Alava sarea

Elkartasuna eta erresistentzia faxisten kontra

  • 1937an euskal armada faxisten eskuetan erori zenean, lehen elkartasun sare ezkutua sortu zuten Bittori Etxeberria baztandarrak eta beste hainbat emakumek. Eusko Jaurlaritzari igorritako informazioa oso baliotsua izan zen preso zeudenei laguntzeko. Erakunde horrek amaiera tristea izan zuen baina; kideak atxilotu eta haietako bat, Luis Alava, fusilatu egin zuten egunsentiarekin batera duela 70 urte. Geroztik, Alava Sarea izena du.

Josu Chueca
2013ko maiatzaren 05a
Eskuinetik hasita bigarrena, Bittori Etxeberria, elkartasun sarearen sortzaile eta sustatzailea. Harekin, ezker-eskuin, Tere Verdes, Delia Lauroba eta Itziar Mujika, sarearen kolaboratzaile nagusiak. Atxilotuak izan aurreko argazkia da honakoa.Sabino Arana Fundazioa

1943ko maiatzaren 6an, ohiko heriotza segizioa Porlierreko kartzelatik abiatu zen Madrilgo Almudenako hilerrirantz. Hamar errepublikar eta sozialista zeramatzan kamioiak hilerriko hormaren kontra fusilatzeko, eta horiekin batera jelkide bat, Luis Alava Souto. Leku horretatik hurbil zegoen Las Ventaseko emakume presoek egunsentiarekin batera  tiro hotsak entzun zituzten, beti bezala. Baina han giltzapeturiko lau euskal emakumek (Tere Verdes, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Itziar Mujika) ongi zekiten egun hartako fusilatuen artean zegoen Luis Alava hura nor zen. Alde batetik, burkide eta sumario-kide izan zutelako, eta bestetik, bezperatik zekitelako “kaperan” zegoela, hau da,  fusilatzeko zorian.

Fusilatze horrek ebatzi zuen 1942ko irailetik denen burutan zegoen galdera: ea frankistek gauzatuko zuten azken zigor hori edo amore emango zuten egindako gestio diplomatiko eta politiko askoren aurrean. Bistan da ohiko aukerak irabazi zuela. 1939ko maiatzetik 1944ko otsaila arte 269 fusilatze kolektibo izan ziren Madrilgo hilerri hartan eta 2.663 lagun hil zituzten. Bigarren Mundu Gerrak norabidea erabat aldatu zuen arte, frankistek ez zuten inolako konplexurik izan ia astero halako sarraskiak egiteko.

Luis Alavaren heriotzak, frankisten gupidarik eza erakusteaz gain –sare hori hiru urte lehenago desegin zutenean erabat geldirik zegoen–, bertan aritu zen taldeari izena eman zion. Ordutik aurrera Alava Sarea gisa igaro da herri memoriara eta komunikabideetara.

Baina hilketa tamalgarri horrek izenetik harago doan ekimenean izan zuen jatorria. Erakundaren amaieran Luis Alava dugun arren, abiapuntuan eta jardunean erantzukizun handiagoa izan zuen jendea zegoen.

Elizondotik Baionara Santoñan barrena

Arestian aipatu ditugun emakume horiek izan ziren aitzindari Alava Sarea eratzen. Kantabria aldean euskal armadaren zati handi batek egindako errendizioaren karira sortu zen. 1937ko abuztuaren amaieran Santoñan eta Laredon hainbat euskal buruzagik italiarrekin hitzarmena sinatu zuten eta Eusko Jaurlaritzako agintariek berri zuzen eta zehatzak nahi zituzten, hura betetzen ari ote zen eta nolako ondorioak zituen jakiteko.

