argia.eus
INPRIMATU
Inurrien antolaketa sozialari buruzko xehetasun gehiago

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko maiatzaren 02a
Alessandro Crespi

Apirilaren 18an Lausanako Unibertsitateko (Suitza) ikerlari talde batek inurrien antolaketa sozialari buruzko artikulua argitara eman zuen Science aldizkarian.

Camponotus fellah espezieko 600 inurriri barra-kode bana jarri zieten, eta ordenagailu bidez euren mugimenduak erregistratu zituzten 41 egunez. 10.000 milioi datu bildu eta  aztertu ondoren, inurrien antolaketa soziala nolakoa zen garbi samar ikusi zuten ikerlariek.

Hiru multzotan banatzen dira inurriak. %40k, gazteenek, erreginak eta kumeak zaintzen dituzte. Beste batzuk (%30), zahartxoagoak, habia garbitzen aritzen dira, eta zaharrenek (%30) janaria lortzen dute. Zainketa lanetan aritzen direnak eta janaria lortzen dutenak bereizitako eremuetan bizi dira; zientzialariek uste dute erregina kanpoko bizkarroiengandik babesteko egiten dutela hori. Garbitzaileak, berriz, habia osoan mugitzen dira.