Mamografiek ona dute asmoa, baina emaitza nolakoa?

  • Idatzi du Bernard Duperray mediku eta erradiologoak: “Bada hogei urtez goiti bularreko minbiziarentzako mamografia bidezko diagnostiko indibidual eta masiboa dagoela antolatuta, loturik demagogia baizik ez den propagandari, zeinak laudoriatzen baititu etekin onuragarriak eta ezkutatzen eragin kaltegarriak”.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2013ko martxoaren 31
Online Healthcare Services erakundearen irudian medikua emakumeari azaltzen bere mamografiaren zertzeladak. Pharmacritique gunean Bernard Duperrayk azaldutako kritiken antzekoak zabalduta daude Mendebalde osoan eta gaixotasun askoren prebentzio eta tratamenduez. Hain zuzen "Surmedicalisation, surdiagnostics, surtraitements" gaiak landuko dituzte maiatzaren 3 eta 4an Parisen Bobignyko Medikuntza fakultatean burutuko diren jardunaldiek. Surmedicalisation guneak honela laburbiltzen du afera: "Gaixoen eta, gero eta gehiago, sano daudenen mesederako omen direlako argudioz ezarri dira diagnostikatzeko metodo, tratamendu eta kirurgiak, erantzuten dietenak gaixoen eskariei baina baita galbaheketa programei, hauek lortzen dituzten onurak funtsez demostratu gabe eta sarritan beren arriskuak ondo ebaluatu gabe eta horien informazio guztiak eskaini barik".

Zilegi ote da auzitan jartzea kantzerra prebenitzeko antolatuta dauden kanpainak? Ez ote da azpilana egitea osasungintza publikoan murrizketak egiten ari diren indar erreakzionarioei? Ez du emango katastrofismo merkeetan dabilenaren itxura? Eztabaidaren garrantziagatik bederen onartuko al zaigu gaian eskua sartzea.

Kontua da Europa osoan, eta berdin Ipar Amerikan, kantzerraren inguruan multinazionalek antolatuta daukaten negozioaren salaketa orokorra gaindituta, mediku eta gaixo talde serio batzuk –minoritarioak, hori bai– ari direla auzitan jartzen minbiziaren prebentzioan urteotan erabiltzen diren teknikak.

Berrikitan Arte telebistan ikusi ahal izan zen Touche pas à ma prostate (Ez ukitu nire prostata) dokumentala, zeinetan klase askotako medikuek eta prostata operatutako gizasemeek hitz egiten zuten kantzer mota horren inguruan antolatuta dagoen industriaz, eta zehazki diagnostiko goiztiarrak eta ondorengo alferrikako terapiek beren ustez dakartzaten kalteez.

Arte-n prostataz entzun zirenak ederki josi litezke ondoko lerrootan aipatuko den beste kantzer motarekin eta horrentzako prebentzio neurriekin, alegia gure ama, emazte eta arrebei egiten zaizkien mamografia bidezko testen inguruko eztabaidarekin.

Medikuntza alopatiko ortodoxoaren barnetik osasungintzaren metodoak begirada kritiko batez aztertzen dituen Pharmacritique gunean gaia laburbildu du Bernard Duperray doktoreak artikulu bikain honetan: “Trente ans de dépistage du cancer de sein: bonne intention et obstination dans l’erreur pour un résultat monstrueux”. Euskaraz emango luke: “Hogeita hamar urte bularreko minbizia galbahetzen: asmo ona eta errorean egoskortzea, azkenik emaitza beldurgarrira iristeko”.

Galbahetzea itzuli dugu dépistage frantsesezkoa, espainolez cribado esaten dutena eta ingelesez screening, katalanez cribatge. Hots, adin tarte jakin bateko emakume guztiak harturik denei froga jakin bat egin, mamografia bana, hasieran egon daitezkeen kantzer txikiak aurkituz gaitzaren garapena prebenitzeko.

Bernard Duperray mediku eta erradiologoa da, senologian ari da 1971tik. 1993an Paris ondoko Oise departamenduan antolatu zenean minbiziaren baheketa egiteko elkartea, bere batzorde zientifikoko presidente izan zen. Aitortzen du gaiaz zalantzak zeuzkala 1980ko hamarkadatik, baina 1995ean berretsi zuela bere begiekin prebentzio sistema honen  porrota.

Urte hartan bertan, 1995ean, dimitituz aurkeztu zuen idatzian garbi esan zuen Duperrayk: “Emakumeek ez daukate gaur egun batere bermerik sistemaren eraginkortasunaz, ez eta ere, okerragoa dena, eragin kaltegarriak mesedeak baino handiagoak ez izatearen bermerik”. Geroztik uko egin dio mamografia orokortuen bidez emakumeen galbahetzeari.

Sobera diagnostikatuak

“Bularreko minbizia –hasten du Pharmacritiqueko artikulua Duperrayk– da gaur egun emakumeen kantzerrik hilgarriena. Ez da ikusten jaitsiera nabarmenik bularreko minbiziagatiko hilkortasunean. Jaitsiera ikusten den lekuetan, berdin aurkitzen da bahetik pasa direnen eta ez diren emakumeen artean”.