Presoen baldintzak eta egoera ezagutu nahian, Jose Maria Lasarte diputatu jelkideak eskaria egin zion Bittori Etxeberria baztandarrari. Etxeberria hariak mugitzen hasi zen Elizondon, Euskal Herriko lehen elkartasun sarea eratzeko. Bera izan zen lehen kate-begia Ipar Euskal Herrian zeuden buruzagi jelkideekin lotura izateko, eta era berean, gainontzeko euskal lurraldeetan preso zeudenekin bitartekariak lortzeko.

Etxeberriarekin batera emakume bi, Delia Lauroba eta Itziar Mujika donostiarrak, arduratu ziren Santoñan gertatutakoaz eta El Duesoko presondegiaren egoeraz datuak lortzen. Aitzakia ona zuten biek hara hurbiltzeko eta informazioa eskuratzeko. Laurobak  Jose Azurmendi senarra preso zuen El Dueson, eta Mujikak ere bi anaia zituen giltzapetuta, bata El Dueson eta bestea Ondarretan. Bilboko eta Burgosko kartzelekin lotura izateko, beste emakume bat izan zuten lagun, Tere Verdes bilbotarra, haren anaia Jose, Larrinagako eta Gaztelako espetxeetan egon baitzen.

Sare horretan, Bittori Etxeberria ezinbesteko izan zen, informazio guztia mugaz bi aldeetara eramateko arduraduna baitzen. EAJren buruzagiek Eusko Jaurlaritzarentzat idatziriko Barne Zerbitzuaz txostenean, Etxeberriaren rola goraipatzen da: “Pepitarengandik (Bittori Etxeberriaren gerra izena Pepita Etxano zen) sortu zen erakundea. Hark egin zituen lehen urratsak; hark zabaldu zuen bidea. Egun, harreman ororen funtsezko oinarri izaten jarraitzen du. Laredoko azken unean, Pepita Etxanok ezkutuko txangoa egin zuen hara. Jarraian, berarekin elkarrizketatu ginen: probidentziazkotzat jo genuen. Berak ezagutzen zituen bitartekoak eta isolaturik zeuden hainbat abertzale, giza ekimenetan eta elkartasun lanetan zihardutenak… Hasieratik esan zigun bitartekoak zituela, esku onez eta erabateko ziurtasunez, mugaz bi aldeetako komunikazioa bermatzeko”.

Lau emakume horiek harilkatu zituzten sarearen atalak, azkar bezain sendo, eta Euskal Herritik harago hedatu zuten gainera. Abiapuntua Baionan izan bazuen ere, laster Baztanetik Iruñera, Donostiatik Bilbora nahiz Gasteiza, eta geroxeago, euskal presoak sakabanaturik zeudenez, El Duesora, Burgosera, Dueñasera eta Puerto de Santa Mariara heldu zen elkartasun sarearen eragina.

Hedapenean aurrera eramateko, hainbat partaideren laguntza izan zuten euskal lurralde orotan. Araban esaterako, Etxeberria Luis Alavarekin jarri zen harremanetan, eskualde horretako arduradun izan zedin. Nafarroan aise lortu zuen erakundea zabaltzea, talderik handiena osatuz. Bereziki muga lanetan aritu ziren Esteban Etxeberria, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza baztandarrak, baita Felipe Oñatebia, Modesto Urbiola, Rafael Goñi Latasa eta Felix Ezkurdia ere. Gipuzkoan ere talde ederra jarri zuten lanean: Iñaki Barriola mediku ospetsuaz gain, Inocencio Tolaretxipi, Rafael Gomez Jauregi eta Patxi Lasa. Bizkaiko taldea txikiagoa zen eta Tere Verdesengan oinarritu zen, kolaboratzaile batzuk izan zituen arren, hala nola Julian Agirre eta Antonio Causo.

Sarearen helburuak

Gatibu zegoen euskal armadaren gehiengoaren patua atzemanda, presoen aldeko laguntza sustatzea izan zen eginbehar nagusia. Garrantzitsua zen erbestean zeuden buruzagien eta kartzeletan zeudenen arteko lotura mantentzea. Esaterako, preso zeuden Juan Ajuriagerra eta Jesus Solaun, harremanetan jarri zituzten mugaz bestaldean zeuden Jose Mari Lasarte, Ramon Agesta eta Juan Iturbe buruzagi jelkideekin. Espetxeetako informazioa Baionara eta Parisera bidaltzea zuten helburu, presoek zituzten zigorrak, heriotzarakoak bereziki, nazioarteko eragileen bitartez eragozteko.

Egundoko garrantzia izan zuten sarekideek eskuratutako zigortuen zerrendak, epaiak eta sumarioak, preso askoren bizitzari eusteko. Era berean, gerra amaitu baino lehenago burutu zituzten bi aldeetako presoen trukaketak aurrera eramateko, funtsezkoa izan zen beraiek bidalitako informazioa. Sarritan, sareak egindako lana alferrikakoa izan zen presoen bizitza salbatu edo askatasuna erdiesteko, baina beste batzuetan, heriotza zigorrak beste zigor batzuekin ordezkatzea lortu zuten.

Gerra amaitu ostean, egoera larriagotu egin zen. Alde batetik, presoen trukaketak bukatu zirelako, eta bestetik, errepresioa orokortu egin zelako. Kartzelen eta espetxeratuen kopurua ugaltzeaz gain, beste esparru errepresiboak –lan batailoiak eta kontzentrazio zelaiak– nonahi zabaldu zituzten Espainia frankistan. Hala, gatibu eta zanpatuekiko elkartasuna handitu egin zen, baita haien inguruko informazio beharra ere. Europan barrena erakutsi behar zen erregimen frankistaren errealitate errepresiboa, Britainia Handiak eta baita Frantziak ere –Jordana eta Bérarden arteko hitzarmenen ondorioz– onetsi zuten hura.

Baina informazioa ez zen presoen gaira mugatzen. Sareak izan zuen bigarren ekimena Espainiako Estatuari buruzko informazioa hornitzea izan zen. Gero eta okerragora zihoan egoera politiko-militarrari buruzko jakin-minak bultzatuta, jatorriz presoen aldeko sarea zena informazio sare ere bihurtu zen. Nazioarteko testuinguruak, Bigarren Mundu Gerraren bezperako egoerak, informazio nahi hori areagotu zuen gainera. Espainiako Gerra Zibilaren osteko giro gero eta liskartsuagoan, Frantziak eta Britainia Handiak beharrezkotzat jo zuten Pirinioetako alde bietan informazio ahalik eta zehatzena izatea.

Alava Sareari esker eta Eusko Jaurlaritzen bitartez, jakin zuten non zegoen Espainiako armada zabalduta, zenbat gotorleku eta kuartel zeuden mugaldean, itsasontzien mugimenduak nolakoak ziren, alemaniarren joan-etorriak, Espainiako barne egoera sozio-politikoa… Erakundearen eraginkortasuna itzela izan zen. Ia astero igorri zizkien erbestean zeuden Eusko Jaurlaritzako buruei agiriak eta informazio sortak. Parisko egoitzan sareari atzemandako txostenak zioen “liburuak, aldizkariak eta antzekoak aparte utzita, 1.242 agiri” jarri zituztela Jose Antonio Agirreren gobernukideen eskuetan.

Eraginkortasun hori esplikatzeko, kontuan izan behar da klandestinitatearen nekeak modu egokian eraman zituztela. Sareak iraun zuen bitartean, partaide batek baino ez zuen ospa egin behar izan, Agustin Ariztiak, polizia haren atzetik ibili zelako. Gainerako guztiek sareak bezainbeste iraun zuten jardunean, harik eta Parisen atzemandako txostenak Espainiako polizia haien arrastoaren atzetik jarri zuen arte.

Espetxea barrutik, heriotza larrutik

Alemaniarrek Paris hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak Avenue Marceau-n zuten egoitza eskuratu zuten frankistek –gaur egun, itzulerarik gabeko lapurreta dela medio, Cervantes Institutuaren egoitza dena–. Gestapoko kideek eta polizia frankistek han aurkitu zuten Barne Zerbitzuaz txostena. Dokumentu horretan, izengoitiak eta gerra izenak erabiltzen ziren arren, ezaugarri eta datu asko zetozen sarearen gorabeheren inguruan: nola sortu zen, nortzuk osatzen zuten, zer nolako jarduna izan zuen… 1940ko ekainaren bukaera zen eta handik aurrera miaketak egiten hasi ziren polizia eta militar frankistak.

Sareko ordezkariek 1940ko abenduan azken bilera egin zuten Gasteizen, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako egoera ikusirik, erakundea bertan behera uztea erabakiz. Artean, ez zekiten faxistak haien lorratzari segika zebiltzala jadanik. Polizia frankistak sareko kideen berri zehatza zuen. Erakundea desegin eta astebetera lehenbiziko atxiloketak izan ziren, sarea sortu zen tokian, Baztanen. Bittori Etxeberria, anaia Esteban eta Felicitas Ariztia harrapatu zituzten lehen  kolpean. Jarraian, atxiloketak ugaritu ziren Iruñean, Gipuzkoan, Gasteizen eta Bilbon. 1941 hasi berria zela, Madrilera 28 atxilotu eraman zituzten, Ondarretako, Iruñeko eta Larrinagako kartzeletatik igaro ostean.

Madrilgo espetxe eta checa edo atxilo-guneetan sakabanatu zituzten atxilotuak. Hasieran guztiak Fomento kaleko checan egon baziren ere, lehen itaunketak egin ostean, emakumeak Las Ventasko espetxera eraman zituzten eta gizonezkoak Porlierrera. Aukera paregabea izan zuten ezagutzeko, murruen barrutik, zein zen Espainiako kartzelen egoera latza: jende metaketa ikaragarriaz gain, gaixotasunak, gosea eta batez ere heriotzari beldurra, saca-k –presoak ziegetatik atera eta fusilatzea– indarrean zeudelako.

Sarean ibilitako asko heriotzatik gertu izan ziren, 1941eko uztailaren 3an epaitu ondoren kondena oso gogorrak jarri baitzizkien tribunalak: 19 heriotza-zigor eta gainerakoentzat kartzela zigor luzeak. Dena den, epaiari helegitea jarri zioten eta 1942ko irailaren 18an bigarren epaiketa izan zuten. Horren ondorioz, heriotza bakarrera –Luis Alavarena– eta kartzelaldi luzeetara mugatu zuten zigorra.

Behin betiko zigorrak jasota, Luis Alavaren bizia nola edo hala salbatzen ahalegindu ziren, kalean zeudeneko lana gogora ekarriz. Baina hortik aurrerakoak diktadura basatiaren magaletik burutu behar izan zituzten, eta Luis Alavaren kasuan, arrakastarik gabe gainera. Porlierren eta Las Ventasen gelditu zirenentzat, burkide haren heriotza 1937an hasitako ekimen solidarioaren pasarterik tristeena izan zen. Hori dela-eta, beraien eta herriaren  oroimenean, orduz geroztik Alava Sarea da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Oroimen historikoa

Oroimen historikoa kanaletik interesatuko zaizu...
Erorien Harana
Frankismoa deseraikitzeko lanak

Hamarkada luzez errukirik gabe herritarrak erreprimitu zituen Francisco Franco diktadorearen hezurrak Erorien Haranetik ateratzeko eztabaidak, agerian utzi du faxistak ez zirela marmolezko lauza baten azpian lurperatuta geratu.


Polizia ikerketa adierazpen askatasunaren kontrako erasoa dela esan du 78ko Sanferminak Gogoan plataformak

Sanferminetan 1978ko inpunitatea salatzeko balkoietan jarritako pankarten ardura bere egin du kolektiboak, eta "estatua kalumniatzeagatik" deklaratzera deitutako herritarren kontrako diligentziak ixteko eskatu.


