Txapelketa baten geografia

bertsoa.com

Xabier Silveirak Anaitasunan jantzi du txapela, pasa den larunbatean jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken edizioan. Iruñeko kiroldegian erdietsi zuen lesakarrak zazpigarrena. Ez zen hura jokatu zen sari preziatu bakarra, Euskal Herrikorako lau txartel banatu baitziren 1.500 bertsozaleen aurrean.

Giro epela Hiri Buruzagian. Zumarragako lehengusuak ez du hutsik egin, bostak baino lehen harmailetan da, Julen Zelaietaz galdetu dit. Ezin du Nafarroako final bat irudikatu beratarraren parte-hartzerik gabe. Bertso-saio batek umorea behar du dialektikan eta finala ez da horretan salbuespena. Zelaieta kantxan da, kazetarien artean, ez dira aspertuko Xorroxin irratiko entzuleak. 31 bertsolarik jardun dute aurtengo edizioan, eta horietatik gehienak peto gorriz jantzirik gora eta behera lanean ari dira saioa hasi aurretik.

Lizarratik Iruñera

Txapelketaren kronika laburra egin behar izan diot lehengusuari. Lizarran eman zitzaion hasiera aurtengo edizioari, zeresana eman zuen saioak, parte hartu zuten seiek hurrengo faserako txartela lortu zutelako eta horietatik hiru, Siveria, Lagoma eta Fernandez finalean direlako. Aldatz, Larraintzar, Ituren eta Zubirin jokatu ziren gainerako final-laurdenak.

Maila onekoak izan ziren Atarrabia eta Etxarri Aranazko final-aurreak, ezin gauza bera esan Elizondoko Lur aretoan jokatu zenaz, Zelaieta eta Elosegi finalerako hautagai ziren, baina Baztanen eten zuten txapelketako ibilbidea.

Argi naturala Anaitasunan, zortzi bertsolariak aldageletan dira, baina ez da bertsolaririk falta gure inguruan. Lehengusuak keinua egin dit ezkerraldera begira dezadan. Gugandik hurbil, Lapurditik heldutako bi bertsolari, batak Euskal Herriko finala ezagun du eta inoiz txapelketa honetan hartu du parte, besteak BEC du amets. Goraxeago Durangaldeako koadrila bat, eta bertan lau urtetik behin Anoetan edota Barakaldon oholtza gainean ikusi ohi duguna.

Manoloren uzta

Bittor Elizagoien gure eskuinetik pasatu da, ondoan Manolo Arozena du. Historiari erreparatuz gero, bi horiek dira gaurko festaren errudun nagusietakoak, nagusiak ez badira. Bi txapeldun, bi irakasle. Duela hiru hamarkada Bortzirietan Arozenak hasitako bideari jarraipena eman zion Baztan aldean Bittorrek. Gaur Elizagoienek eman behar du txapela.
Saioa hastear da, harmailak eta kantxa jendez mukuru. Oholtza gainean Oskar Estanga (Gaintza), Julio Soto (Gorriti), Eneko Lazkoz (Etxarri-Aranatz), Erika Lagoma (Lesaka), Xabier Silveira (Lesaka), Aimar Karrika (Auritz), Eneko Fernandez (Lesaka) eta Jon Barberena (Elizondo).

Iruñerriko ordezkaririk ez, inoiz etorriko da hori ere, esan dit zumarragarrak. Duela bi urte Labriten jokatu zen finalarekin alderatuta aldaketa txikia baina esanguratsua, entzule gehiago eta horietako anitz Villavesaz edota oinez etorri dira.

Aimar Karrika ezezaguna da lehengusuarendako, auriztarraren ahots ederraz ohartarazi dit. Eneko Lazkoz duela bi urte Labriten ezagutu zuen, arrazoietan sendo etxarriarrak, lehengusuaren orduko epaia. Ez da jaio Oskar Estangak alaituko ez duen pertsonarik. Aurreko finaletan, Zelaieta eta Estanga han izanda, ez zen irririk falta, honetan, teorian, Oskarren ardura da hori. Jon Barberenak kantatu du azken agurra, dotorezia elizondotarraren bertsokeran.

Gugandik aski hurbil, “Aupa Eneko” adituko dugu saio osoan, lesakarrak dira gure eskuinean ditugunak, bertsolariak eta Nafarroako final batean baino gehiagotan parte hartutakoak.

Ilunabarrean piztu da saioa, sei puntuko motzean ari dira Silveira eta Fernandez, sexu aferak direla eta terapia batera joan behar izan duen bikotea bi lesakarrena. Orain arteko bertsoaldirik hoberena begitandu zaio lehengusuari, eta asmatu du. Horrek eta kartzelan egindako lanak txapela emanen dio Xabierri eta txapelketa osoan zehar erregular eta finalean ausardiaz aritu den Eneko Fernandezek lan horiei esker eskuratu du Euskal Herrikorako txartela.

Buruz burukorik ez

Amaitu da kartzela, kantxan, hamar metro eskasera epaimahaikoak puntu zenbaketan, “ez dago” irakurri dugu baten ezpainetan. Lehengusuak deblauki bota du: “Silveira”.

2009ko Lur Aretoan eta 2011ko Labriten ez bezalaxe, Anaitasunan ez da buruz burukorik jokatuko. Lagun altsasuar baten mezua jaso dut, “Zer?” galderari erantzun behar eta “Ez da SSrik izanen” idatzi diot mezuan. Lagun hori izan zen, 2009ko Silveira eta Soto buruz burukoaren ondoren pozik esan zidana, hau behar genuela Nafarroako bertsolaritzan. Nafarroa Garaian zuzendu nion nik orduko hartan.

Ongi merezita irabazi du Xabierrek. Bi egun lehenago iragarria zuen, 2013ko Silveira batek txapela irabaz dezake, eta Anaitasunan Tigreak hamakaigarrenez frogatu du badakiela bertsotan. Silveira, Soto, Lagoma, Fernandez, Lazkoz, Barberena, Estanga eta Karrika. Lau txartel jokoan eta horietatik hiru Lesakara. Pozik izanen da Manolo, esan daiteke hiruak direla bere uztakoak eta Fernandezen laugarren postuak pasa den urtean egin zen Bardoak lehiaketa moldearen egokitasuna frogatu du, bertsolariak eta bertsozaleak arrunt kontent geratu ziren txapelketa horrekin.

Saioa amaitu da, bertsozaleak kantxako aulkiak jasotzen ari dira, festa hasi besterik ez da egin. Finala, Nafarroan, larunbatarekin egin behar omen da, 150 lagun elkartuko dira Iruñeko sagardotegi batean, festa ez da hor amaituko.

Afaldu aurretik txapeldun izandako batekin solastatu gara. Lehengusuak galdetu dio ez ote zen irekiegia kartzelako gaia, «Seinalea jaso duzu. Orain ez dago atzera bueltarik». Gutako inori egokituz gero, baietz burura ekarri pisu bat erosteko seinalea edota aizkora apustua onartzeko diruarena. Beste garai batekoak dira biak, bien artean mendea egin zuten aspaldi.

Bi ezuste. Bata ona, bestea auskalo ona edo txarra den. Erika Lagomak oso txapelketa ona egin du. Finalaurrekoan askok Sotoren pare ikusi zuten, ez alferrik Atarrabiakoarena txapelketa honetako saiorik hoberena izan da. Bigarren ezustea Sotok, hirugarren txapela ez erdiestea baino, buruz burukora ez ailegatzea izan zen. Lehengusua klarki mintzo da, galtzeak on eginen dio. Euskal Herrikoan gaurkoan izan ez duen tentsioa berreskuratuko du. Argi da, Anaitasuna ez da Julio Sotoren plaza, duela lau urteko Txapelketa Nagusian kiroldegian galdu zuen finalera pasatzeko zuen aukera eta honetan aditu gehienek aldez aurretik eman zioten hirugarren txapela.

Afarian ziren gehienek, Nagusia baino, hurrengo urteko Bardoak lehiaketa zuten gogoan. Festa egunargiz amaitu zen, paga-ezina da lehengusua Zenborain (Untzitibar) herriko alkatearekin bertsotan entzutea. Zabala Nafarroa Garaiko bertsolaritzaren geografia, zabalduko den geografia.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude