakoietan pilatuta bizi baitziren garai haietan. 1976an Gasteiz izan zen klase borroka horren adierazle modernoena; polizia frankistak bost langile hil eta askoz gehiago zauritu zituen ordukoan. Klase borrokaren eskema bera mantendu zen baina: patronala eta gobernua alde batetik, langileak bestetik.
Aspaldion klase borroka desitxuratu eta desegiteko interes handia egon da, “garaiz kanpokoa” omen delako. Haatik, “merkatuak” eta multinazionalak tartean direla, klase borroka eguneratu eta erradikalizatu egin da. Azken bost urteetan, hainbeste sufrimenduz eta malkoz lorturiko ongizatea deuseztatu dute, eta klase borroka agerian geratu da berriz ere; ohiko langile klaseari, krisiak pobretutako beste sektore profesional batzuk gehitu zaizkio gainera. Krisiak populazioa “proletarioago” bihurtu du, nolabait esatearren. Denon zeregina behar luke sektore horiek guztiak batu, kapitalismoari –eta bere gestoreei– aurre egin eta alternatiba solidarioa sortzea.