Frantzian lau aldiz mamografia gehiago egiten diren arren Ingalaterran baino, Europako hilkortasun tasa txarrenetakoa dauka. Masektomiak –bularra kentzeak– ugaritzen ari dira, neurri handiagoan galbahetik pasatakoen artean.

Frantzian, dio Duperrayk, prebentzio sistema 1987an senologia elkargoak erabakitako printzipioen gainean antolatu zen. Bularreko minbiziaren teoria finkatu zen: zelula kantzerigeno batetik metastasiraino doazen urrats eta epeak.

Honen arabera, zenbat eta beranduago diagnostikatu, orduan eta aukera gutxiago dauzka gaixoak hobera egiteko. Ordura arte klasikoak ziren bi azterlanetan oinarritzen ziren, 1963an New Yorken egindako batean eta 1985ean Suedian egindako beste batean. Bien arabera, mamografia bidez garaiz hautemateagatik kantzerren hilkortasuna %30ean gutxitua omen zen.

“Tamalez –dio Duperrayk– eraikuntza teoriko eder hori guztia erabat gezurrezkoa dela ikusi da”.  Batetik, esperientzia klinikoak gezurtatzen duelako: minbizi txikia ez da beti goiztiarra, txiki segitu dezake luzaz; txikiak ez du esan nahi pronostiko ona daukanik; gaitzaren garapena ez da ez saihestezina, ez denboran zehar lineala.

Gehiengoaren teoriari Duperrayk aurkitzen dion bigarren objekzioa teknikoa da: azterketa kliniko bat gabe sinesgarritasuna galtzen dute mamografiek. Mamografien kalitatea hobetzeko egin dira ahaleginak baina “lesio gehiago aurkitzeko gai garen arren, ez dakigu haien garapenaz gehiago. Ondorioz, zenbat eta efikazagoak [tumoreak] aurkitzen, orduan surdiagnostic [gehiegizko diagnostiko] gehiago sortu dugu. (...) Baldintza hauetan, zenbat eta gehiago hobetu, orduan eta perbersoagoa bilakatzen da galbaheketa bere ondorioetan”.

Hirugarren objekzioa epidemiologian aurkitzen du Duperrayk. Mamografia orokortuen planifikazioa antolatu baita aipatu bi ikerlan amerikar eta suediarren ildoan, geroztik egin diren lanek gezurtatu dituzte haien emaitzak. Frantzian 1997an Paul Schaffer epidemiodologoak plazaratu omen zuen: “Tumoreen galbahetze kanpaina: zuhur jokatu behar dugu”. Geroztik  ikerlan gehiago plazaratu da, tartean 2000an Cochran Groupek egin zuena, ondorio beretara helduz.

Gakoa ei datza surdiagnostic horretan. Froga batean, izan bularrekoa edo prostatakoa, norbaiti “gaixotasuna” aurkitu diotenean, behar bada aurkitu ez baliote bizi osoan arazorik ekarriko ez liokeena, diagnostiko hori medikuntzaren ikuspegitik zuzena da baina pertsonari ez dio balio. Nola jakin egokia den ala gehiegizkoa diagnostiko bat pertsonaren ikuspegitik? Epidemiologiak dauka erantzuna, ikusi denez.

Eta epidemiologiak, gizarte bateko pertsonek nozitzen dituzten gaixotasunak aztertzen dituenean, zer dio? Mamografien ugaritzeak ez dituela gutxitu heriotzak, ezta bularreko kantzer aurreratuak ere. Sintomarik ez duten emakumeen artean bularreko minbizia espero zen baino ugariagoa dela. Froga klinikoetan aurkitutako minbizi histologikoa ez dela derrigor gaixotasuntzat hartzekoa. Kantzer batzuek berez egiten dutela atzera. Minbiziaren jatorri eta garapenaz dagoen historia natural osoa berraztertu behar dela.

Beren bularren jabe diren emakumeek ba­dute honetan eztabaidagai galanta.

Kanal hauetan artxibatua: Medikuntza  |  Generoa

Medikuntza kanaletik interesatuko zaizu...
Gizona ala emakumea? Medikua

Lurmutur Hiria (Hegoafrika), 1826. Britainiar Armadako zirujau James Barry erditze batean laguntzen ari zela, haurra kirurgia bidez ateratzea beste erremediorik ez zegoela konturatu zen. Zesarearik sekula egin gabea zen, eta aurrez soilik hiru kasu arrakastatsu irakurriak zituen (ama eta haurra bizirik atera ziren kasuak, alegia). Eta Barryk ere biak bizitzea lortu zuen. Horrenbestez, Afrikako eta Britainiar Inperio osoko lehen zesarea arrakastatsua egin zuen.