Pasaiako badia
MULTIMEDIA - dokumentala

Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen 1985ean. Oraindik justizia egin gabe, Espainiako Estatuak ezkutarazi nahi izan duen hilketari buruzko kontakizuna eskaintzen du film honek.

Oinatzak Produkzioak-eko Yuri Agirre, Erik Aznal eta Xabier Otamendiren lana, On Produkzioakeko Iban Toledo kameralaria, Olaia Sanchez soinu teknikaria eta Izeia Urdanpilleta makilatzailearen laguntzarekin.


Sanferminak 1978
Herri boterearen kontrako asaltoa

Komeni da gogoratzea. 1978ko Sanferminak “hautsi” zituztenak zein izan ziren ez ahaztea. Azaltzea zer ari zen ernetzen Nafarroako eta Euskal Herri osoko jendarte iraultzailean, eta zer zapaldu nahi izan zuten kaleak gorriz tindatuz. 40 urte geroago, Iruñeko Udalaren enkarguz aditu talde batek egindako txostenak argi utzi du: eskarmentua izan zen, zigorgabetasunak estalitako gizateriaren kontrako krimena.


Sanferminak 1978
Bego˝a Zabala: "Orain badugu ikuspegia esateko errepresio global bat egon zela"

Iruñera 1977an iritsi zen Begoña Zabala (Getxo, Algorta, 1950) eta lehen lerrotik bizi izan zuen zezen plaza barruan zein kanpoan 1978ko Sanferminetako poliziaren erasoa. Abokatua lanbidez, gertaera haiek argitzeko adituen ikerketa batzordeko kide da eta alde juridikoa landu du. 70eko hamarkadatik mugimendu feministan buru-belarri aritutakoa, Feminismo, Transición y Sanfermines del 78 liburua kaleratu berri du.


Oroimenaren bideak
MULTIMEDIA - dokumentala

Memoria historikoa eta frankismoaren biktimak protagonista dituen film dokumentala. Marisa Paredes, Marcos Ana, María Casares, Francisco Etxeberria, Natividad Rodrigo, Jorge Semprún, Emilio Silva edota German Jauregui ageri dira lan honetan, baita lan honen zuzendari José Luis Peñafuerte.


EAEko Espainiako Gobernuko ordezkariaren ustez Martxoak 3ko hildakoek ez dute lekurik Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroan

 Jesus Laza ordezkariak dionez “gertatutakoa ez zelako terrorismoa izan”. Martxoak 3 elkarteak salatu du “memorialak memoria apartheida planteatzen duela” eta “estatuko terrorismoa” dela gaineratu dute Hala Bedik jaso duenez.


2018-07-01 | Ander Perez
Kolonbia
Bakearen nahi eta ezina

Bake akordioen ondorenean bizi da Kolonbia, bake osora iritsi nahi eta ezinean. Herrialdeak normaltasun itxura eskaintzeko ahaleginean dihardu, baina indarkeria gorde du oraindik barrenean. Hitzarmenak betetzeko zailtasunei, negoziazioen aurkari nagusi izan den uribismoaren itzulera gehitu behar zaie orain, Ivan Duque presidente berriaren eskutik. Momentuz, agindu du ez duela bake akordioa “birrinduko”, baina aldaketak aurreikusi ditu.


2018-06-28 | ARGIA
Albertia Egunean oroimen historikoaren "izaera kritiko eta erreibindikatiboa" nabarmenduko dute

Datorren igandean ospatuko dute Albertia Eguna, izen bereko tontorrean, "Euskal Herrian ospatzen den oroimen historikoari buruzko ekitaldi beteranoena", Eusko Lurra Fundazioaren aburuz.


2018-06-27 | Erran .eus
Alava Sareari buruzko erakusketaren irekiera ekitaldia eginen da Elizondon, hilaren 29an

Ekainaren 29an inauguratuko da eta ekainaren 30etik uztilaren 18ra bitarte bisitatu ahal izanen da


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude