argia.eus
INPRIMATU
Baratxuritarrak
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a

Sagastiak lorez janzten direnean bezalako ikuskizun gutxi. Oteizak zituen pilotalekuen eta jentil baratzeen pare dut nik sagastia. Eta oraintxe gorenean. Sagardoa eta sagarra bera deus ez lorerik gabe. Lili xume bat bizitza osoaren udaberri. Herri baten udaberri. Gogora ekarri: ez ginateke egungo Euskal Herririk sagastirik gabe. Eta ospatu.

Sagastian ez da soilik sagarrondoa (Malus x domestica) loratzen. Ehunka landare loratzen da: azpiko aldeko belardian, enborretan eta adarretan dituzten apopiloak... Denek osatzen dute sagastiaren loraldia. Edozein ekosistematan bezala, sagasti batean zenbat eta lore desberdin gehiago, orduan eta sasoi hobea. Sagasti batean lore mota gutxi bada, argi! Tratatzeko produktu asko erabiltzen denaren adierazle. Beraz, lore mota asko eta oparo duen sagastiko sagar eta sagarkiak jan-edan.

Sagarrondoaren lilitze-lagunetatik baratxuriek (Allium sp) arreta pizten didate urtero. Eta gero eta gehiago. Maizago topatzen baititut, sagastiz landa ere, bakoitza bere usain, dasta eta kolore ñabardurekin. Gure herrian Allium generoko hauek behintzat topa ditzakegu: A. ampeloprasum, A. ericetorum, A. guttatum subsp. sardoum, A. moly, A. moschatum, A. naepolitanum, A. oleraceum, A. paniculatum, A. pyrenaicum, A. roseum, A. schoenoprasum, A. senescens subsp. Montanum, A. stearnii, A. sphaerocephalon, A. triquetrum, A, ursinum subsp. ursinum, A. victorialis, A. vienale.