2017-09-10 | Oier Aranzabal
"Dopin genetikoa negozio ikaragarria izan liteke batzuentzat"

WADA (World Antidoping Agency) erakundearen arabera, 2008tik erabiltzen da dopin genetikoa. Baina oraindik ez da kasu bat bera ere ezagutu. Ez baitago detektatzeko modurik. Adrian Odriozola EHUko genetika irakasleak eta bere kideek, diru faltagatik, bertan behera utzi behar izan zuten detekzio sistema aurkitzeko abian zuten ikerketa. Hala ere, kirola eta genetika uztartzen segitzen du Odriozolak berak sortutako KirolDNA enpresan.


Euskaraz ezin bada ikasi, mediku euskaldunak nola?

Medikuntzako graduazio ekitaldian ozen esan zuen ikasleak: Medikuntzako euskarazko adarrean ematen dugu izena, baina ezin dugu euskaraz ikasi, eta guk mediku euskaldunak izan nahi dugu. Leioako campusean lehen hiru urteak egiten dituzte, euskaraz. Bigarren zikloan, ezin ordea. Hizkuntza Planak dio urte honen hondarrean derrigorrezko irakasgai guztiak euskaraz irakatsi behar direla. Onenean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, irakasgaien %71 dira euskaraz, okerrenean, Gasteizen, %0.


2017-06-04 | Uxue Apaolaza
"Medikuntza eta psikiatria gizartetik bereiz daudela uste dugu, baina ez da hala"

Itxaso Martinek (1981, Donostia) nobela bat idatzi zuen, Ni, Vera, azken urteak psikiatrikoan eman zituen birramonaren historian oinarrituta. Oinarri bera izan zuen master baterako egin zuen ikerketa-lanak, eta hari horri tiraka, garaiko psikiatriko bateko (1937-1950) 500 historia irakurri eta birramonarenari haien arteko zazpi emakumerenak gehituta ondu du Eromena, azpimemoria eta isiltasuna(k) idazten: Hutsune bihurtutako emakumeak garaiko gizartearen eta moralaren ispilu izeneko tesia.


"Mediku zirkuituen bidez lor daiteke lehenetsitako hizkuntzan arreta jasotzea"

Bidane Petralanda Mendiola EHUko Medikuntzako ikasleak gradu amaierako lana martxoan bukatu zuen: Osasun profesionalaren eta pazientearen arteko hizkuntza-mugei aurre egiteko euskarazko asistentzia zirkuituen esperientzia. Osasungintza eta euskara lotzen dituen lehenengo lana da. Ikerketa Dublinen aurkeztu berri du, osasun arreta integratuaren inguruko konferentzian.


2017-02-26 | Hegoi Belategi
Lasaitzeko pilulak, kezkatzeko arrazoiak

Aste batzuetarako aurreikusita dagoen tratamendua hogei urtez luzatzea, horixe da sendagai antsiolitikoak kontsumitzen dituzten milaka pertsonaren egoera. Bentzodiazepinen multzoko botikak gaixoei eragiten dien menpekotasuna kezka bihurtu da sendagile eta osasun arloko profesional ugarirentzat, botika psikotropikoaren albo-ondorioak betikotzen baititu. Luzaz hartzen badira, erroko gaitza ez sendatzeaz gain, asko baldintzatu dezakete gaixoaren eguneroko bizitza. Informazioa eta sendagileen... [+]


Ikerketa klinikoak desitxuratzeko medikuak erosi izana salatu dute

British Medical Journal (BMJ) aldizkariaren artikulu batek salatu du enpresa farmazeutikoek medikuak erosi dituztela balio gabeko ikerketak egin ditzaten Alemanian. Ikerketaren arabera, medikuek ia 20.000 euro jaso dituzte batez beste komertzializazio osteko ikerketa bakoitzean parte hartzeagatik.


Zergatik ez dira jaiotzen haurrak asteburuetan?

Zesarea eta eragindako erditze kopuruek gora egin dute. Bi esku hartzeak astelehenetik ostiralera egiten dira. Eta zergatik egin dute gora bi interbentzioek?


Medikuen eta pediatren lautik bat ez da gai euskaraz egiteko

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak), erakundeak berak biltzen dituen 76 udalerrietan familia eta larrialdi medikuen eta pediatren euskara gaitasuna neurtu du. 76 udalerriak Hego Euskal Herrian daudenez, Osakidetzako eta Osasunbideako profesionalak dira denak. 289 profesional zenbatu dituzte UEMAko udalerrietan. 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Familia eta larrialdi medikuen %22 da gai ez dena eta pediatren %35.


Izen okerreko odolbideak

Gorpuetan, arteriak hutsik egon ohi dira. Horregatik, Antzinako Grezian, Praxagorasen garaiko (K.a. IV. mendeko) medikuek ez zuten uste handik odolak zirkulatzen zuenik, aireak baizik. Horregatik artheria izena eman zieten  (“aire-hodia” esan nahi du).

Galenoren (K.o. 129-199) garaitik oker zeudela eta arterietatik odolak zirkulatzen duela jakin arren, odol-hodi horiei ez zitzaien izena aldatu.

Eta jatorrizko esanahiari eusteaz gain “arteria” hitza bestelako... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude