Camembert helburu-tik lanbasa baino gutxiago mugitu den Enekoitz Ramirez da Zintzoen saldoan nobelako protagonista. ETAko kide ohia, preso izandakoa, arte salerosketan ibilia eta orain jatetxe-lapurra. Sukaldari garesti horietako baten diru kutxari hautsak nola kendu prestatu bitartean, sukaldaria hilko dute eta komisaldegian bukatuko du Ramirezek, oraingoan ezer egin ez duen arren. Hortik aurrera, fidantza ordainduko dion abokatu bat, hilketa bide ofiziosoetatik ikertzeko eskaintza eta Ramirez gaiztagina beste bandokoentzat, zintzoentzat, lanean.
Pertsonaia bera den arren, 1998ko liburu hibrido hura baino konbentzionalagoa da azken hau, ekintzekin tartekatzen diren hainbat digresio gorabehera, bete-betean nobela beltzaren eremuan kokatzen da.
Protagonistak “zintzoen saldoa” osatzen dutenekin dauzkan elkarrizketak kontraste komikoz beteak daude. Dialogo horien bizitasuna eta adierazkortasuna nobelaren puntu sendoenetakoa da eta protagonistaren izaera mamitzen laguntzen du: Alonsok konplexurik gabe sortu dio hanpa euskaldunari hitz egiteko erregistro oso bat. Hori bai, bitxia egiten da –tarteka sinesteko gogor samarra ere bai–, Ramirezek hainbat pasartetan erakusten duen erudizioa, ironiaren zerbitzura badago ere.
Difuminazio moduko bat ere bada: zintzoen eta gaiztoen arteko bereizketa-lerroa lausoa dela adierazten du, ustezko gaizkileak ustezko pertsona eredugarrien lohikeriaz harritzeraino. Eta horretarako “gure” famatu jatorrenak diren eliteko sukaldarien trapu zikinak erakusten ditu. Nola lortzen diren Michelin izarrak, zein den luxuzko jatetxeen negozio-eredua eta noraino irits daitekeen chef prestigiotsuen dibertsifikazio-estrategia, besteak beste.
Generoaren ezaugarriak ondo menperatzen ditu Alonsok; eta akaso amaiera aldean, Ramirez Mexikora doanean, apur bat desbideratzen bada ere, nota onarekin pasa du irakurle honen azterketa. Angulen eta arrautzikaren inguruko albisteak eguneroko aperitifa ditugun garai hauetarako plater gustagarria.